Espainiako Lehen eta Bigarren Mailan ibilbide luze eta oparoa egin arren, Jose Luis Mendilibar (Zaldibar, Bizkaia, 1961) ezezaguna zen askorentzat. Teknikari moduan, bederen. Hedabideen aurrean zeresana ematen zuen entrenatzailea izateagatik zen ezagunagoa futbol jarraitzaile multzo handi batentzat. Sevillara (Espainia) ailegatu den arte. Julen Lopetegirekin eta Jorge Sampaolirekin oso egoera arriskutsuan sartu zen taldea hartu, bere egin, eta Europa ligako finalera eraman du zaldibartarrak. Mailari eusteko salbagailu gisa iritsi zen, baina hori baino askoz gehiago izaten ari da.
«Oso entrenatzaile gertukoa da. Izaera naturala eta erabakiak hartzeko eta jakinarazteko zintzotasuna dira Mendiren sekretua. Ez dio sekula aldagela batek eskuetatik ihes egingo», azpimarratu du Iñaki Beak (Amurrio, Araba, 1978). Zaldibarko entrenatzailearen aginduetara jokatu zuen Valladoliden, eta 2014tik 2021era arte Mendilibarren bigarren entrenatzailea izan zen Levanten eta Eibarren. «Sampaoliren metodo analitikoarekin alderatuta, metodo globalagoa ezarri du. Bere futbol ideiara erakarri ditu jokalariak, transmititzeko gaitasun hori ere badu eta. Jokalariak egunero ilusioz doaz entrenatzera».
Lau fasetan banatu du Zaldibarko entrenatzailearen futbol estiloa: «Baloiarekin, beti aurreraka jokatu nahi duten horietakoa da. Erdiraketa asko jarri eta areara jende askorekin ailegatzea funtsezkoa da harentzat. Baloia galtzen duenean, aurreraka defendatzen du, intentsitate handiko presio aurreratua eginez. Baloirik gabe, oso aurrean defendatzea eskatzen die jokalariei, eta hegalekoak bi jokalariren artean kokatu ohi ditu. Azkenik, baloia berreskuratzean, segurtasun pasea eman baino gehiago, nahiago du lehendabiziko baloia beti aurreraka jokatzea». Modu «sinplean» jokatzea da gakoa. «Hori da gaur egungo gauzarik zailenetakoa. Twitterren sartzen bazara, badirudi mundu guztia futbolaren katedratikoa dela. Batzuetan, entrenatzaileak erotu egiten gara, eta erotu egiten ditugu jokalariak. Gaztetatik jokalariak gehiegi automatizatzen ari gara».
Manix Mandiola (Eibar, Gipuzkoa, 1958) Mendilibarren gertuko laguna eta konfidentea da. «Ezagutu nuenean bezalakoa da orain; gizon lasaia eta naturala. Horregatik atera zaizkio gauzak hain ondo». Beste ezaugarri bat nabarmendu nahi izan du: «Gaitasun handia dauka jendeak bere diskurtsoa barneratu dezan. Sinesten duen hori transmititzeko erraztasuna dauka, lasaitasunez eta ezer inposatu gabe». Iritzi berekoa da Bea: «Ez da nagusia, liderra baizik. Levanten geundenean, utilleroak haserretu egiten zitzaizkion materiala gordetzen laguntzen zuelako».
Egon den toki guztietan «estima handia» diotela uste du Mandiolak». Gasteizen ez zuen nahikoa denbora izan, baina gainontzeko toki guztietan, Eibarren, Lanzaroten eta Iruñean, kariñoa diote. Zergatik daude hainbeste entrenatzaile euskal herritar goi mailan entrenatzen? Agian besteek ez duten zerbait badugu, gauzak egiteko orduan beste normaltasun bat». Sevillan ere agerikoa da maiteminduta daudela zaldibartarrarekin. Horren erakuslea da zaleek Mendilover leloa daramaten kamisetak egin izana. «Disfrutatzen ari da Sevillan. Iritsi eta berehala, eskutik jaten zeuzkan jokalariak eta gainontzeko guztiak. Hori bai, entrenatzaile normala eta naturala da, baina baita oso exijentea ere. Lana egiten duenak soilik jokatuko du, hori negoziaezina baita Jose Luisentzat», nabarmendu du Mandiolak.
Entrenatzaile «egokia»
Bearen iritziz, Sevillaren gisako hiri eta klub batentzat entrenatzaile «aproposa» da Mendilibar. «Oso modu suharrean bizi dute futbola, eta Mendiren estiloak asko du pasiotik. Futbol horretan gauzak gertatzen dira bi areatan. Tamalez, gaur egun gehiago goaz bestelako estereotipoak betetzen dituzten entrenatzaileen futbolera. Badirudi Espainia hegoaldeko talde batzuek errezelo pixka bat bazutela Euskal Herrian edo Valladoliden arrakasta izan duen entrenatzaile bat fitxatzeko». Teknologiaren kontrako jarrera azaldu izanak ere «mesederik ez diola egin» uste du Beak. «Berak badaki erremintak erabiltzen, baina ez da horiekin erotzen. Horixe Mendik aurkaria aztertu eta datuak begiratzen dituela, baina ez da GPSak eman dituen datuekin zoratuko».
Liga amaitzeko jardunaldi baten faltan, eta Europa ligako finala jokatu aurretik, Mendilibarren etorkizuna zehaztu gabe dago. «Sevillak ez du aurrerapauso bat eman, eta ez du zertan eman. Lopetegirekin eta Sampaolirekin kale egin zuten, eta ez dute hirugarren aldiz hanka sartu nahi. Beraz, ni Jose Luis izango banintz, Sevillak berarengan interes handirik jartzen ez badu, zerbait hobea bilatuko nuke». Beak ere ez dauka argi Mendilibarrek Sevillan jarraituko ote duen. «Agian, Sevilla aurreratu egin zen, eta beste norbait lotua du datorren denboraldirako. Edonola ere, hilabete hauek garrantzitsuak izan dira Jose Luisentzat, ez soilik berriro gurpilean sartu delako, baizik eta jaitsieraren lehian zeuden taldeetarako soilik balio zuen entrenatzailearen irudia apurtu duelako». Umiltasunaren garaipena izan da ezeren gainetik.