UEFAk espedientea zabaldu zion duela egun batzuk Athletici, Erromaren aurkako Europa Ligako final-zortzirenetako partidari lotuta izandako istiluengatik. Bada, jakinarazi du zer zigor jasoko duen talde zuri-gorriak: 34.000 euro. Zigorrik handiena 30.000 eurokoa izango da, eta honengatik ezarri diote: San Mamesko zabalgunean bengalak eta bestelako objektuak jaurtitzeagatik eta sute bat eragiteagatik. Bestea, berriz, 4.000 eurokoa da, eta honengatik jarri diote isuna: Erromako zaleak zeuden eremuan irteerako eskailerak blokeatuak zeudelako.
Tentsio giroa izan zen egun hartan Bilbon. Ertzaintza Athleticeko eta Erromako zaleei oldartu zitzaien, eta hamabi atxilotu egon ziren. Italiako taldearen 2.000 zale inguru izan ziren Bilbon. Estadiora gerturatutakoan, bi taldeetako zaleek istiluak izan zituzten —elkar iraindu zuten, eta elkarri botilak jaurti zizkioten—.
Zigorra ekonomikoa da. Izan ere, multzoen fasean Athleticek Erroman jokatutako partidan, zale zuri-gorri batzuek bengalak jaurti eta gero, UEFAk beste 30.000 euroko zigorra jarri zion klub zuri-gorriari, eta abisua eman zion agian bestelako neurriren bat hartuko zutela. Horietako bat zera zen: zaleei ez uztea hurrengo partidara joaten. Neurri hori hartu izan balute, zaleek ezingo zuten apirilaren 10ean Glasgowra bidaiatu, bertan jokatuko baitu Athleticek final-laurdenetako joaneko partida. Baina UEFAk ez du halako neurririk hartu, beraz, zaleek arazorik gabe bidaiatu ahal izango dute.