Ezetz eta ezetz, eta ez da ezustea: UEFAk eta FIFAk atzera bota dute beste behin ere euskal selekzioaren ofizialtasunaren inguruan Euskadiko Futbol Federazioak egindako azken eskaera. Bi erakunde horietan, eskubide osoko kide gisa afiliatzeko eskatu zenean bezala, atea itxi diote oraingo eskaerari. Gai hari lotuta dago hau ere. Federazioak iazko urrian eskatu zien beren kongresuetan jorratu behar dela gaia, baina ez datoz bat horrekin bi erakundeak.
2020ko abenduan, federazioak modu formalean aurkeztu zien UEFAri eta FIFAri bertan afiliatzeko eskaria. Haien Batzorde Betearazleek 2021eko uztailaren 11n eta 31n eman zuten ebazpena: ukatu egin zioten eskaera federazioari. Nazioarteko bi erakunde horien estatutuak aztertu eta gero, federazioa jabetu zen organo horiek ez dutela eskumenik euskal selekzioaren eskaeraz aritzeko. Horregatik aurkeztu zuen beste idatzi bat gero, eskatuz UEFAko eta FIFAko kongresuetan lantzeko gaia. Eman dute erantzuna: ezetz.
Federazioaren antzeko eskaeren inguruan emana dauka epaia Kirola Arbitratzeko Epaitegiak (TAS). Jerseyko eta Gibraltarko futbol federazioei UEFAko eta FIFAko Batzorde Betearazleek eman zioten ezezkoa bi erakundeetan afiliatzeko eskaerari, eta TASek epaian adierazi zuen bi erakunde horietako kongresuetan landu beharreko gaia dela.