Unai Lasok 2027ra arte berritu du kontratua Baikorekin

«Oso pozik» dago aurrelaria, eta eskerrak eman dizkie Pilotarien Elkarteari eta enpresari. Garaik esan du Lasok «jauzia» egin duela

Jose Ramon Garai eta Unai Laso, atzo, aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Unai Laso (Bizkarreta-Gerendiain, Nafarroa, 1997) ikusgarri dabil duela urtebete berriro profesionaletan jokatzen hasi zenetik: hiru txapelketa jokatu ditu, eta hiruretan jokatu du finala; bat irabazi du —buruz burukoa—, eta bitan txapeldunorde izan da —lau eta erdikoan eta binakakoan—. Sanferminetako lau eta erdikoan txapeldunordea izan da.

Haren itzulerak mesede handia egin dio pilotari, eta are eta gehiago Baikori. Enpresako pilotari nagusia da orain, izarra. Hark eten du aspaldiko bolada txarra: bost urte zeramatzan Baikok maila nagusian txapelik irabazi gabe. Horregatik, hura lotu nahi izan du. Luzerako lotu ere: bost urterako, 2027ko ekainaren 27ra arte. 2023ko abenduaren 30ean amaituko zitzaion aurreko hitzarmena. Kontratua luzatzeaz gain, soldata igo dio. Egunak zeramatzaten negoziatzen, eta atzo egin zuten ofizial tratua, Bilbon, Miribilla pilotalekuan eginiko agerraldian. Laso eta Jose Ramon Garai Baikoko kirol zuzendari nagusia egon ziren prentsaurrekoan.

«Oso pozik nago, eta oso eskertuta. Batetik, eskerrak eman nahi dizkiot Pilotarien Elkarteari, harengatik bainago hemen; eta, bestetik, eskerrak eman nahi dizkiot enpresari, bost urteko kontratu hau eskainita adierazi didan konfiantzarengatik. Bost urte ditut pilotaz gozatzen jarraitzeko. Ilusio handia egiten dit. Ea emaitza onak lor ditzakedan», esan zuen Lasok.

Azkeneko urtean gertatuaz galdetuta, aitortu zuen bizitzak «buelta asko» ematen dituela, baina «orainak» axola duela. «Duela urtebete afizionatuetan ari nintzen, baina lanari esker iritsi naiz hona. Orain hemen nago, eta oso pozik nago. Ez dut presiorik. Kontrara, bost urterako sinatu izanak lasaitasuna ematen dit».

Garaik, berriz, adierazi zuen Lasok «gorakada» handia izan duela, eta hori kontuan hartuta egin diotela «egungo baldintzetara» egokitutako eskaintza. «Guretzat pozgarria da Unai bezalako pilotari handi bat izatea. Jauzia egin du, baina oraindik hobetu dezake. Uste osoa dugu harengan, eta horren adierazle da bost urterako kontratua eskaini izana. Negoziazioak errazak eta azkarrak izan dira».

Iraganean hartutako erabakiez damututa ote dagoen galdetu zioten, eta, adierazi zuenez, kirola «oraina» da, eta, orain, bost urterako kontratua eskaini diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.