Apiriletik jokatu gabe egon eta gero, berriro ere zelaian disfrutatzen ari da Mikel Merino (Iruñea, 1996). Bihar ekingo diote Olinpiar Jokoei hark, Unai Simonek, Jon Moncayolak, Martin Zubimendik eta Mikel Oiartzabalek, Sapporon, Egiptoren aurka (09:30). Lehen euskal kirolariak izango dira lehiatzen. Merinok gogoa zuen AEBetako saskibaloi selekzioaren partidaren bat ikusteko, baina ezingo du, COVID-19a dela-eta izango diren neurriak tarteko: «Damian Lillardekin argazki bat ezin ateratzearen pena dut»
Espainiako Kopa irabazi osteko Ligako azken partidak ezin izan zenituen jokatu, L4 ornoan izandako lesio baten ondorioz. Nola zaude, aurrekoan Japoniaren aurka 55 minutu jokatu ostean?
Ez dut esango erabat ahaztu dudanik, zuhurtziaz ibili behar baitut berriz ez gertatzeko. Bizkarreko lesioak ez dira errazak. Baina ondo nago, ondo sentitzen naiz.
Gogorra izan zen osatzeko prozesua?
Nahiko baikorra naiz, eta gauzak datozen moduan hartzeko patxada izaten dut. Baina hilabete gogorrak eta zailak izan ziren. Ez bakarrik bizkarrean nuen minarengatik, baita ezin jokatzeagatik ere. Nire taldekideak Europan sartzeko borrokan zeuden bete-betean, eta ezin nien lagundu edo haiekin egon. Harmailetatik edo etxetik haien partidak ikustea gogorra izan zen. Gainera, Eurokopara joateko aukerak galdu nituen.
Eurokopan ez zinen izan. Baina Olinpiar Jokoak jokatzeko aukera izango duzu. Pozik, ezta?
Oso pozik eta harro nago. Nik beti esaten dut bizitzak gauza batzuk kentzen dizkizunean beste batzuk ematen dizkizula. Lesioaren eraginez, Eurokopara joateko aukerarik gabe geratu nintzen, baina orain Olinpiar Jokoetan egoteko modua dut. Futbolari batentzat ez da erraza Joko batzuetan egotea. Batetik, 21 urtez azpiko Eurokopa irabazi behar du zuk ordezkatzen duzun selekzioak; eta, bestetik, 23 urte baino gutxiago izan behar dituzu, edo, bestela, 23 urte baino gehiago dituzten jokalarientzako selekzio bakoitzean dauden hiru lekuetako baterako hautatua izan. Zorionez, azken aukera horri esker nago Jokoetan.
Deialdian zeundela jakin zenuenean, oraindik osatzen ari zinen. Pentsatu zenuen uko egitea? Realarekin hitz egin zenuen?
Oporretara joan aurretik jada nahiko ondo ikusten nuen neure burua: osatze prozesua oso aurreratua zihoan. Hala, Realarekin hitz egin nuen, eta esan nien Olinpiar Jokoetarako deitzen baninduten eta ondo banengoen han izango nintzela. Oporretan, hautatzailearekin [Luis De la Fuente] eta Realeko eta Espainiako selekzioko osasun arduradunekin hitz egiten egon nintzen, nola nengoen azaltzeko. Bueltan, Iruñean nengoela, jakin nuen deialdian nengoela. Ez nuen zalantzarik izan, ondo bainengoen.
Zure taldekideak Zubietan egiten ari diren moduan, zuretzat denboraldi-aurre bat izan dira azken aste hauek, ezta?
Guztiz. Kontuan izan hiru hilabete eman nituela baloia ukitu gabe, eta entrenatu eta jokatu gabe. Gainera, uste dut abantaila txiki bat dugula Jokoetara etorri garen jokalariek. Jokatuko ditugun partidak ofizialak izango dira. Beraz, uste dut lehiatzeko erritmoaren ikuspegitik koska bat gorago iritsiko garela Liga hasierara. Izan ere, intentsitatea handiagoa da partida ofizialetan lagunarteko lehietan baino. Behin Jokoak amaituta, Realarekin hasiko naiz jokatzen eta entrenatzen. Ez dut oporren beharrik, denbora asko egin baitut jokatu gabe. Nire taldekideekin batera eguneroko lanean aritzeko irrikaz nago. Zubietako egunerokoaren hutsunea sumatu dut.
