Osasunak beste muturreko bat jaso du. Ez du ezustean harrapatu, baina horrek ez du esan nahi gogorra ez denik. Nafarroako klubak ez zuen itxaropen handirik Europako Futbol Federazioaren (UEFA) Apelazio Batzordean aurkeztutako helegitearekin. Zail ikusten zuten Apelazio Batzordeak haren Kontrol, Etika eta Diziplina Batzordeko ikuskatzaileek proposatutako zigorra bertan behera uztea.
Eta halaxe gertatu da: Apelazio Batzordeak atzera bota du Osasunak Konferentzia liga ez jokatzeko zigorraren aurka aurkeztutako helegitea. Hau da, bere egin du ikuskatzaileek egindako txostena. Haien arabera, Nafarroako taldeak ezin du Konferentzia liga jokatu, klubaren agintari izandako batzuk 2013-2014ko denboraldiko Espainiako Lehen Mailako bi partidaren emaitzak adostu zituztelako.
Apelazio Batzordeak Osasunak aurkeztutako helegitea atzera bota eta gero, klubari aukera bakarra geratzen zaio datorren denboraldian Konferentzia liga jokatu ahal izateko. Kirola Arbitratzeko Epaitegiak (TAS) arrazoia ematea da. Emango balio, behin betikoa litzateke, eta Europako kluben arteko lehiaketa bat jokatuko luke hamasei urteren ostean. Osasunak jada iragarri du TASera joko duela. «Gure eskubideen aurkako erasoa da», azpimarratu dute. Behin erakunde horretan helegitea aurkeztuta, zain geratuko da. Abuztuaren 7an zozkatuko dute Konferentzia liga.