Duela hiru aste iragarri zuen Andoni Aretxabaletak (Markina-Xemein, Bizkaia, 1992) hatz batean daukan lesioak eraginda ez zuela gehiago jokatuko profesionaletan. Larunbatean egingo diote omenaldia, Bizkaia pilotalekuan. «Lasai» dago. «Ezin dudanez jokatu, jaialdiko bi partiden artean egingo didate omenaldia. Oso xumea izango da. Gabonetan egingo dugu herrian behar bezalako festa. Egun hori iristeko zain nago».
Ostiralean egin zizuten ebakuntza. Zer moduz zaude?
Hatza ondo daukat, baina mina daukat gerrialdean; bertako hezur batzuk kendu dizkidate, hatzean jartzeko.
Zer egin dizute hatzean?
Torloju bat jarri zidaten orain hiru urte, eta erditik hautsi zitzaidan duela gutxi. Beste bat jarri didate.
Zer esan dizu medikuak?
Ez jokatzeko gehiago pilotan; larria litzatekeela berriz ere torlojua haustea.
Kito, beraz, pilotan jokatzea, bai profesionaletan, bai koska bat beherago?
Niri gustatuko litzaidake berriro pilotan jokatzea, baina lehenbizi, sendatu egin behar dut. Torlojua jarri zidaten lehen aldian, handik bi hilabetera hasi nintzen berriro jokatzen, baina uste dut presaz ibili ginela. Lasai hartu nahi dut orain.
Lesio horrek behartu zaitu erretiroa hartzera?
Hein handi batean, bai. Duela hiru urte torlojua jarri zidatenetik minez jokatu dut ia beti, eta ezin izan naiz bete-betean aritu.
Enpresarekin kontratua bukatzear zinen. Horrek ere zerikusia izan du?
Enpresarekin hitz egiten hasi orduko hartu nuen min. Hala ere, azkenaldian jokatzen ari nintzen partida kopurua eta haien maila kontuan hartuta, itxura zuen ez nuela berrituko. Nik, behintzat, jokatzen jarraitzeko asmoa nuen.
Lesioak eta enpresaren asmoak bat egin dute?
Medikuek esandakoak izan du garrantzi handiena erabakia hartzeko orduan. Esan didate lesio serioa dela: hezur bat jarri, torlojua apurtu, zuloa handitu eta bertan sartu... Hiru medikurengana joan naiz, eta hirurek esan didate pilotan jokatzeari utzi behar niola.
Gogorra izan da erabakia hartzea?
Bai. Ez da gozoa norbaitek esatea utzi egin behar duzula; ia hamabi urtez jokatu dut profesionaletan. Baina osasuna da lehena, eta ikuspuntua aldatu egiten da mediku batek esaten dizunean gertatu zaizuna serioa dela; ez dela broma 30 urte egin gabe hatza horrela izatea.
Hasi zara guztia barneratzen?
Tira, orain sentipena dut gaixoaldian nagoela; ezaguna dut egoera, askotan egon naiz, eta badakit nola kudeatu. Baina hau ezberdina da. Pentsatzen dut apurka barneratuko dudala.
Ia hamabi urte egin dituzu profesionaletan jokatzen; dezente da, baina gutxi 30 urte bete gabe utziko duzula kontuan hartuta.
Espero baino arinago bukatu da hau. Pilotari guztioi gustatzen zaigu honetatik bizitzea eta profesionaletan jokatzea; bizimodu ederra da. Baina lesio larria izan dut, eta onartu egin beharra dut.
Konforme zaude egin duzunarekin?
Ez. Arantza dut horrenbeste aldiz lesionatzeagatik. Pentsatu ohi dut nola izango litzatekeen dena ez banu horrenbeste aldiz min hartu. Baina lesionatu naizen aldi guztietatik osatu naiz, eta ondo egin dut lan; ezin diot neure buruari ezer leporatu. Oso lasai nago.
Zuk esana da zure arazorik handiena izan dela «beti» izan duzula «zerbait».
Eta hala izan da. Maiz jokatzen hasi naizen aldiro gertatu izan zait zerbait: hamar haustura izan ditut, lau ebakuntza egin dizkidate... 2014ko binakako finaletik aurrera izan dira guztiak. Geroztik, ezin izan dut jarraian asko jokatu, eta horrela zaila da ondo aritzea. Horrez gain, azken urteetan gazteak indartsu iritsi dira, eta haiei ere tokia egin behar zaie.
Zorte txarra izan duzu?