Azken txanpa ez jokatu arren, oso denboraldi ona egin zenuen. Zure kirol ibilbideko garairik onenean helduko diezu Olinpiar Jokoei?
Denboraldiro neure buruari jartzen diodan helburua da nire kirol ibilbideko onena izatea. Anbiziotsua naiz, eta azken urteetan helburu hori lortzen ari naiz. Oso pozik nago. Gero eta seguruago nago neure buruaz, eta bai Realean eta bai Espainiako selekzioan gero eta garrantzitsuago sentitzen naiz. Helduagoa naiz adinez eta izaeraz, eta horrek laguntzen dit zelai barruan eta hortik kanpo dagoen guztia gehiago kontrolatzen, horren kontzienteago izaten, eta erabakiak hobeto hartzen.
Atleta, igerilari edo gimnasta batentzat, parte har dezakeen txapelketarik garrantzitsuena dira Olinpiar Jokoak. Futbolean, ordea, ez dute horrenbesteko garrantzirik. Zer da futbolari batentzat bertan egotea?
Futbolean, Munduko Kopak edo Eurokopak garrantzi eta oihartzun handiagoa dute. Baina, lehen aipatu dudan bezala, oso jokalari gutxik dute Jokoetan parte hartzeko aukera, eta guretzat oso garrantzitsua da.
Egokia iruditzen zaizu 23 urtez azpiko selekzioko jokalariak izatea Jokoetan egoteko aukera dutenak?
Nik uste dut denbora kontua dela, eta baldintza hori kendu egingo dutela. Saskibaloian hala egin zuten. Baina egungo araudia hori da. Alde batetik, ondo iruditzen zait 23 urtez azpiko jokalariei aukera ematea, gazteek bestelako abagune batzuk izan ditzaten. Baina, bestetik, uste dut jokalari guztiek izan beharko luketela halako zerbait bizitzeko aukera, gauza handia baita Joko batzuetan parte hartzea.
Zure kasuan, selekzio bakoitzak izan ditzakeen 23 urtetik gorako hiru jokalarietako bat zara. Hori dela eta, ardura edo rol garrantzitsuagoa duzu taldean?
Egia da hiru toki baino ez zeudela, eta horietako bat niretzat izatea erantzukizun handia dela. Nire aldeko apustua egin du hautatzaileak, eta erantzun egin behar dut. Kasu honetan, selekzioko beste kideek baino pare bat urte gehiagoko eskarmentua dut maila gorenean, eta ardura batzuk hartu behar ditut. Gauza naturala da. 21-25 urte bitartean asko ikasten duzu: pertsona eta futbolari moduan urte erabakigarriak dira. Beraz, aldea antzematen da. Hortik aurrera, urte batetik bestera aldaketa ez da hain handia. Baina gustura hartzen ditut halako ardurak.
Nola ikusten duzu txapelketa? Eta egokitu zaizuen multzoa? Egiptoren aurka jokatuko duzue lehen partida, bihar.
Argi dago ospe handiko selekzioak eta jokalariak daudela bertan. Baina, nik, batez ere, horren ezagunak ez diren selekzioak aipatuko nituzke: Egipto eta Australia, adibidez. Gure multzoan daude, eta biek sekulako maila dute, nahiz eta horren jokalari ezagunak ez eduki. Futbola unibertsala da, eta edozein selekzio edo talde gai da beste bati irabazteko. Baliabideak eta ezagutza ditu horretarako. Beraz, oso txapelketa parekatua izango da, eta besteak baino gehiago dela pentsatzen duen selekzioa oker ibiliko da. Umiltasunez heldu behar zaie halako txapelketei. Domina lortzea ametsa da, baina lortu ezean, ez da porrota izango.
Eurokopan oso partida entretenigarriak ikusi ziren. Jokoetakoak ere halakoak izan daitezke?
