Eneko Boveda. Eibarreko jokalaria

«Une erabakigarria da, eta jokalariok eman behar dugu erantzuna»

Gaur Kordobari irabazi, eta Almeriak ez irabaztea, eta Granadak edota Deportivok galtzea behar du Eibarrek Lehen Mailan irauteko. Eneko Bovedak gauza bakarra eskatu du: «Guk geurea egin behar dugu».

«Une erabakigarria da, eta jokalariok eman behar dugu erantzuna».
Aitor Manterola Garate.
2015eko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Eneko Bovedak (Bilbo, 1988) final kutsuko hainbat partida jokatu ditu aurreko bi denboraldietan Eibarrekin. Mailaz igotzeko ziren horiek denak, eta denetan izan zen irabazle. Gaurkoa ere finala da, baina maila ez galtzekoa. Lehen Mailan irautea du taldeak jokoan. Baikor dago, baina garbi dauka helburua gauzatzea beste zerbaiten ondorio izango dela: «Futbolean ondo jokatu behar dugu; geurea irabazi, eta gero gerokoak».

Aste hau egin zaizu denboraldiko luzeena?

Beharbada, bai. Denok gaude ilusioarekin dena ondo bukatzeko, eta azkar nahi dugu partida heltzea, jokatu eta geure helburua lortzeko.

Beste edozein partidatan baino gehiago aritu zara asteon buruari bueltaka?

Asko gustatzen zait aurkariak aurretik jokatzen ikustea, nork joka dezakeen eta nork ez, nola jokatzen duten, eta horrelako gauzak. Alde horretatik, betiko antzera ibili naiz aste honetan. Gaur [osteguna] jakin dugu, esaterako, Kordoba zein jokalarirekin datorren, eta begiratu dut haien zerrenda hori.

Aurkariaren berri baduzunez, Kordoba izango da azkenaldian izan dituzuen kontrarioen artean samurrena?

Hori ez da jakiten partida jokatu arte. Gure lana erraztu edo zaildu egiten duten gauzak gertatzen dira partidetan. Egia da Kordoba ez datorrela egoera onean, eta, alde horretatik, geure burua gai ikusten dugu haiei irabazteko.

Getafen berdindu izanak haizea eman dizue, baina nola zaudete konfiantzari dagokionez?

Jokalari bakoitza mundu bat da izateko eran, eta denok ez gaude berdin konfiantza aldetik. Baina horren gainetik egon behar dugu denok. Aitzakia kutsua ere bai baitute konfiantza ezak eta horrelakoek. Partida hasten denean, denok eman behar dugu gure onena, bakoitzak berea, eta horretara jarri behar ditugu indar guztiak. Ahaztu egin behar dugu azken aste hauetan gertatzen ari zaigun guztia.

Ahazteko esatea erraza da, eta egitea, ziurrenik, zailagoa. Hala izanik, nola lortzen du jokalariak gaurkoan burua indartsu izatea, gainean dakarkizuen zama hain astuna izanik?

Egunero landu behar da hori. Azkenean, saiatu behar da egunero ondo entrenatzen, eta bakoitzak bere burua aurkitu behar du. Biderik onena hori dela uste dut, baina denok ez gara berdinak. Batzuk urduriago daude besteak baino. Baina gure zeregina zein den garbi dago: futbolean ondo jokatu behar dugu, eta gainerako guztia ahaztu.

Futbolean ondo jokatu zenuten Espanyolen aurka aritu zineten lehen ordu erdian. Une on horiek luzatzea ezinbestekoa izango da gaur hiru puntuak lortzeko, ala nahikoa izango da une on txiki batekin?

Zenbat eta luzeagoa izan une ona, are eta hobeto. Espanyolen aurka, ondo ekin genion partidari, baina, gero, Borjak min hartu zuenean, taldea aldatu egin zen, eta jaitsi egin ginen hortik aurrera. Ondo prestatu dugu partida, eta aterako dugu aurrera. Tarte batez ondo jokatzeko gai den taldea gai da partida osoan ondo jokatzeko.

Kezkatzen zaitu gaur ere aurkariak ezer gutxi eginda gola sar diezazuekeela?

Badakigu gu ez gaudela inoren gainetik erraz pasatzeko, baina Kordoba ez dago ondo. Baikorrak izan behar dugu, eta galdetzen badiozu ikusle neutral bati zein den gaurko faboritoa, Eibar dela erantzungo dizu.

Beraiek aurreneko gola ez sartzea izango da partidako gakoetako bat?

Zaleak berotuta joango dira, guri laguntzeko gogoz, eta, indar horri partida osoan eusteko, taldeak eman behar die zerbait zaleei, eta beste guztia berez etorriko da.

Baduzue esperientzia finalak jokatzen aurreko bi denboraldietan. Helduleku gisa hartu dituzue partida horiek?

Izan daiteke. Partida horietan batasun eta egoera animiko ona lortu genuen denon artean, eta oso prest atera ginen zelaira irabaztera. Nik garbi daukat une erabakigarrietan erantzun egin behar dugula jokalariok.

Zuek irabazi, eta beste emaitza batzuek ere aldekoak izan behar dute. Dena aterako da ondo?

Ez dakit zer gertatuko den beste partidetan. Azkenean, gure esku ez dauden egoera batzuei bueltak ematea da hori. Onena da ez pentsatzea beste partidetan, eta guk geurea irabaztea. Gure lana egiten badugu, orduan hasiko gara jendearen aurpegietara begira, eta horrek emango digu beste partidetako informazio zehatza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.