Une batez, ezezagun

Elkarren aurkari izango dira asteburuan San Miguel ligako kanporaketan, baina batera ibili ziren Zumaian 2006an, eta hasi ere, han hasi ziren Xabier Bereziartua, Iñaki Elorza eta Jon Larrañaga.

2006ko Zumaia, Kontxako lanak amaituta. Iñaki Elorza zutik dago —eskuinetik lehenengoa—; Jon Larrañaga, eserita —ezkerretik laugarrena—; eta Xabier Bereziartua ere eserita dago —ezkerretik seigarrena—. ZUMAIAKO A.E.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2012ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Aurkari uretako lehian, baina, hortik kanpo, ezagunak edota lagunak. Traineruen denboraldiko emaitzen eraginez, elkarren aurkari izango dira bihar eta etzi hiru arraunlari hauek: Xabier Bereziartua (Zestoa, Gipuzkoa, 1978), Iñaki Elorza (Zestoa, 1979) eta Jon Larrañaga (Zumaia, Gipuzkoa, 1983). Asteburuan kontrario, baina 2006an, ez, Zumaian batera aritu zirelako arraunean, eta hirurek lehen urratsak herri horretako arraun elkartean egin zituztelako.

Bereziartua, Txato, aurten itzuli da Oriora eta arraunera, lagata egon eta gero. Hainbat urte darama kirol horretan: «1992an hasi nintzen. Zestoako eskolako irakasle bat, soinketakoa, zumaiarra zen, eta arraun elkarteko zuzendaritzan zegoen. Arraunlariak behar zituztela, eta joateko ikustera». Hantxe hasi zen dena: «Lagun batzuk joan ginen, eta huraxe izan zen hasiera. Niretzat dena berria zen, lehorrekoa izanda arraunaren berri gutxi nuelako». Baina gustatu, nonbait, eta ibilbide luzearen hasiera izan zen.

Elorza herrikidea du, eta Santurtzin dabil arraunean azken urteetan. Zumaian eta oraingo klubean bakarrik jardun du: «2004an hasi nintzen, baina berandu samar, eta hurrengo urtean debutatu nuen, B ontzian. Anaia zebilen, eta hark xaxatu ninduen hasteko». Urte polita izan zen aurreneko hura, banderaren bat ere irabazi baitzuten: «Lagun giro ona egoten da arraunean, eta hori asko gustatzen zait. Talde hartan giro ederra zegoen».

Larrañaga aurten itzuli da arraunera, urte batzuetan utzita egon eta gero, eta Zumaian dabil, beti bezala. Badira urte batzuk lehen arraun kolpeak eman zituela: «1998an izan zen, haurren mailan. Lagun batzuk hasi ginen, eta gogoan dut urte ederrak izan zirela. Entrenatzaileek asmatu zuten guri arrauna barru-barruan sartzen, eta garai hartakoak ditut oroitzapenik onenak».

Hiruren hasiera haiek Zumaiak batzen ditu, eta seniorretan ere hantxe eman zuten jauzia Bereziartuak eta Larrañagak; Elorza seniorra zen hasi zenean. Bereziartuaren arabera, «aldaketa handia izan zen kolpetik hogei minutuko estropadak jokatzea». Larrañagak ere ondo gogoan du bere aurreneko estropada traineruan: «Errioxan izan zela uste dut, eta orduan zurezko arraunak erabiltzen ziren oraindik. 2002a zen. Estropada erdian, neure burua uretara botatzekotan egon nintzen; hain zen gogorra!».

Baina ez zuen jauzi egin, eta berean segituz, arraunean jarraitu zuen. Egun hartatik lau urtera, 2006an, hirurak bateratu zituen Telmo Deun traineruak. Aurreko urtean igoa zen Zumaia TKE ligara, eta debutaren urtea zuen. Bereziartua Orion hiru urte egina zegoen, eta hasierako lekuraitzultzea erabaki zuen: «Orioko zikloa bukatu zela eta, beste zerbaiten bila joatea pentsatu nuen, eta Zumaiatik deitu zidaten. Urte polita izan zen, Kontxarako ere sailkatu baikinen». Larrañaga ere pozik ibili zen urte hartan: «Ligan erraz lortu genuen mailari eustea, eta Kontxan sartzea handia izan zen». Elorzak gogoan du ligaren hasiera: «Ez zen gozoa izan, baina gero, buelta eman eta txukun ibili ginen. Talde ona zegoen». Larrañagak denboraldi hartako beste lorpen bat ere ekarri du gogora: «Gipuzkoako batel txapelketa irabazi genuen».

Talde hartako entrenatzailea Luis Mari Olasagasti Luxia zen. Ondo gogoan dute hirurek. Bereziartuak hauxe dio: «Asko zekien, eta erreferentzia zen guretzat. Asko ikasi nuen». Elorzaren irudiko, «aurreko urtean B trainerua ateratzeko, ezinbestekoa izan zen haren iritzia, esan zuelako arraunlari onak gentozela. Hargatik ez balitz, ni ez nintzen hemen egongo, akaso». Larrañagak beste ezaugarri hau goraipatu du bere entrenatzaile ohiari buruz: «Gogortu egin gintuen Luxiak, zaildu. Harekin dena ematen ez zuenak jai izaten zuen. Jarrerari garrantzia ematen zion, eta harekin oso garbi zeuden gauzak».

Ez zuen asko iraun talde hark, denboraldi hartan bertan banatu zelako, udazkenean, denboraldia amaitu berritan. Bereziartua Urdaibaira joan zen; Larrañagak utzi egin zuen arrauna; eta Elorza bakarrik geratu zen. Beste hiru denboraldi egin zituen taldean, eta 2010ean Santurtzira abiatu zen. Arrauneko hastapenak eta 2006ko denboraldiak batu zuen hirukotea eten egin zen, bakoitzak bere bidea hartu zuelako. Orain, asteburu honetan, bat egingo dute, lehiak hala nahita.

Lehiaketa eta sentimenduak

Bihar eta etzi, Bermeon eta Portugaleten (Bizkaia), elkar ikusiko dute kanporaketan. «Agurtuko dugu elkar, baina gero, uretan, ez dago lagunik», aitortu dute hirurek. Izan ere, asko daukate jokoan: datorren denboraldian San Miguel ligan aritzea. Bereziartuak eta Elorzak igo egin nahi dute; Larrañagak, jaitsi ez. Beste ordezkaria Amegrove da, eta birentzat bakarrik da saria.

«Azken urteetako kanporaketarik estuena izango da», diote Elorzak eta Larrañagak. «Larunbatean, itsasoan, gauzak ondo egitea oso garrantzitsua izango da», esan du Bereziartuak. «Gu, itsasoan, onena egiteko eta txarrena egiteko gai gara», gehitu du Larrañagak. Elorzak beste aurkariak zehaztu ditu: «Amegrove Galiako ligan garaile izan da, eta Chapelarekin ibili da lehian. Zumaia ligarik indartsuenean dago, eta horrek ematen du beste puntu bat. Eta ikusi dugu Oriok zer denboraldi egin duen».

Asteburua hiru ibilbideren beste mugarri bat izango da. Horra iristeko, hasi egin behar, eta ezin ahaztu hasiera hura: «Zumaiak mailari eustea nahi dut», aitortu dute Bereziartuak eta Elorzak. Larrañagak ezin aukeratu beste bi lagunen artean: «Guk eusten diogun bitartean, berdin zait bestea zein den».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.