Udari begira jarri da jada zesta

Donostiako, Markinako, Gernikako eta Hondarribiko Grand Slamek osatuko dute World Tourra

Jai Alai World Tourraren aurkezpena, atzo, Bilboko Deportivo pilotalekuan. MUNDUKO PILOTA BATZARRA.
ainara arratibel gascon
2023ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Winter Series txapelketek udazken-neguko egutegia bete ostean, zesta-punta udaberri-udari begira jarri da. Sasoi horretan, Munduko Pilota Batzarrak antolatzen duen Jai Alai World Tourra jokatuko da. Lau Grand Slamezegongo da osatuta: Donostiakoa, Markinakoa, Gernikakoa eta Hondarribi koa. Laurak puntuagarriak izango dira, azaroaren 17an Bilboko Deportivo pilotalekuan jokatuko den finalerako. Abenduan, berriz, buruz burukoa jokatuko da Berriatuan.

Torneo bakoitza zein puntistak jokatuko duen aurrerago jakinaraziko dute. Baina egunak jada zehaztu dituzte: Donostiakoa maiatzaren 13aren eta ekainaren 17aren artean jokatuko da; Markinakoa, ekainaren 10etik uztailaren 16ra; Gernikakoa, uztailaren 15etik abuztuaren 12ra; eta Hondarribikoa, abuztuaren 11tik irailaren 16ra. Guztiek bost jardunaldi izango dituzte gutxienez.

Munduko Pilota Batzarraren eskaintzatik kendu dituzte Masters eta Open torneoak. Txapelketa horiek hiru jardunaldiko eta jardunaldi bakarreko iraupena dute, hurrenez hurren. «Marka moduko bat sortzeko beharra ikusten genuen, forma eman eta horren alde egin. Azkenerako Grand Slamak hautatu ditugu», nabarmendu zuen atzoko aurkezpenean Fernando Azkarate Munduko Pilota Batzarreko presidenteak. Hain zuzen ere, enpresek, udalek eta zestako eskolek izango dute horiek antolatzeko aukera. Puntistek begi onez hartu dute eskaintza, urte osoko egutegia izate aldera.

Banakakoari dagokionez, lau multzoburuak Aritz Erkiaga, Aimar Aldazabal, Jean Dominique Olharan eta Imanol Lopez izango dira, aurreko denboraldiko bi aurrelari eta bi atzelari onenak. Erkiaga eta Aimar koadroaren alde batetik joango dira, eta Olharan eta Lopez, bestetik. Erkiaga da egungo txapelduna.

Bestalde, Batzarrak akordioa egin du Euskal Pilota Federazioarekin, puntista afizionatuek bizpahiru torneo jokatu ditzaten. «Eliteko txapelketako irabazleek jokatuko dituzte. Urrats garrantzitsua izango da, horri esker aukera izango baitute profesionalekin indarrak neurtzeko», adierazi zuen Azkaratek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.