Izan daiteke. Izan ere, erasora jokatzea eta jokoaren ekimena izatea gustuko duten selekzio asko daude txapelketan: Brasil, Argentina, Frantzia, Espainia... Halako selekzioak aurrez aurre daudenean, beti izaten dira norgehiagoka politak eta entretenigarriak. Egia esan, nik oso gustuko dut jokatzeko era hori. Jokatzen dudan lekuagatik, eta futbolaren ikuspegiagatik asko disfrutatzen dut halako partidetan, jokoan gehiago sartzeko aukera baitut. Espero dut Jokoetan hala izatea. Ea egiten duen beroak eta hezetasunak ere nolako eragina duten. Fisikoki gogorra izango da, eta teknikoki jokoa mantsoagoa izatea ekar dezake.
Polita izango da esperientzia hau Martin Zubimendi eta Mikel Oiartzabal taldekideekineta Osasunako harrobiko beste jokalari batekin, Jon Moncayolarekin partekatzea, ezta?
Dudarik gabe. Oso harreman ona dugu, eta zelaian primeran ulertzen dugu elkar. Esperientzia hauek batera bizitzeak, gainera, harreman eta elkar ulertzen hori areagotzen du. Gainera, Realean eta Osasunan harrobiko lana ondo egiten ari den seinale da.
Urrutitik jarraitzen egongo zara zure taldekideak egiten ari diren denboraldi-aurrea. Larunbatean 6-1 irabazi zioten Huescari. Zer espero duzu zuk sasoi berriaz? Aurrekoa ahaztezina izan zen.
Multzo moduan hazten segitzea eta lehiatzeko orduan beste urrats bat egitea; horixe espero dut sasoi berrirako. Hori lortuz gero, ez digute ihes egingo aurreko sasoian irabazi ez genituen hainbat partidak. Gainontzekoan, gure estiloarekin jarraitu behar dugu, eta irabazteko eta hobetzeko grinarekin jardun. Kopa irabazi izanak ezin digu grina hori kendu. Alderantziz, motibazio eta hauspo bat izan behar du bide horretan jarraitzeko.
Nola lor daiteke hori?
Multzo honek berezkoa duen zerbait dela uste dut. Jokalari gehientsuenak gazteak gara oraindik, baina dagoeneko bidea egiten ari gara goi mailako futbolean, eta urratsak egiten segitu nahi dugu. Garbi ditugu gauzak. Gainera, denek dakigu nolako entrenatzailea dugun. Gutxik motibatzen dute multzo bat Imanolek [Alguacil] bezain ondo: bizi egiten du bere lana eta Reala. Hori transmititzen digu une oro.
Duela egun batzuk jakin zen Alexander Isakek 2026 arte luzatu duela kontratua. Taldearen bizkarrezurrak segitzea funtsezkoa da, ezta?
Dudarik gabe. Mezu bat ere bada: erakusten du Reala proiektu lehiakor, irabazle eta sendo bat egiten ari dela datozen urteetarako. Eta jokalariak horretaz jabetzen eta konturatzen gara.
Taldeak aurreko sasoian baino hobeto joka dezake?
Dudarik gabe, hori da asmoa. Aipatu bezala, ihes egin ziguten partida batzuek ezin digute ihes egin. Betisen aurka Anoetan jokatu genuena da adibide argigarriena. 2-0 egonda aurretik, berdindu egin zuten azken minutuetan, eta horrek eragina izan zuenegun batzuk geroago haien aurka jokatu genuen Kopako kanporaketan. Abantaila horiei hobeto eusten ikasi behar dugu: baloiari eutsiz, faltak eginez kontrarioen kontraerasoak zapuzteko...
Europa ligan beste urrats bat egitearekin amesten duzu?
Helburu polita izan daiteke. Aurreko denboraldian ikusi genuen zer dakarren hiru txapelketa jokatzeak, eta nolakoa den Europa liga. Beraz, eskarmentu horrekin, zergatik ez?
Bartzelonak fitxatu nahi zintuela zabaldu zen. Nola hartzen dituzu halako zurrumurruak?
Lasai hartzen ditut. Lanean ondo ari naizela esan nahi du. Baina oso pozik nago Donostian, eta zaleek ondo dakite hori.
Tokioko Olinpiar Jokoak. Mikel Merino. Futbolaria
«Umiltasunez heldu behar zaie halako txapelketei»
Merinok nabarmendu du araudia kontuan hartuta futbolari batentzat ez dela erraza Olinpiar Joko batzuetan aritzea. Txapelketa polita espero du: «Joko entretenigarria ikusiko da». Ondoren, Realean jarriko du arreta osoa: «Hazten segitu nahi dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu