Itziar Olasagasti. Orioko arraunlaria

«Udan irabazten baldin badugu, lan ona egin dugulako irabaziko dugu»

Eskarmentua nahi beste du Itziar Olasagastik, eta badaki Oriok aukera ederra duela udan garaipenak biltzeko. Hala gertatuko balitz, lanari eman nahi lioke balioa: «Ez dadila esan beste bat falta delako dela».

Aitor Manterola Garate.
Orio
2019ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Orioko Arraunketa Etxean sartu, eta hantxe dago zintzilik Orioko emakumezkoen traineruko arraunlariek Portugaleten irabazitako bandera, aurreko hilean. Ordutik, beste bat ere eraman dute herrira: Sestaokoa, duela bi igande irabazitakoa. Prestaketako estropadak baino ez direla dio Itziar Olasagasti arraunlariak (Orio, Gipuzkoa, 1989). Aldatuko lituzke udan jokatuko dituzten bandera ofizial batzuekin.

Jokatu diren bi estropadak irabazi izanak zer esan nahi du?

Irabaztera joan ginen, lan ona egitera, baina ez du ezer esan nahi. Kaikuk antolatzen duen jaitsiera bost aldiz irabazi dugu aurreko urteetan, eta begira gero zer geratu den udan. Bi estropada horietan lan ona egin dugu, ondo atera zaizkigu gauzak, eta pozik gaude, baina mila gauza ditugu hobetzeko oraindik. Horretan ari gara.

Zertan hobetu behar duzue?

Teknikan. Arraunlari multzoa iazkoaren oso antzekoa da, baina perfekzioa nahi dugu, kontu txikiak landu arraunketa hobetzeko. Lan handia eskatzen du horrek, 23 arraunlari garelako, eta elkarren arteko koordinazioa behar delako. Etxean ateratzen da, baina gero lehian egin behar da, eta jaitsierak ondo daude, lehiarako lekua jartzen dizutelako.

Arraunlari berriak ere badituzue. Zaildu egiten du horrek denon arteko koordinazioa lortzea?

Arraunlari berriak ditugu, eta baita lehen ibilitako batzuk ere. Denon elkar hartzea lortu behar dugu, eta ondo ari dira sartzen gure arraunketan.

Antzeman duzu zuen arteko lehia hazi egin dela taldea indartzearekin batera?

Pixka bat bai. Baina ez gara itsutzen, geure lekuan gaude. Bakoitzak bere burua estutu behar du.

Azken urteetako arraunketan aldaketak egingo dituzue?

Ez. Indar puntua falta zaigula esaten da, eta kontu txikiak dira, arraunketa luze horren bila, eta oldarkorragoak izan nahi dugu.

Iaz, bandera ofizialik ez zenuten irabazi traineruan, baina urtez urteko hobekuntzan aurrerapausoa eman zenuten.

Motxilan beste esperientzia batzuk sartu genituen. Aurretik joan ginenean, ez genuen jakin gola sartzen. Iaz, beti esaten genuen irabazi nahi genuela, baina ezin. Beti bigarren geratzea gogorra da, baina, guretzat, ez zen hala izan, nahiz eta Orion, Ondarroan eta Zarautzen ez irabazteak pena handia eman zigun. Baina azkenean esperientziak dira, eta hor ditugu.

Hilabete batzuk pasatuta, beste modu batera ikusten ari zara iazko udako kontuak?

Momentuan, amorrazio apur bat izaten genuen, baina hurrengo egunean beste aldarte batekin ikusten genuen irabazi ezin hori. Iazko emaitzak hobetzea da helburua aurten, eta bandera bat irabazita bakarrik hobetu egingo dugu iazkoa [barrezka].

Zer dago zure lehen aipatu duzun motxila horretan?

Urte asko arraunean. Emakumezkoen traineru estropaden bilakaera hasieratik bizi izan dut. Orioren hasiera ere bai, trainerua ateratzea aurrenekoz, bultzada gero, neskak arrauna egin dezakegula erakustea eta abar. Gero gehiago finkatzen joan da gauza, entrenamenduak, seriotasun eta konpromiso handiagoa... Azken sei urteetan perfekzioa sartzeko lanean gabiltza.

Denak zuei begira daude, faboritorik handienak zaretelako gauza asko irabazteko.

Beti egon behar du faborito batek, eta gu gara orain, San Juan ezberdina izango delako aurten. Pena da ongi ez aritzea. Gaizki ikusten duguna da esatea guk aurten egingo dugula denboraldi ona San Juan ez dagoelako lehen bezala. Baina, hortaz, Zumaiak irabazi zuen Getaria-Tolosa ez zegoelako? Zumaia ez zegoelako izan da nagusi San Juan? San Juan ez dagoelako gu izango gara indartsuenak? Sekula ez dira jakingo erantzun horiek. Guk dakiguna da urtez urte hobetzen ari garela. Gure lana dago hor, eta, irabazten badugu, gure lanagatik izango da, ez San Juan ez dagoelako. Gure lanari balioa ematea nahi dugu.

Ilusio bereziarekin ekin zenioten prestakuntzari udazkenean, faboritoak zaretelako?

Iaz ere bazen ilusioa, eta aurrean ibili ginen, baina ez genuen asmatu errematatzen. Aurten izan behar duen ustea badugu, eta ea bandera bat irabazten dugun. Aurten izan behar du, izatekotan. Baina Donostiako bi taldeak oso isilik daude aurreko urteen aldean, eta ez dakit. Orioko jaitsieran erakutsiko du bakoitzak zer daukagun [martxoaren 9an da].

Aurten zuen denboraldia izan daitekeen uste horrek laguntzen du neguko lan luzean motibazio piztaile gisa?

Laguntzen du, baina ez dugu gehiegi pentsatu behar horretan, presio horrek jan egingo gaituelako azkenean. Guk aurrera egin nahi dugu, beste pauso bat emateko. Lanean jarri nahi dugu arreta osoa. Jendeak zenbat eta gehiago esaten digun gure urtea izango dela, orduan eta zailago ikusten ditugu gauzak, ez dugulako nahi pentsatzea erraza izango denik. Kontuz ibili behar dugu pentsamendu horrekin. Hemen barruan darabilgun mezua da zenbat eta gehiago entzun erraz ibiliko garela orduan eta gutxiago lasaitu behar dugula.

Non dago orain taldea neguko prestakuntza luze honen bidean?

Lehen balorazioak abenduan egin genituen, eta orain bigarrena egin dugu, lan kargak nola hartzen ari garen ikusteko; aste honetan egin dugu proba fisikoa, eta lasaiago aritu gara, probei begira. Gero hasiko da tarterik gogorrena, otsailetik apirila bitartekoa. Proba fisiko horien emaitzek zehaztuko digute nolako lana izango den egin beharreko hori, gehiago estutu edo ez. Orain, bizitasuna lantzen hasiko gara, eta bolumena doitzen hasteko garaia ere orain da. Pisuak ere hasi behar du behera egiten. Trainerillak hasten direnerako, apirilean, bizi egon behar dugu. Prestakuntzaren zatirik luzeena orain artekoa izaten da, baina gogorrena orain dator. Gorputzari beste estutu bat eman behar orain.

Traineru jaitsierak aringarri izaten dira lan luze, astun eta gogor hauek eramangarriago izateko, ezta?

Gure filosofian barruan dago ahalik eta jaitsiera gehienetara joatea, estropadak emateko jendeari, batik bat urte batzuetan geldirik egon direnei begira. Hondarribiko jaitsiera dator orain [otsailaren 23an], gero Oriokoa, San Pedrokoa ondoren, eta beste estropada batzuk ere izango dira. Ondo etortzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.