Erremontea

Umorezko lehiari, kirol lehia

Imanol Ansaren eta Endika Barrenetxearen iritziz, «derbi kutsua» izango du larunbateko buruz buruko finalak. «Gogorra» izango dela esan dute, eta «sakea erabakigarria» izango dela.

Imanol Ansa eta Endika Barrenetxea. MAIALEN ANDRES / FOKU
Imanol Ansa eta Endika Barrenetxea, gaur, Galarretan, pilota aukeraketan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Julen Etxeberria.
Hernani
2024ko irailaren 24a
17:30
Entzun

Elkarren ondoan daude Hernani eta Urnieta (Gipuzkoa). Gertutasun horrek aspaldian piztu zuen umorezko lehia herri bakoitzeko bizilagunen artean. Larunbatean, umorezko lehiaz gain, kirol lehia izango dute. Urnietar batek eta hernaniar batek jokatuko dute Buruz Buruko Txapelketako finala: Imanol Ansa aurrelari urnietarra eta Endika Barrenetxea atzelari hernaniarra ariko dira Galarreta frontoian, 16:30ean.

Ansa II.ak bigarren aldiz jarraian irabazi nahi du txapela. Iaz jokatu zuen lehen aldiz finala, eta Aritz Juaneneari nagusitu zitzaion. Barrenetxea IV.ak, berriz, bosgarren finala du. Aurreko laurak Javier Urrizaren aurka jokatu zituen: bi irabazi zituen (2019an eta 2021ean), eta bi galdu (2016an eta 2022an). Finala irabaziko balu, txapel gehien duen atzelaria litzateke: hiru. Bada beste datu historiko bat: 30 urteren ostean, ez da ariko erremontista nafarrik finalean. 1994an gertatu zen hori azken aldiz: Manuel Arrizabalaga Matxin II.a eta Pello Aizpuru aritu ziren orduko hartan.

Ados daude Ansa eta Barrenetxea: «derbi kutsua» izango du finalak. Atzelari hernaniarrari jada oso argi geratu zaio hori. «Aurrekoan Urnietara joan nintzen, eta bat baino gehiago gerturatu zitzaidan zera esanez: ‘zu Barrenetxea zara, ez?’ Imanolen aurkaria naizelako ezagutzen naute Urnietan. Harrituta geratu nintzen».

Biek onartu dute «lehia» dutela elkarrekin, «sanoa», baina «lehia» azken finean. «Gertukoak gara, aspaldi ezagutzen dugu elkar, eta ni haren irakasle izan nintzen pilota eskolan», azaldu du Barrenetxeak. «Beti aritzen zen zer egin behar genuen esanez, eta ni egoskor samarra nintzen. Hortik dator lehia. Baina sanoa da. Gainera, niri onenen aurka gustatzen zait jokatzea, eta Endika aspaldiko sasoirik onenean dago. Oso ondo prestatu du txapelketa. Galarretara entrenatzera joan naizen aldiro, hantxe zegoen haren motxila. Hari irabazteak pisu handiagoa emango lioke txapelari. Asko motibatzen nau horrek».

«Endika aspaldiko sasoirik onenean dago. Hari irabazteak pisu handiagoa emango lioke txapelari»

IMANOL ANSAOriamendiko erremontista

Haren aurkariak berak azpimarratu du: aspaldiko sasoirik onenean dago Barrenetxea. Txapelketan jokatu dituen hiru partidak irabazi ditu; tartean, Ansaren aurkakoa: 30-24. «Aspaldiko sasoirik onenean nago. Iaz ez nuen lortu urte osoan horren sasoiko egotea». Egin duen «lanketa baten emaitza» dela nabarmendu du. «Batetik, izugarri lagundu dit Aitor Ugalde nutrizionistarekin lan egiteak. Duela urtebete baino hamar kilo gehiago pisatzen dut; ondo hartutako kiloak izan dira. Bestetik, Aritzekin lan handia egin dut [Zubirirekin]. Aspaldiko boladarik onenean dago: 1,90 metro luze naiz, 90 kilo pisatzen dut, minik ez dut, gaixotasuna lasai dago [Chronen gaitza du], eta oso ondo egokitu naiz xexto berrira. Egin beharreko guztiak ondo egin ditut, eta ondo atera zaizkit. Finalean egoteak jada asko itzuli dit lan horretatik. Sekulako gogoa dut jokatzeko. Ilusio handia pizten dit hiru txapel dituen lehen atzelaria izateak».

