Duela astebete amaitu zen uda. Pilotan, ordea, gaur amaituko da. Gaur jokatuko dute uda garaiko azken torneoko finala: Mastersekoa. Joseba Ezkurdia eta Jon Mariezkurrena Jokin Altunaren eta Ander Imazen aurka ariko dira Iruñean, Nafarroa Arenako pilotalekuan (17:00, ETB1).
Finalerdia jokatu, irabazi, eta egun eta erdira ariko dira bi bikoteak. Ezkurdia-Mariezkurrena II.ak nagusitasunez irabazi zieten Erik Jakari eta Jose Javier Zabaletari: 22-7; hasi eta buka gailendu ziren. Altuna III.a-Imazi, ordea, gehiago kostatu zitzaien Iker Irribarria eta Jon Ander Albisu mendean hartzea: 22-15. Sufritu egin zuten hasieran (8-13), baina eutsi egin zuten lehenbizi, eta hautsi gero: 14-2ko partziala lortu zuten.
Udan egindako lanari erreparatuta, Ezkurdia-Mariezkurrena II.a dira faborito. Ikusgarri ari dira biak ala biak. Aspeko aurrelariak sanferminetako lau eta erdikoa eta Gasteizko eta Donostiako torneoak irabazi ditu; Baikoko atzelaria, berriz, jokatu dituen bost torneoetatik lautan nagusitu da: sanferminetakoan, Bizkaikoan, Bilbokoan eta Donostiakoan. Elkarrekin irabazi zuten Gipuzkoako hiriburukoa; beraz, bigarren txapela nahi dute Mastersean.
Askoz apalago aritu dira Altuna III.a eta Imaz. Aurrelariak uda gorabeheratsua izan du: lehenbizi, ezker eskuko hatz adierazlea sendatu behar izan zuen; eta gero, hiru astez egon zen jokatu gabe eskuin hankan min hartu ondoren. Baina garaiz suspertu da. Joan den astean, sanmateoetako torneoa irabazi zuen Julen Martijarekin, eta, gaur, Masterseko finala jokatuko du Imazekin. Atzelariak ez du txapelarik lortu —finala jokatu zuen Gasteizen, Lasorekin—, baina Mastersean nabarmendu da.
Txapelketa horretan, nor baino nor gehiago aritu dira gaur finala jokatuko duten bi bikoteak. Ezkurdia-Mariezkurrena II.ak sei partidetatik bakarra galdu dute, Irribarria-Albisuren aurka. Lehenak izan ziren ligaxkan, eta zuzenean sailkatu ziren finalerdietarako. Haien atzetik geratu ziren Altuna III.-Imaz. Ezkurdia-Mariezkurrenaren II.aren aurka galtzeak utzi zituen lehen tokitik kanpo:22-20 galdu zuten Getarian (Gipuzkoa). Irabazi egin dituzte beste sei partidak. Beraz, ligaxkak segida izan du azken txanpan, eta lehen bi sailkatuak ariko dira udako azken torneoa irabazteko lehian.
Giro ederra egongo da Nafarroa Arenan. Herenegun, 1.500 lagun inguru egon ziren harmailetan, eta gaur, gehiago izango dira.
Mastersari lau eta erdikoak hartuko dio lekukoa; datorren astean hasiko da. Asier Agirrek jokatuko du, atzo 22-13 irabazi baitzion Joanes Bakaikoari atarikoan.
Udari txapela jarri nahi diote
Ezkurdia-Mariezkurrena eta Altuna-Imaz ariko dira gaur Masterseko finalean, Nafarroa Arenan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu