Unai Laso 22-12 Peio Etxeberria

Unai Laso garaile Peio Etxeberriaren aurka, partida iraulita

Sakez min egitea lortu du Baikoko pilotariak, eta, 22-4ko partziala eginda, merezita irabazi du buruz buruko final-laurdenetako ligaxkako lehen partida.

Unai Laso eta Peio Etxeberria, buruz buruko txapelketan lehian, gaur, Lekeition. ARITZ LOIOLA / FOKU
Unai Laso eta Peio Etxeberria, buruz buruko txapelketan lehian, gaur, Lekeition. ARITZ LOIOLA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2025eko apirilaren 19a
20:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Unai Laso aise nagusitu zaio Peio Etxeberriari buruz buruko final-laurdenetako ligaxkako lehen partidan: 22-12. Hobeto hasi da Aspeko pilotaria, baina, Lasok sakea hartu duenean, erabat aldatu da neurketaren joera. Geldiezin aritu da, eta, 22-4ko partziala eginda, merezita irabazi du.

Partida gogorra izan da, eta sakea izan da giltza. Zoriak hala erabakita, lehendabizikoa Peio Etxeberriak atera du, eta ondo aprobetxatu du aukera. Erasokor ekin dio lehiari Aspekoak, gogor eta indartsu. Sakea baliatu du lehian agintzeko, eta, ohartzerako, kontuan hartzeko moduko aldea eskuratu du: 0-8 jarri da aurretik. Markagailuan ez ezik, kantxan ere nagusitzen ari zen Peio.

Majo kostatu zaio Lasori lehen tantoa egitea. Behin lortuta, baina, azkar eman dio buelta partidari. Etxeko lanak ondo eginda ekarri ditu Baikoko pilotariak, eta asmatu du Peio Etxeberriari nola min egin. Sakeak erdi-erdira ateratzen hasi da, eta eskuinez ezin erantzunda ibili da Peio. Halaxe egin ditu hiru tanto erreskadan, eta pilotakada gutxirekin murriztu du aldea erdira. Funtzionatzen ari zitzaiola ikusita, horretan tematu da, aurretik jartzeraino. Atsedenaldira iristerako, 12-10 irabazten ari zen.

Kantxan geroz eta erosoago aritu da Laso, eta geroz eta deserosoago Peio. Konfiantzaz bata, eta burumakur bestea. Eta horixe bera islatu da jokoan eta markagailuan. Tantoak bukatzen asmatu du Baikoko pilotariak, eta gozatu egin du 22ra iritsi arte.

Halaxe esan du partida bukatutakoan: «Hasieran deseroso aritu naiz. Gero, sakea hartu dut, eta banekien eskuinera atera behar niola. Sakez tanto dezente egin ditut, eta konfiantza eman dit horrek. Partida gogorra izan da, baina gozatu dut. Oso pozik nago». Peio Etxeberriak, berriz, ondo hasi den arren, gero «partidatik atera» dela aitortu du: «Kostatu egin zait erabakiak ondo hartzea».

Pronostikoen arabera, Laso zen faborito. Haren palmaresa eta jarduna dira horren iturri: 2022an irabazi egin zuen buruz buruko txapelketa, eta txapeldunorde izan zen iaz. Bada, ez du huts egin gaurkoan.

B multzoari dagokionez, Iñaki Artolak eta Aitor Elordik joan den astean jokatu zuten final-laurdenetako ligaxkako lehen partida. Baikokoak irabazi zuen, 22-16. Garaipen bana dute oraingoz beraz Artolak eta Lasok; biak dira sailkapenaren buru.

Larrazabal, distiratsu

Interesgarri dago beste multzoa ere, eta pilotari bat ari da nabarmentzen: Iker Larrazabal. Arabarrak abisua eman zuen Ezkurdia kanporatuta, eta erakutsi du partida hura ez zuela txiripaz irabazi. Baikoko aurrelari gaztea ikusgarri dabil buruz buruzkoan, eta final-laurdenetako ligaxkan bitik bi irabazi ditu: Jokin Altuna hartu zuen mendean aurrena, eta Dario Gomez atzo. Markagailua iraultzeko kapaz izan zen, gainera, bukaeran zortzi tanto jarraian eginda: 14-20 galtzen zihoan, eta 14-22 bukatu zen partida. Ondorioz, esku-eskura du finalerdietarako sailkatzea. Larrazabalek zur eta lur utzi ditu pilotazale guztiak, baina oraindik ez du esan azken hitza, eta bolada ona luzatu nahi du.

A multzo horretan bihar jokatuko dute bigarren jardunaldiko beste lehia: Javier Zabala eta Altuna III.a ariko dira nor baino nor gehiago. Irabazteko premia dute biek, lehen partida galdu egin baitzuten. Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatuko dute, 18:00etan. Zabalak galduko balu, finalerdietarako sailkatzeko aukerarik gabe geldituko litzateke —eta Larrazabalek ziurtatua izango luke tokia—; iazko txapeldunak galduko balu, berriz, asko zailduko litzaioke bidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.