Baietz uste dut. Adibidez, garai batean askoz gehiago zaindu nintzen, eta prestaketa aldatu nuen. Baina alferrik, beti nuen zerbait. Halere, zorte handia izan dut, belaunaldi ikusgarri bateko pilotari onenekin jokatu baitut. Eta jarraian asko jokatu ahal izan dudanean, ondo aritu naiz haiekin; Aimarrekin [Olaizola II.a] jokatu nuen finala, noren aurka, eta Irujoren eta Barriolaren aurka. Pablitorekin [Berasaluze II.a] eta Oinatzekin ere [Bengoetxea VI.a] jokatu dut, eta Belokiren kontra egin nuen debuta. Oraingoen artean, berriz, Altuna, Laso eta Zabaletarekin aritu naiz; edozeinek ezin du hori esan.
Zer egin duzu gehiago: gozatu ala sufritu?
Sufritu. Profesionaletan oso zaila da gozatzea; presio handia dago. Lehen Mailako txapelketa batzuk jokatu ditut, baita torneo batzuk irabazi ere, baina niretzat azterketa baten modukoak izan dira partida guztiak; maila eman behar nuen berriro Lehen Mailan jokatzeko. Eta gaitza da gozatzea partida guztiek azterketa kutsua baldin badute. Gainera, ondotxo nekien zeintzuk ziren nire mugak. Gutxitan gozatu dut; gutxitan bukatu da partida eta izan dut gogoa jokatzen jarraitzeko [barrez].
Nola eraman duzu horrenbeste alditan min hartzea?
Baikorra izan naiz beti; batzuetan, nire erruz hartu dut min; eta, beste batzuetan, nik ez dut errurik izan. Nire erruz izan denetan, lan handia egin izan dut. Esku oso onetan ere egon naiz. Bi nabarmendu nahiko nituzke: batetik, Beasaingo [Gipuzkoa] Eskura fisioterapia zentroko langileak; eta, bestetik, Igor Miner masajista, Sopelakoa [Bizkaia]. Izugarri eskertuta nago nire prestatzaile fisikoari ere: Gontzal Urionari.
Inoiz ez duzu umorea galdu.
Ez, eta, nire ustez, umore horrek eta baikorra izateko jarrerak mesede handia egin didate: gauza txarrei baino gehiago, onei erreparatzen diet. Gutxitan ibiltzen naiz burumakur, eta horri esker da.
Psikologo edo trebatzaile batengana jo duzu inoiz?
Ez. Oso lagun onak ditut nik, eta haiek izan dira nire psikologoak. Haien babesa izan dut beti, baita etxekoena ere, noski.
Zein izan da unerik onena?
Debutekoa, dudarik gabe. Izugarria izan zen: 1.200 lagun bildu ziren herriko frontoian, eta denak lagunak nituen. Gainera, ondo jokatu nuen. Oso oroitzapen polita dut. Markinako frontoira sartzen naizen bakoitzean gogoratzen naiz egun hartaz. 2014ko finala ere aipatuko nuke. Ez nuen asko gozatu lehian, baina bai finalaren ingurukoez. Asko disfrutatu dut udan ere; festa giroan jokatzen dira partidak, eta oso ondo tratatzen gaituzte; sasoi ederra da.
Eta txarrena?
Lesionatuta egon naizen aldiak; zoritxarrez, askotan egon naiz. Adibidez, 2015ean Oinatzekin binakakoa jokatzen hasi, eta utzi egin behar izan nuen txapelketa. Alvarok ordezkatu ninduen [Untoria], eta txapeldun izan ziren. Duela hiru urte jokatu nuen azken aldiz titular gisa binakakoa, Urrutirekin [Mikel Urrutikoetxea], baina ez nintzen ondo aritu. Amorru pixka bat eman zidan.
Gogorra izango zen greba egin zenutenekoa ere, ezta?
Bai. Pandemia garaia zen, eta pilotariok ez genituen ulertu zenbait erabaki. Oso garrantzitsua izan zen elkartea sortzea. Horri esker, asko aldatu da harremana enpresekin. Asmatu egin genuen elkartea sortuta.
Zer egiteko asmoa duzu orain?
Pentsuen munduan hasi naiz, komertzial gisa; txakurrekin eta katuekin nabil. Lana egin nahi duenak topatzen du lana, eta ni langilea naiz. Gainera, lagun asko ditut. Orain, ohiko bizimodua egin beharko dut. Ez diot beldurrik.
Andoni Aretxabaleta. Pilotaria
«Umore onak eta baikortasunak mesede handia egin didate»
Lesio batek behartuta, erretiroa hartu du, 30 urte betetzear, eta 11 urtez profesionaletan aritu eta gero. Larunbatean omenaldia egingo diote, Bizkaia pilotalekuan. «Arantza» du «horrenbestetan» min hartzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu