Unai Laso Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdietan da. Erakustaldia emanda lortu du sailkapena, 22-10 hartu baitu mendean Aitor Elordi, gaur, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Bi pilotariek irabazi beharra zuten txapelketan jarraitzeko, eta, emaitzak erakusten duen moduan, Bizkarreta Gerendiaingo (Nafarroa) aurrelaria oso nagusi izan da.
Hasi eta berehala bideratu du norgehiagoka, 9-0 aurreratu baita, eta partida osoan erakutsi ditu lau eta erdiko modalitateak pilotari bati eskatzen dizkion ezaugarri guztiak: sakearekin bikain moldatu da, errestoarekin eta errematearekin min egin du, eta frontoian bizi mugitu da. Elordik, berriz, kontrakarrean jardun du, aurkariaren jokoari erantzun ezinik. Mallabikoa (Bizkaia) oso urruti geratu da helburutik.
Zirt edo zart egiteko neurketa izanda, eta bi pilotariei arriskuak hartzea gustatzen zaiela kontuan hartuta, partida polita espero zitekeen. Hala izan da batzuetan, Lasok tanto ikusgarriak egin baititu errematez, bereziki neurketaren bigarren zatian. Baina, batez ere, bizkorra izan da: 147 pilotakada jo dituzte, eta 43 minutu iraun du. Tantorik luzeena azken-aurrekoa izan da, garailearen 21.a. Guztira hogei pilotakada jo dituzte.
Aukeraketaren egunean bi pilotariek funtsezkotzat jo zuten ondo sakatzea partida irabazteko, eta hala gertatu da. Lasok sakearekin hautsi du neurketa. Bizkarreta-Gerendiaingoak egin ditu lehen bederatzi tantoak, eta horietatik lau sakearekin izan dira. Guztira sei egin ditu partidan; Elordik, aldiz, bat bera ere ez. Aurrelari nafarrak min handia egin du lehen pilotakadekin, eta Elordi ezinean aritu da. Sakea erantzutea lortu duenean ere, Lasok errematea baliatu du tantoa menderatzeko.
Partida ia hautsita zegoen. Baina hurrengo lau tantoak Elordik lortu ditu. Sakea baliatu beharra zuen aldea murrizteko. Baina ez du baliatu. Oso bizkorra izan da norgehiagokaren hasiera, pilotariek oso pilotakada gutxi jo dituzte, berehala saiatu baitira tantoa egiten, euren jokatzeko erari jarraituz. Ordu laurdenean lan erdiak eginda zituen Lasok: 11-4.
12-6koarekin, Laso aldagelara joan da. Bueltan berdin jarraitu du: 15-5. Elordi ahalegindu da, aukera izan duenean, aurkaria batetik bestera mugitzen. Baina sasoi bete-betean aritu da Laso, bizi mugituz, hankak fresko. Bolea baliatuz, hiru tanto egin ditu aurrelari bizkaitarrak, baina irabazleak ondo kudeatu du errenta, eta are gehiago hautsi du neurketa gero: 18-8. Azken txanpan tantoak lortzeko gehiago aritu dira piloteoan, baina orduan ere Bizkarreta-Gerendiaingoak asmatu egin du errematean. Tanto ederrak utzi ditu zabalean, besteak beste. Hamabi tantoren aldeaz lortu du, azkenerako, garaipena.
Neurketa amaieran oso gustura zen: «Oso-oso pozik nago. Akats batzuk egin ditudan arren, sentipen onak izan ditut, eta partida bikain amaitu dut. Sakearekin asmatu dut, eta errestoan ondo moldatu naiz. Hor egon da gakoa. Fisikoki oso ondo ikusi dut neure burua. Izan ere, iruditu ez arren, tanto batzuk oso gogorrak izan dira». Elordi burumakur zegoen: «Bera erosoago aritu da, sendoago, eta sakean min asko egin dit. Hori dela eta, ezin izan dut nire jokoa egin».
Bihar, Donostian
Datorren asteburuan jokatu diren finalerdietan izango den laugarren pilotaria nor den, berriz, bihar argituko da. Ziurra da Laso, Peio Etxeberria eta Erik Jaka bertan izango direla. Bestea nor izango den bihar erabakiko da, Donostiako Atano III.a pilotalekuan, Jokin Altunak eta Iraitz Zubizarretak jokatuko duten neurketan.
Altuna III.ak eskura du sailkapena. BIharko partidan zortzi tanto egiten baditu, sailkatu egingo da; hamahiru egiten baditu, gainera, lehen tokian bukatuko du. Zubizarretak, aldiz, erronka zaila du, zazpi tanto edo gutxiagoan utzi behar baitu Amezketako (Gipuzkoa) aurrelaria. Finalerdiak datorren larunbatean eta igandean jokatuko dira, Iruñeko Labrit pilotalekuan eta Eibarko (Gipuzkoa) Astelenan.