Izerdiak bizi du kirolaria. Hargatik, lehiatzeko aukera nekez uzten du pasatzen. Zer esanik ez egutegia ziurgabetasunak markatzen duenean. Koronabirusaren krisia hasi orduko hori izan zen herri kirolen lasta: hurrengo txapelketa noiz izango zen ez jakitea. Iaz, zenbait plaza egitekomoduan izan ziren herri kirolariak, baina gutxi izan ziren aurreko urteekin alderatuta. Aurten handitu egin da kopuru hori. Txapelketei dagokienez, bereziki.
Mikel Larrañagaren (Azpeitia, Gipuzkoa, 1989) eta Karmele Gisasola Zelai III.a-ren (Mallabia, Bizkaia, 1994) egutegiak dira horren adibide. Biek zenbait txapelketa jokatu dituzte azken hilabeteetan. Esaterako, estreinaldia egin zuten pentatloian, ekainean,ohiko diziplinak ez dituztenak probatuz. Ordutik, ahal duten gehienetan aritu dira lehian. Irabazi ere egin dute; joan zen igandean nagusitu ziren biak.
Larrañagak sona handiko lorpena eskuratu berri du: Urrezko Kopa. Entzute handiko torneo bat izaki —36. aldia zuen—, pozak bildu zuen aizkolari azpeitiarra: «Aizkorako lorpenik handienetako bat da, eta hori irabaztea pozgarria da». Larrañagak estreinako aldiz lortu du Urrezko Kopan gailentzea, hamalau kana-erdikoak 31 minutu eta 29 segundoan ebakita. Iker Vicente bigarren sailkatuari 44 segundoren tartea atera zion. Garaileen zerrendan azken-aurrekoa da Vicente. Haiez gain, beste bederatzi lagunek soilik irabazi dute Donostiako Trinitate plazan, hogeita hamar urtean: «Euskadiko Txapelketarekin batera, oso lehiaketa inportantea da. Aizkolari bati gustatzen zaio bertan irabaztea».
Gisasolak, berriz, bere egin zuen etxean jokatutako Harri-jasotze Txapelketako lehen txapela: «Poza dut, lehenik eta behin, emakumezkoen txapelketa egin delako, gugan pentsatu dutelako. Eta, gero, baita txapela jantzi dudalako ere».
Bost minutuko txandatan aritu ziren harri jasotzaileak, 62,5 kiloko zilindro zaharrarekin eta bolarekin. Ohi baino proba luzeagoa izan zen, normalean bizpahiru minutuko txandetan aritzen direlako: «Hasieran, ez genekien nola arituko ginen, jauzia zegoelako. Dena ondo irten zen, ordea». Zelai III.ak 75 jasoaldi egin zituen guztira; Lucia Orbe izan zen bigarren, 68 jasoaldirekin.
Aukerak baliatuz
Iazko uda arraroa izan zen herri kirolarientzat. Haien udako heldulekurik behinena, herriko jaietako jaialdiena, hutsaren hurrengoa izan zen. Aurten ere ez daude kriskitinak jotzeko moduan, Larrañagak zehaztu duenez: «Txapelketen aldetik, ari da apur bat mugitzen, baina erakustaldiena geldi samar dago. Batzuk egin ditut, baina beste urteetako mugimendurik ez dago. Aurten,zerbait egin du gora, eta espero dugu datorren urtean ere beste zerbait egingo duela. Ea denborarekin lehengo garaietara itzultzen garen».
Gisasolak bestelaz erreparatu dio aurtengo udari. Aitortu duenez, «nahikotxo» ari da lehiatzen, baita erakustaldietan parte hartzen ere. Esan duenez, «ondo» doa uda. Emakumezkoen lehendabiziko binakako pentatloiarekin hasi ziren lehiatzen, eta ordutik ez dute etenik izan: «Nesken txapelketak egin eta egin aritu gara: pentatloiaren ostean, Sherpa.Ai-rena jokatu genuen, gero harri baldarrena, gero Mallabikoa, irailean banakako pentatloia dugu...».
Haiek guztiak estreinako aldiz egin dituzte. Horrenbeste diziplina ezberdin uztartuta, prestaketa aldian eragina izaten duela azaldu du Gisasolak: «Dena nahi da, eta dena ezin da».
Estreinaldi horiek guztiak «abiapuntu bat» izan direla iritzi dio mallabitarrak. Datorren urtetik aurrera, norabide bat edo beste hartzea gustatuko litzaioke, eta ez guztietara jotzea: «Aurtengoa, alde batetik, poza izan da, guretzat txapelketak antolatu dituztelako; baina beste alde batetik,dena nahi dugu. Espezializaziora jo behar da».
Kirolari kopurua da horretarako oztopo nagusia. Gizonezkoen kasuan gehienak kirol jakinetako espezialista gehiago dauden bitartean, diziplinak eta txapelketak pilatzeko joera handiagoa dute emakumeek. Zelai III.a-k azaldu du horren zergatia: «50 neska egongo bagina, kito. Bakoitzak berea hautatuko luke. Baina jakinda gutxi garela, atea zabaltzen aritu gara, gai garela erakusteko».
Larrañagak, berriz, aizkorari helduta segiko du aurrerantzean ere. Euskal Herriko Txapelketarako prestatzea du xede: «Astebeteko atsedena-edo hartuko dut, baina prestatu beharra dugu». Udako erakustaldi bakanak baliatuko ditu horretarako.
Udari eutsi, eta ezpala atera
Udako ohiko txapelketei beste zenbait batu zaizkie herri kiroletan. Jaiei lotutako erakustaldiak urrituta, lehiaketa horietan murgildu dira kirolariak: Mikel Larrañaga eta Karmele Gisasola dira horren adibide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu