Mikel Labaka. Futbolari ohia

«Une egokiena da uzteko: ez dut erreta bukatu»

33 urte egingo ditu aurki Mikel Labakak, eta bere urteen bi heren eman dizkio futbolari. Uzteko garaia dela iritzita, egindakoari gainbegiratu bat eman dio.

Aitor Manterola Garate.
Azpeitia
2013ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
«Futbolean hasi nintzenean 12 urte izango nituen, Lagun Onak-en», azaldu du Mikel Labakak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1980), Garmendipe, bere herriko futbol zelaia, parez pare duela. Lau urte geroago, Hirugarren Mailan ari zen jokatzen, herriko taldean, eta handik joan zen Realera. Orain, futbolarekin kito egiteko unea dela erabaki du. Ibilbideari begirada bat emateko aukera paregabea.

Ematen du atzo egin zenuela debuta Realeko lehen taldean, eta hainbat urte joan dira, ia hamarkada bat.

Bai. 2004an izan zen, eta niri ere gertatzen zait gauza bera: ematen du oso gertu dagoela egun hura, baina igaro da denbora, bai. Pentsatzen hasita, konturatzen naiz gauza asko bizi izan ditudala Realean, momentu onak eta txarrak: entrenatzaile asko, presidenteak ere ugari...

Debutatu aurretik, utzita joan zinen Real Unionera eta Murtzia Hirira. Hain zaila da Realeko lehen taldera heltzea?

Batzuentzat zaila da, bai [barrezka]. Gehiengo bat ez da gora heltzen, eta ni ez naiz hasiko kexan berandu heldu nintzela edo ez. Azkenean, hainbat faktore hartu behar da kontuan gora heltzeko: norbere ezaugarriak, zorteak ere balio du... 24 urterekin debutatu nuen bezala, jakitun naiz Realean jokatu gabe ere gera nintekeela edota lehenago debuta nezakeela. Egoera hala egokitu zen, eta ez dago bueltarik. Jose Mari Amorrortu nuen entrenatzaile, kluba harrobira begira jarri zen berriz, eta faktore horiek guztiak baliatu egin nituen.

2007an Bigarren Mailara jaitsi zen Reala, eta taldean zinen zu. Debutatu zenuenetik jaitsierako unera arteko denboraldi zailak egokitu zitzaizkizun.

Aurreneko denboraldia ona izan zen, lasai ibili ginen sailkapenean, baina handik aurrera beherantz hasi ginen, eta, azkenean, mailaz jaitsi ginen.

Jaitsierako denboraldi hari buruzko iritzia aldatu zaizu denborarekin?

Lehen Mailan mantentzea zaila da, eta denborak erakutsi dit hala dela. Begira zein talde ari diren jaisten. Bestalde, futbolaren osagaietako bat da taldeak egiten duenak eragin egiten diola jendeari, eta errudun sentipena izan dezake jokalariak. Gehiegi eragiten dio jendeari, nire ustez, baina hori horrela da. Neure barruarekin lasai nago, beti dena eman dudalako eta ahal dudan lekuraino heldu naizelako; gero, jendeak egin behar ditu balorazioak. Futbolariak pribilegiatuak gara, kanpotik eder ikusten da dena, baina sufritu ere egiten dugu, eta jaitsierako une hura sufritzekoa izan zen. Jakitun nintzen jendeari zer eragin zion horrek, eta norberari ere eragin egiten dio. Baina jakin egin behar da egoera horiei aurre egiten. Bai egoera onetan eta txarretan, lasaitasuna ematen saiatu izan naiz.

Bigarren Mailan zen Reala 2007-2008ko denboraldian, eta orduan azaldu zen Iñaki Badiola. Nolakoa izan zen egoera hura?

Azkenean,gu jokalariak ginen, eta horretara emanak egon ginen. Baina ezin da ukatu agintera datorrenari arreta jartzen diozula. Egoera hartan denok galduta bezala ibili ginen, baina ez dut balorazio askoz zabalagorik egin nahi. Berezia izan zen egoera.

Denboraldi horretan Juanma Lillo izan zenuten entrenatzaile azken zatian, eta hurrengo sasoian ere bai. Ezaguna zenuen, Murtzia Hirian entrenatzaile izan zenuelako. Zenbateko garrantzia izan zuen Lillok Realeko denboraldi eta erdi hartan?

Futboleko lanetik kanpo, Realean bere gain hartu zituen ardura asko, eta oreka eman zion klubari. Bere esparrutik kanpo lan asko egin zuen. Realari mesede handia egin zion garai zail hartan.

Bigarren Mailako azken denboraldiarekin batera iritsi zen nolabaiteko oreka klubera, eta ez emaitza onei bakarrik begiratuz. Harrobia indarra hartuz hasi zen berriz.

Bai. Betikoa da: egoera txarra igarotzen denean, gure sustraiei begira jartzen gara. Tristea da zer garen jakiteko halako egoerak pairatu behar izatea. Ikasgai handia eman zigun egoera txar hark, eta elkarri lagundu behar geniola ikasi genuen. Gipuzkoaren izaerarekin bat ez zetozen egitasmo erraldoiek desoreka baino ez zuten ekartzen Realera, eta sustraietara jo zuen berriz klubak. Realak bide horri eutsi dio, eta egonkortasuna eta emaitza onak heldu dira, nahiz eta futbolean lan ona egiteak ez duen beti bermatzen emaitza onak izatea.

Berriz Lehen Mailari itzulita, jaitsieraren arantza erabat atera zenuen?

Bai, bai. Taldekideok nahi genuen hartutako lekuan uztea Reala, eta lortu genuen. Pisu handia kendu genuen gainetik.

Lehen Mailan zeunden berriz, baina asko ere ez zenuen jokatu. Denboraldi gazi-gozoa izan zen?

Kirolaria zaren aldetik, ahalik eta gehien jokatu nahi izaten duzu. Baina futbola taldeko kirola da, eta jokalari bat bakarra da, bat gehiago. Azkenean, bakoitzari eragiten dioten arazoak taldeari ezin dio eragin. Taldeari lagundu egin behar zaio beti. Realeko aldagelako izaera beti izan da horrelakoa, horixe ikasi nuen nire aurreko jokalariengandik, eta jarrera hori hartzea ez zen nire kontua bakarrik izan.

Erraza al da aldagelan nolabaiteko orekari eusteko ardura izatea?

Ez dakit kanpotik nola ikusten diren gauzak, baina nik ez diot inoiz neure buruari ardura bat jarri Realeko aldagelan. Geuk bizi izandako egoerak helarazi izan ditugu, besterik ez.

Reala uzteko eguna heldu zitzaizun 2011ko udan. Gogorra izan zen?

Bai. Beste denboraldi baterako kontratua nuen, eta ez neukan asmorik Reala uzteko. Alaba geneukan, 31 urte neuzkan, eta nire ibilbidearen bukaeran nengoela sentitzen nuen. Gero zer egin, pare bat astean hartu beharreko erabakia izan zen, eta ez zen erraza izan. Kezka asko izan nituen. Eskerrak eman behar dizkiot Realari, asko lagundu zidalako momentu hartan. Aldaketa handia izan zen nire bizitzan. Ez nekien nora joateko aukera izango nuen, eta, azkenean, Rayoren aukera atera zen.

Zergatik Rayora?

Laster azaldu zuen interesa, baina ezetz esan nion, denboraldi-aurrea Realean egin nahi nuelako. Azkeneko aukera baliatu nahi nuen. Oso zaila zen Realean geratzea, baina halako egoeretan, oso nabarmena den egoera ez dugu onartu nahi izaten. Realak aukera eman zidan denboraldi-aurrea egiteko, eta gero esan nion baietz Rayori. Aukera ematen zidan Lehen Mailan segitzeko. Vallecas auzokoa da, gainera. Tira, gauza onak ikusten nizkion. Beste talde batek deitzea ni nengoen egoeran eskertzekoa da, autoestimurako ona izaten da. Gero, Azpeitira joan-etorrian ibiltzeko aukera ematen zidan Madrilen bizitzeak.

Zer moduzko esperientzia izan da Rayon jokatzea?

Banekien nora nindoan eta zein ziren taldearen helburuak. Bi denboraldi on izan dira, nahiz eta inoiz baino lesio gehiago izan. Jokatzeko ez dut jarraipen handirik izan horregatik. Bestela, pertsona modura, asko bete nau Madrilen bizitzeak.

Zer egin behar duzu erretiroa hartu ondoren?

Entrenatzaile izateko aukera ez dut baztertzen, baina denborak esango du. Hiru ikastaroetatik bi eginak dauzkat. Ingelesa ikasten ari naiz, eta futbolari emandako indarrak beste zerbaiti eman nahi dizkiot orain. Azken batean, ez dut futbola utzi erreta nagoelako, unerik egokiena da lagatzeko, eta futbolarekikotarte pixka bat hartu nahi dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.