futbola

Uholdearen erdian, oinez

Autobusetik jaitsi dira Athleticeko kideak, eta oinez zeharkatu dute zaleek osatutako ibai zuri-gorria Erriberatik udaletxeraino.

2009ko maiatzaren 16a
13:57
Entzun
Azkenean, gabarrarik ez eta autobusik ez, ez estali bakoa ez ohikoa. Azkenean, oinez. Erriberan autobusetik jaitsi eta udaletxerainoko bidea oinez egin zuten Athleticeko jokalari eta entrenatzaileek, itsaso zuri-gorri baten erdian. Ibai oso bat osatu zuten zaleek Bilboko kaleetan, harrera ekitaldi jendetsua egiteko. Uholde bat, Ibaiazabal ibaiak gainez egin izan balu legez. Nahiz eta 1983koak baino leunagoa izan.

Urte hartan, Espainiako Kopa irabazi zuen Athleticek. Aurten, atarian geratu da. Halere, ez zegoen uhaterik zaleei eutsiko zienik, eta futbolariek ezin izan zuten saihestu txalo eta oihu zaparrada. 1983an eta 1984an Athleticen garaipenen ikur bihurtu zuten gabarra Bilboko Itsas Museoan amarratuta utzi behar izan zuten, askatzeko gogoa bazuten ere. Baina, lur gainean joan ziren.

San Anton zubi parean zegoen jarrita hitzordua, 18:00etan. Ordu erdi lehenagotik jendea pilatuz zihoan bertan: ume eta guraso, zahar eta gazte, elastiko, bufanda, zapi, bandera, ikurrin, txapel, aurpegiko margo eta abarrekin, aurtengo udaberrian Bizkaia osoan boladan ipini diren koloretakoak. Ordua iristean, udaltzainek bidea itxi zuten, eta baimena eman zieten han bildutakoei errepidea okupatzeko.

«Eta, ez badatoz?»

Jendea begira, itxoiten, denbora luzez, eta batek baino gehiagok murmurikatu zuen zalantza: «Eta, ez badatoz? Ez zuten ba bertan behera utziko dena, ezta?». Izan ere, goizean, Lezaman, Athleticeko jokalari bik, Markel Susaeta erdilariak eta Gorka Iraizoz atezainak, ekimena «larregi» iruditzen zitzaiela adierazi zuten, eta Ligako hurrengo partidarako bi egun falta zirenean futbolariak horrelako harrera baten murgiltzea kritikatu zuten. Haien ustez, finala galdu ostean, ez zegoen ospatzeko ezer.

«Estaligabeko autobusarena oso gauza neurrigabea da, tontakeria bat, ez hankarik ez bururik ez duena», adierazi zuen Markel Susaetak. Erdilari eibartarrak oso gogor gaitzetsi zuen ekitaldia: «Igandean partida bat dago -Espanyolen aurka, Bartzelonan-, eta ez da inoren buruan sartzen ostiralean horrelako ekitaldi bat egitea».

Kopako finalean lau gol jaso zituen atezain nafarrari ere ez zitzaion ondo iruditu ospakizuna. «Ez da unea», adierazi zuen. «Eskertzekoa da jarraitzaileak gaur [atzo] arratsaldean ere gurekin egotea, baina taldeko kideoi beste era batera egitea gustatuko litzaiguke».

Adibidez, hurrengo asteko jardunadian, San Mamesen, Atletico Madrilen aurkako partidan. «Hemen denok gara Athleticekoak, baina, une gogorrak ari gara pasatzen [finala galduta], eta patxadaren eta gogoetaren beharra izaten dugu batzuetan. Hau pasatzea gura dugu». Hala ere, behin udaletxera iritsita -19:15 inguruan-, balkoira irten eta esker hitzak izan zituzten jokalari guztiek, baita Iraizozek berak ere: «Pena handia daukagu Kopa hemen ez egoteagatik, baina, gure saria zuek zarete; eskerrik asko».

Udaletxe ingurua, lehertzear

Athleticeko kideek ezin zuten sinetsi ikusten ari zirena ibilbidean. Areatzako pasealekura hurreratzen zihozela, gero eta jende gehiago, bozgorailuetatik Athleticen abestiak, eta zaleak kantatzen, algara betean: «Gu ere bai, harrooobi!». Udaletxe ingurua, bonba bat zen, lehertzear zegoena. Alboko biribilgunea muino zuri-gorria. Ibaiaren albo biak eta zubia leporaino beteta. Balkoietatik begiluzeak. Ontzi batzuk ere bai ibaian gora eta behera udaletxe aurrean. Bostekoak luzatuz eta sinadurak oparituz, azkenean sartu ziren eraikinera jokalariak, entrenatzaileak eta ordezkariak.

Barruan, Areto Arabiarrean, jokalariak zirkuluan jarrita, Udalaren harrera instituzionala jaso zuten -gero, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzan ere egingo zien Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak-. Iñaki Azkunak eta Fernando Garcia Makuak elkarrenganako esker hitzak izan zituzten, eta alkateak barkatu egin zion Athleticeko presidenteari Espainiako Kopa Bilbora ekarri ez izana, Garcia Makuak barkamena eskatu zuenean. Bitartean, kanpoan iskanbila gor geratzeko modukoa zen: «Athletic, geuria!».

Udaletxeko balkoira irten zirenean jokalariak, zoratu jarraitzaileak. Koikili izan zen euskaraz berba egin zuenetako bat, jendetzak uzten zion neurrian: «Eskerrak eman nahi dizkizuet», eta eten oihu indartsu batekin, «taldekide guztiek bezala, eta gogoratu zuek zaretela benetako txapeldunak», aldarri ostera ere, «eta zuekin zorretan gaudela; datorren urtean ekarriko dugu, seguru! Aupa Athletic!».

Omenaldiak alderantziz behar zuela esan zuen balkoitik Iraolak: «Seguruenik, hemen batu zareten guztiok egon beharko zenukete hemen goian, eta guk hor behean». Velezek, «harrituta» zegoela onartu ostean, esan bezala: «lurrean hau gertatu bada, zer pasatuko zen ibai gainean?». Denek ziurtatu zuten datorren urtean baietz, itzuliko direla, Koparekin eskuetan eta gabarra gainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.