San Mamesen geratu da Athleticen eta Alavesen arteko derbia. Halako partida batean espero den bezain ondo arituta hasi dute partida bi taldeek, Alavesek batez ere. Erasora joateko borondatea erakutsi dute babazorroek, eta lehen aukera onenak haienak izan dira; tartean, aldeko penalti bat. 0-1eko markagailuaren ametsarekin amaitu dute Unai Simonen eskuek, sendo geratu baitu Luis Riojaren jaurtiketa. Kontraerasoan Athleticen gola iritsi da.
Ukaezina da Athleticeko hegalariek, Iñaki eta Nico Williams anaiek, taldeari ematen diotena. Azkar baino azkarragoak dira, eta aurrelariarentzat, Gorka Guruzetarentzat, aukerak sortzeko makinak dira. Bada, hala heldu dira bi golak. Lehenengoan, ezker hegaletik iritsi da Nicoren pasea. Bigarrenean, ederki desmarkatu da Iñaki, eta, kontrola atzean geratu bazaio ere, Guruzetak baloia jaso eta sareratu egin du.
Alaves erasokor hasi bada ere, Athleticek erakutsi du Txapeldunen Ligan jokatzeko mailako taldea dela, bi kolpe zehatzetan irauli baitu partida, sei minutu eskasean. Hortik aurrera, babazorroak baloiarekin jokatu ezin ibili dira, eta lehen zatiaren amaiera eta bigarren zati osoa Alavesenak izan dira.
Baloia aldez alde mugitu dute zuri-gorriek, eta aukera asko sortu dituzte, nahiz eta arrisku handi-handikorik ez den egon. Muniainek altu bota du jaurtiketa bat, eta Nicok behin baino gehiagotan egin du jokaldi bera: ezker hegaletik arearen ertzera gerturatu, barrura sartu, eta jaurti. Denak kanpora joan zaizkio, ordea. 2-0eko markagailuarekin ziur ikusi dute euren burua Athleticeko jokalariek, eta lasaiago hartu dute jarduna.
Hiru puntu horiekin, Txapeldunen Ligarako sailkatzeko postuetan da Ernesto Valverderen taldea. Laugarren dira ligan, nahiz eta Atletico Madrilek oraindik bere partida jokatu behar duen. 56 puntu ditu Athleticek, eta 55 Atleticok. Hala, bihar galduz gero, gauzak berdin geratuko lirateke; Atleticok berdintzen badu, 56na puntu izango dituzte, eta irabazten badu, 5. postura jaitsiko dira bilbotarrak. Hala ere, madrildarrek zaila izango dute, Bartzelona jasoko baitute etxean.
Xavi Hernandezen taldea hirugarren da ligan, eta azken partidetan ondo ari da, bai ligan bai Txapeldunen Ligan.
Unai Simon, erabakigarri
Murgiako atezainaren joko ona ezinbestekoa izan da Athleticentzat, markagailua 0-0 zegoenean geldiketa bikain eta garrantzitsuak egin baititu. Partida hasi bezain laster egin behar izan du lehen gelditua, nahiz eta ez den oso zaila izan, urrutitik eta atearen erdira egindako jaurtiketa bigun bat izan baita.
Hamabosgarren minutuan iritsi da lehen gelditu erabakigarria. Alavesek ezker hegaletik egin du eraso, eta Carlos Vicentek erdiraketa indartsu bat egin du areara. Hor zegoen Jon Guridi, eta behera eta indartsu egin du errematea. Simonen hanka artetik igarota sareratuko zela zirudien, baina bi hanketan jota markagailua bere horretan mantentzea lortu du atezainak.
29. minutuan iritsi da Nico Williamsek egindako penaltia. Luis Riojak indartsu bota du baloia Simonen ezkerraldera, baina ez oso zokoratua, eta erraz atera du murgiarrak. Jokaldi berean sartu du Athleticek, eta hortik aurrera lasaiago jokatu dute zuri-gorriek, markagailuaren presiorik gabe.