Tania Calvo

Udazken gozoena

Munduko Kopako bost domina irabazi ditu azken bi asteetan, eta sailkapeneko lehen postuan dago taldekako abiaduran eta bakarkako esprintean. Rio ahaztuta, emaitzek bere anbizioa handitu behar dute.

Imanol Magro Eizmendi.
2016ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Tania Calvok bere ibilbideko egunik gozoenak bizi ditu. Azken bi asteburuetan, Pistako Munduko Kopako bi probatan parte hartu du, Glasgown (Eskozia) eta Apeldoornen (Herbehereak), eta bost domina irabazi ditu. Horietatik bi urrezkoak izan dira, Helena Casasekin batera, eta, horri esker, taldekako abiadurako sailkapen nagusiko buruan daude. Beste bi proba falta dira Munduko Kopa bukatzeko, baina, hain ondo hasi ondoren, anbizioa logikoa da. Are gehiago, emaitzek ilusioa piztu diete Munduko Txapelketetara begira. Horiek apirilean jokatuko dira, Hong Kongen.

Tania Calvok modu garratzean esan zien agur Rioko Olinpiar Jokoei iragan abuztuan. Taldekako abiaduran diploma lortu ondoren, erorketa ikusgarria izan zuen keirinean, eta gero, bigarren aukeran, kanporatua izan zen. Urteko helburu garrantzitsuena zenak ez zuen esperotako amaierarik izan. Pistako txirrindularitza egutegia, baina, bizkor doa, Calvo belodromoan bizikleta gainean bezain bizkor, eta hilabete gutxi batzuk aski izan dira gasteiztarrak poza berreskura dezan.

Munduko Kopako egutegia hasi eta berehala, bere ibilbideko bi asterik gozoenak izan ditu Calvok. Lehen bi probetan, domina uzta harrigarria lortu du: bost guztira; bi taldeka, Helena Casasekin, eta hiru banaka. Azken probetan mundu mailako hainbat izen handi falta izan dira, baina horrek ez dio meriturik kendu behar, markak oso onak izan baitira, eta horiek dira neurgailua.

Udazkeneko bolada ona, dena den, urrian hasi zen, Europako txapelketetan. Parisen bi domina lortu zituen Calvok: zilarra taldekako abiaduran eta brontzea esprintean. Orduko sasoiari hilabetez eutsi dio, eta iragan astean, Glasgowko belodromoan, bi domina irabazi zituen: urrezkoa taldekako abiadura proban eta brontzea bakarkakoan.

Apeldoornen, baina, asteburu honetan, uzta hobetu du, hiru domina lortu baititu parte harturiko hiru probetan. Taldekako abiaduran, Casasekin beti bezala, urrezkoa, finalean Kyra Lamberink eta Shanne Braspennincx herbeheretarrei irabazita. Larunbatean, bakarkako abiaduran brontzea lortu zuen, Pauline Grabosch alemaniarra eta Wai Sze Lee Hong Kongo parte hartzailearen atzetik. Azken domina, zilarrezkoa, igandean irabazi zuen, bakarkako esprintean. Calvok finaleko bi lasterketak galdu zituen Leeren aurka.

Munduko Kopa bukatzeko bi proba falta dira, Calikoa (Kolonbia) eta Los Angeleskoa (AEB), baina otsailean jokatuko dira. Gaur egun, Calvo taldekako eta bakarkako esprint sailkapen nagusiko buruan dago, eta hirugarren bakarkako abiadura proban. Gauzak asko okertu beharko lirateke probetako batean, edo bitan, podiumean ez bukatzeko. Bestalde, gizonezkoetan, Juan Peralta nafarrak brontzea lortu zuen Apeldoornen, keirinean. Peralta bosgarren dago proba horretako sailkapen nagusian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.