Abel Barriolak iragarri zion BERRIAri Lau eta Erdiko finalaren atarian: bete-beteko partida espero zuela. Eta ederki asmatu du Leitzako pilotari ohiak. Izan ere, final estua, ona eta zirraragarria jokatu dute Unai Lasok eta Peio Etxeberriak, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Pilotazaleek urteetan gogoratuko dutena, ezbairik gabe. Lehenago ere bien artekoa zen txapelketako partidarik gogorrena; hain zuzen, final-laurdenetako ligaxkan jokatu zutena, Iruñeko Labriten. Bada, hura baino gogorragoa izan da finala, ordu eta laurdeneko lanean 350 pilotakadatik gora jo baitituzte bi protagonistek. Hasiera zaila izan du Lasok, 0-5ekoari buelta ematea kosta baitzaio ederki. Ordea, lanaren eta sufrimenduaren poderioz, txapelerako bidea egin du pixkanaka, eta estreinakoz jantzi du lau eta erdiko txapela. Kastatik arrakastarako bidea egin du Baikoko pilotariak.
Finalari hasiera elektrikoa eman dio Peio Etxeberriak. Ikaragarria, hitz batean, inork ez baitu halako joko mailarik erakutsi txapelketa osoan zehar. Erasokor kantxaratu da, eta dantzan ibilarazi du Laso, ezker-eskuin. Musika joaz eroso sentitu da Etxeberria. Lasok, bere aldetik, ez du une bakar batean ere lortu agintzera pasatzerik eta finalaren dinamika aldatzerik. Etxeberriaren meritua izan da hori. Bistakoa zen ezin zitekeela luzaroan hala jokatzen jarraitu, eta 0-5ean eten du bolada Lasok, aurkariaren opari bati esker. Sakea eta pilota lagun, pixkanaka finalean sartuz joan da Laso, eta markagailuan arrimatzen: 6-2, 7-3 eta 8-6. Tarte horretan biek egin dizkiote opari batzuk elkarri, baina Etxeberriak gehiago. Tantoa bukatzeko garaian ez du asmatu sarritan. Halere, jokatu duten erritmoa aintzat hartuta, normala izan da joera hori.
Partidan sartuta egon arren, finala berdintzea ez zaio samurra egin Lasori, tanto bakar batera jarri eta berdintzeko garaian huts egin baitu bizpahiru aldiz. Finaleko tantorik onena izan da 8-10ekoa, besteak beste. Minutu pasatxoan 34 pilotakada jo dituzte bi finalistek, eta, azkenean, Etxeberriak ederki amaitu du tantoa. Horri esker, hurrengo biak ere Aspekoak egin ditu, eta lau tantoren aldearekin iritsi da lehen atsedenaldi luzera: 8-12. Ordura artekoa aztertuta, gehiago izan da Etxeberria, baina haren lanari aitzakiaren bat jartzekotan, sakeak hobeto egitea falta izan zaio. Andoni Gaskue aholku emaileak ere horixe gogorarazi dio behin baino gehiagotan.
Atsedenetik bueltan hobeto kantxaratu da Laso, mesede egin dio aldageletara egindako bueltak. Errazena izan zitekeen etsitzea eta lanari uztea, baina ez. Burugogorkeriari esker, sufritzen, lanean eta lehian jarraitu du Baikoko pilotariak, eta azkenean lortu du saria: 14na berdindu du finala. Hura izan da partidako lehen berdinketa. Hortik aurrera beste neurketa bat jokatzen hasi dira bi finalistak, zortzi tantora bitartekoa. Tanto bakoitzak izan du bere garrantzia, eta denetik egin dute Lasok eta Etxeberriak: egin eta galdu. Tanto ederrak jokatu dituzte, baina kontrakoak ere bai. 15na, 16na eta 17na egon da finala. Bigarren atsedenaldi luzera, hori bai, aurretik iritsi da Laso: 18 eta 17.
Peioren bi huts larri
Finala une erabakigarrian sartuta, edozein detailek du berebiziko garrantzia, eta Peio Etxeberriak luzaroan gogoratuko dituen bi huts larri egin ditu bata bestearen jarraian. Izan ere, kasik eginda zeuzkan tantoetan kale egin du, bietan boleaz. Normalean ondoen maneiatzen duen jokoan kale egin du nafarrak, eta 20-17 ez ezik, 21-17 ere aurreratu da Laso. Aspekoak ez du azken hitza esan, eta 21-18 eta 21-19 hurbildu da, baina Lasori ez dio eragin askorik urduritasunak. Kastari eutsiz, erasokor jokatu du azken momentuan, eta bolea bikain batekin eman dio amaiera finalari.
Hain zuzen, final ondoreneko prentsaurrekoan penaz agertu da Etxeberria. «Gustura nago jokatutako finalarekin, iaz ez bezala, aurten lehiakorra izatea lortu baitut. Ez dago konparatzerik ere. Dena den, txapela janzteko aukera on bat galdu dudala iruditzen zait. Une erabakigarrietan kale egin dut, eta buruari bueltak emango dizkiot egun batzuetan. Halere, Lasoren meritua izan da partidan sartuta mantentzea. Aurrera begira lanean jarraituko dut, ez dago besterik».
Unai Laso, bere aldetik, pozarren agertu da. Negar malkoak ere sumatu zaizkio pozaren eraginez. «Izugarria da sentitzen dudan poza. Lanaren eta sufrimenduaren poderioz irabazi dut, eta horrek gustu hobea uzten du gorputzean. Hasieran ikaragarri jokatu du berak, baina banekien lanean jarraitu behar nuela, nire momentua iritsiko zelako. Saria jaso dut bukaeran, eta izugarria da txapeldun izatea halako lesio larri bat gainditu eta gero. Txapel honek zentzua ematen dio orain arteko lanari».
Peio Etxeberria. «Merezita irabazi du Unaik. Opari batzuk egin ditut, baina bere meritua izan da partidan sartuta egotea. Une garrantzitsuetan huts egin dut».