Finalaren gakoez galdetuta, «sakearekin asmatzea eta ezkerpareta jotzea» aipatu ditu. Berezkoa du ondo sakatzea, eta txapelketan oso ondo sakatu du. Ezkerpareta maiz jotzearena, berriz, egin duen lanketaren ondorioa da. «Erremontari telebista saioa amaitu baino lehenago hasi nintzen lan horretan. Hamar pilota hartu, eta zera esaten nion neure buruari: ‘txikito, hemen egongo zara ondo ateratzen zaizun arte’. 2.000 bi-pareta botatzen nituen entrenamendu bakoitzean. Asteak egin ditut horrela; beraz, pentsa zenbat bi-pareta bota ditudan. Hasieran, ia bat bera ere ez zihoan nik nahi nuen tokira. Orain, ordea, hamarretik zortzi doaz nik nahi dudan lekura. Hori sekulako baliabidea da. Orain, askoz aukera gehiago dut tantoa amaitzeko, eta aurkariari zalantza eragiten diot».

Ansa, ordea, askoz gorabeheratsuago aritu da: lau partida jokatu, eta bi galdu ditu. «Txapelketa gogorra izan da: hiru pilotakada gogor hartu ditut, zuntz-haustura bat izan dut, eta, lana dela-eta, askoz gutxiago entrenatu naiz. Iaz baino zailagoa izan da, eta ez dut lortu iazkoaren mailara iristea».

Ez zen batere ondo hasi: Urrizak bederatzian utzi zuen ligaxkako lehen partidan. «Sekulako ezina sentitu nuen; erabat gaindituta sentitu nintzen. Konfiantzaz iritsi nintzen partida horretara, baina konfiantza hori agian ez zen egiazkoa; gero antzeman zen ez nengoela maila horretan aritzeko moduan. Baina kolpe horrek mesede egin zidan; bete-betean hasi nintzen lanean, eta gora eginez iritsi naiz finalera».

«Sekulako gogoa dut jokatzeko. Ilusio handia pizten dit hiru txapel dituen lehen atzelaria izateak»

ENDIKA BARRENETXEAOriamendiko erremontista

Finalaren gakoa sakea izango delakoan dago. «Horretan dago alderik handiena bion artean. Berak, sakeari esker, lauzpabost tanto egin diezazkidake jarraian. Halakorik gertatzen bada, gustatuko litzaidake ez ateratzea partidatik. Ondo moldatzen naiz errestoan, eta, beraz, aurre egin diezaioket. Zaila izango da, Endika oso sasoi onean baitago. Urrizaren aurka baino hobeto aritu beharko dut. Baina itxaropentsu nago».

Hasi dira finala jokatzen

Larunbatean da finala, baina jada hasi dira jokatzen. Argi geratu da hori gaur, pilota aukeraketan. Gustukoak topatu dituzte biek. Barrenetxeak aukeratu ditu lehenbizi, eta Ansak hautatutakoei buruz esan du bi pilota «hasieran ibili» egiten direla baina gastatu ahala «asko geratzen» direla. «Pilota hauekin egin dut minik handiena. Horregatik aukeratu ditut», arrazoitu du Ansak. Hark, berriz, azpimarratu du Barrenetxearenak «txapelketako exijenteenak» direla. «Duela bi urte ikaragarri sufritzen nuen pilota horiekin, baina, orain, hobeto erreboteatzen dut, baita sakatu ere. Ea etekina atera diezaiekedan».

Biek espero dute jende asko joatea Galarretara. Ansak baina bat jarri dio. «Aste honetan festak dira Urnietan. Jende asko finalean baino gehiago parrandan pentsatzen ariko da. Baina lagunak etorriko dira. Ostegun eta ostiraleko festa galduko dut, baina ea larunbatean txapelarekin ospa dezakedan». Gauza bera nahi du Barrenetxeak. «Baina argi dut: irabazten badut, ez dut txapela Urnietan ospatuko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.