Europako Justizia Auzitegiak ebatzi du FIFAk eta UEFAk ezin diotela betoa jarri Superligaren sorrerari, eta «botere gehiegikeriaz» jardun zutela txapelketa horren antolakuntzaren kontra. Gainera, defendatu du kluben arteko txapelketak baimentzeko eta onartzeko dituen arauak Europako zuzenbidearen aurkakoak direla. «Ez dira legezkoak», dio epaiak. Horrenbestez, ezingo dituzte klubak zigortu halako txapelketa bat antolatzeagatik, ezta jokalariak horietan parte hartzeagatik ere. Hori bai, antolatu nahi dutenei ohartarazi die «haien bideragarritasuna» bermatu eta negoziatu beharko dutela. Ezin zaio errekurtsoa jarri epaiari.
Txapelketa horien ustiapen komertzialari dagokionez, argia da auzitegiak ebatzitakoa: «Egungo arauek FIFAri eta UEFAri ematen diete kontrol hori, eta hori konpetentziaren aurkakoa izan daiteke, txapelketa horiek hedabideentzat eta ikusleentzat duten interesa kontuan hartuta». Lehen begiradan, epaia kolpea da bi erakundeentzat, baina hau ere badio: «Epai honek ez du esan nahi ezinbestean onartu behar denik Superligaren moduko txapelketa bat sortzea. Epaitegi honi FIFAren eta UEFAren araudiei buruz galdetu zaio, ez txapelketa horren inguruan».
Epaia atzo eman zuten, eta haren berri izan eta berehala mintzatu da Bernd Reichart, A22 enpresako kontseilari ordezkaria. Enpresa hori Superligaren bultzatzailea da: «Amaitu da FIFAren eta UEFAren monopolioa; lehiaketak antolatzeko eskubidea irabazi dugu». Aurrekariak ikusita, zaila zirudien epaia haien aldekoa izatea. Izan ere, duela urtebete, abenduaren 15ean, Europako Justizia Epaitegiari txosten bat bidali behar zion abokatuak, Athanasios Rantos greziarrak, argudiatu eta defendatu zuen Superligak eskubidea zuela txapelketa antolatzeko, baina gaineratu zuen UEFAk eta FIFAk ere zigorrak jar zitzaketela. Gainera, zioen Superligak bi erakundeen baimena eta oniritzia behar zuela txapelketa antolatzeko, «objektiboki eta bazterkeriarik gabe». Kasu honetan, ordea, epaiak dio ezingo dituztela zigorrak jarri.
Kontrara mintzatu da UEFA: «Epai honek ez dio babesa ematen Superligari. Horren ordez, gure erakundeen araudian txapelketen antolakuntza baimentzeko orduan zegoen gabezia bat jasotzen du. Guk geuk iaz onartu genuen hori, eta heldu diogu gaiari. Uste osoa dugu arau berrien sendotasunean eta legezkotasunean. Gobernuek eta zaleek eman zuten beren iritzia bere garaian, eta guk elkartasunean eta kirol merituetan oinarritutako eredu batean sinesten dugu».
Eredu berria
1995 Bosman legeak futbolean aldaketak eragin zituen moduan, baliteke epai honek ere aldaketak ekartzea, batez ere txapelketen antolakuntzei dagokienez. Hasieran, hamabi taldek bultzatu zuten Superligaren proiektua: Arsenalek, Atletico Madrilek, Bartzelonak, Chelseak, Interrek, Juventusek, Liverpoolek, Manchester Cityk, Manchester Unitedek, Milanek, Real Madrilek eta Tottenhamek. 2021eko apirilaren 19an egin zuten proposamena. Baina hurrengo egunean, zaleen eta gobernuen aurkako jarrera ikusita, ia guztiek atzera egin zuten. Bartzelonak, Juventusek eta Real Madrilek baino ez zioten eutsi txapelketa antolatzeko asmoari. Italiarrek, baina, atzera egin zuten gero, UEFAk klubak zigortzeko egindako mehatxuaren ostean.
Ondoren, bultzatzaileek erabaki zuten proiektuaren hasierako eredua zabaltzea eta aldatzea. Hiru mailetako txapelketa bat izatea proposatu zuten, hirurogei talderekin. Gainera, txapelketaren kudeaketa eta ustiapena klubek egitea hobetsi zuten, eta herrialdeetako ligekin batera jokatzea. Baina, azkenean, epaitegietara iritsi zen auzia, Manuel Ruiz de Lara epaileak epaiketa aurreko kontsulta bat egin baitzion Europako Auzitegiari, UEFAk eta FIFAk «gehiegizko boterez» jokatu ote zuten argitzeko. Hori ebatzi zen atzo.
Epaia jakin bezain laster aurkeztu zuten atzo Superliga antolatzeko egitasmo zehatza. 64 taldek osatuko lukete, eta hiru mailatan egongo litzateke banatuta: Star League, Gold League eta Blue League. Lehen bietan hamaseina taldek hartuko lukete parte, eta hirugarrenean, berriz, 32k. Ez litzateke klub finkorik egongo, eta parte hartzea kirol merituen arabera neurtuko litzateke. Jaitsierak eta igoerak egin beharko lituzkete, beraz. Klubek hamalau partida jokatuko lituzkete denboraldiero, gutxienez, zortziko multzotan joaneko eta itzulerako partidak izango bailirateke. Denboraldi amaieran kanporaketak izango lirateke, eta horietan erabakiko lirateke igoerak, jaitsierak eta txapeldunak. Gizonezkoen eta Emakumezkoen Superliga egongo litzateke, eredu berarekin. Ikusteko dago, besteak beste, atzera egin zuten klubek zer jarrera hartuko duten orain.