UEFAk 30.000 euroko zigorra jarri dio Athletici, zaleek Erroman eragindako istiluengatik

Debekua ezarri dio Europa ligan taldeak etxetik urrun jokatzen duen hurrengo partidan zaleei sarrerak saltzeko. Baina azken zigor hori gibeleratu egin du, eta datozen bi urteetan halakorik berriz gertatzen ez bada, ez du bete beharko.

Athleticen zaleak bengalak piztu ostean, Erromako estadioan. FABIO FRUSTACI / EFE
Athleticen zaleak bengalak piztu ostean, Erromako estadioan. FABIO FRUSTACI / EFE
ainara arratibel gascon
2024ko urriaren 16a
19:34
Entzun

UEFAk jakinarazi du zein zigor jarri dion Athletici Europa ligako partidan hainbat zalek Erromaren zelaian eragindako istiluengatik. Talde zuri-gorriaren zale batzuek bengalak piztu zituzten partida hartan, eta objektuak jaurti zituzten. Hala, UEFAk 30.000 euroko isuna jarri dio talde zuri-gorriari. Horrekin batera, debekua ezarri dio Europa ligan taldeak etxetik urrun jokatzen duen hurrengo partidan zaleei sarrerak saltzeko. Baina azken zigor hori gibeleratu egin du, eta datozen bi urteetan halakorik berriz gertatzen ez bada, ez du bete beharko.

Partida amaitu eta berehala, Athleticeko lau kapitainetatik bi, Oscar de Marcos eta Iñaki Williams, zaleengana hurbildu ziren, eta argibideak eskatu zizkieten egindakoagatik. Gainera, egin zutena gaitzetsi zuten; ondorengo prentsa agerraldietan, Ander Herrera jokalariak eta Ernesto Valverde teknikariak ere txarretsi zuten gertaturikoa. Athleticek, halaber, ohar bat atera zuen adieraziz gaitzetsi egiten zutela eginikoa. «Gure zaleen multzo txiki batek izandako jarrera salagarria da; hau ez da gure estiloa. Egin dutena ez dator bat gure klubaren balio historikoekin: kiroltasuna, errespetua eta elkarbizitza. Halako jarrerek gure klubaren irudia zikintzen dute, eta ez ditugu onartuko».

Athleticek berri eman duenez, istiluei lotutako hamabost zale identifikatu ditu: hamar talde zuri-gorriko Herri Norteko zaleen taldekoak. Horien artean bi dira Athleticeko bazkide, eta Diziplina Batzordearen esku utzi du haien inguruko txostena, neurriak eta zigorrak ezartzeko. Oraingoz, ez diete salduko sarrerarik etxetik kanpoko partidetarako. Bazkide ez direnei, gainera, ez diete utziko San Mamesen eta Lezaman sartzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.