Unai Laso (Bizkarreta-Gerendiain, Nafarroa, 1997) ikusgarri dabil duela urtebete berriro profesionaletan jokatzen hasi zenetik: hiru txapelketa jokatu ditu, eta hiruretan jokatu du finala; bat irabazi du —buruz burukoa—, eta bitan txapeldunorde izan da —lau eta erdikoan eta binakakoan—. Sanferminetako lau eta erdikoaren txapeldunordea ere izan da.
Haren itzulerak mesede handia egin dio pilotari, eta are eta gehiago Baikori. Enpresako pilotari nagusia da orain, izarra. Hark eten du aspaldiko bolada txarra: bost urte zeramatzan Baikok maila nagusian txapelik irabazi gabe. Horregatik, hura lotu nahi izan du. Denbora luzerako egin du: bost urterako: 2027ko ekainaren 27ra arte. 2023ko abenduaren 30ean amaituko zitzaion aurreko hitzarmena. Kontratua luzatzeaz gain, soldata igo dio. Egunak zeramatzaten negoziatzen, eta gaur egin dute ofizial tratua, Bilbon, Miribilla pilotalekuan eginiko agerraldian. Laso eta Jose Ramon Garai Baikoko kirol zuzendari nagusia egon dira prentsaurrekoan.
«Oso pozik nago, eta oso eskertuta. Batetik, eskerrak eman nahi dizkiot Pilotarien Elkarteari, harengatik bainago hemen; eta, bestetik, eskerrak eman nahi dizkiot enpresari, bost urteko kontratu hau eskainita adierazi didan konfiantzarengatik. Bost urte ditut pilotaz gozatzen jarraitzeko. Ilusio handia egiten dit. Ea emaitza onak lor ditzakedan», esan du Lasok.
Azkeneko urtean gertutakoaz galdetuta, aitortu du bizitzak «buelta asko» ematen dituela, baina «orainak» axola duela. «Duela urtebete afizionatuetan ari nintzen, baina lanari esker iritsi naiz hona. Orain hemen nago, eta oso pozik nago. Ez dut presiorik. Aldiz, bost urterako sinatu izanak lasaitasuna ematen dit».
Garaik, berriz, adierazi du Lasok «gorakada» handia izan duela, eta hori kontuan hartuta egin diotela eskaintza. «Guretzat pozgarria da Unai bezalako pilotari bat izatea. Jauzia egin du, baina oraindik hobetu dezake. Uste osoa dugu harengan, eta horren adierazle da bost urterako kontratua eskaini izana. Negoziazioak errazak eta azkarrak izan dira». Iraganean hartutako erabakiez damututa ote dagoen galdetu diote, eta, azaldu duenez, kirola «oraina» da, eta orain, bost urterako kontratua eskaini diote.