Ion Ansotegi. Realeko jokalaria

«Udan fitxaketak? Harrobiak eman izan dio fruitu gehien Realari»

Nola arlo pertsonalean, hala kolektiboan, aspaldiko ondoen doazkio gauzak erdiko atzelariari, eta Europara sailkatzea posible ikusten du. Malagako partidak denboraldiko bidea marka dezakeela uste du.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
2015eko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Profesionaletako sasoirik onenean akaso ez, baina oso une gozoan dago Ion Ansotegi (Berriatua, Bizkaia, 1982). «Bigarren gaztaroan edo». Denboraldia aulkian hasi zuen, baina David Moyesen etorrerak ezinbesteko pieza bilakatu du Realaren defentsako lerroan, eta, aspaldiko partez, minutu asko pilatzen ari da. Ondo jokatuta, gainera. Horregatik, eta lan hitzarmena ekainean amaituko badu ere, Donostian jarraitzeko aukera handia du bizkaitarrak. Klubak, berriz, atzo jakinarazi zuen luzatu egin duela Qbao.com-ekin zeukan «hitzarmen estrategikoa».

Bi asteko atsedenaldian zaudete, noiz eta sasoiko unerik onenean. Ona edo txarra da hori?

Ezin jakin daiteke. Beroan pentsatuta, baliteke ona ez izatea, bolada onean ginelako eta, halakoetan, hobe delako partidak jokatzea. Ordea, izugarri sufritzen ari gara denboraldi honetan, eta, ligako azken txanparako indarrak hartzeko, ez zaigu gaizki etorriko atseden hartzea. Burua nekatu samar daukagu, eta jokalariok elkarrekin egoteko eta hausnartzeko baliatuko ditugu egunok.

Bakarrik egoteko aukera ere izango duzue, lau egun jai baitituzue.

Halaxe da. Dena den, ez harritu jokalari batzuk Zubietara lanera azaltzen badira. Ez da nire kasua izango, familia hartuta Euskal Herritik kanpo igaroko baititut lau egun. Niri, presio dezente jasatea egokitu zait, eta sufritu egin dut. Esate batera, Jagoba Arrasate kargutik kendu izanaren errua ez, baina erantzukizuna sentitu nuen. Orain dela bost hilabete baino hobeto nago orain, eta taldea ere hala dago. Bistakoa da. Horregatik, energia positiboa hartu, eta ongi amaitu nahi dugu liga.

Indarrez itzultzea ezinbestekoa izango da, Europarako sailkatzea ez baita ezinezkoa, ezta?

Batez ere, zaleekin dugun zorra kitatu nahi genuke, denboraldia gaizki doalako. Horretarako, Europarako sailkatzea litzateke botikarik onena. Etxetik kanpo bi partida jarraian jokatu beharko ditugu, Malagaren eta Atletico Madrilen aurka hurrenez hurren, eta neurketa horiek gure bidea marka dezakete. Hain justu, zazpigarren postuan Malaga dago, guk baino zortzi puntu gehiagorekin, eta, borroka horretan sartzeko, partida hori irabaztea funtsezkoa izan daiteke. Zaila izango da, baina saiatuko gara.

Bi partida horiek lau egunen barruan jokatu beharko dituzue. Gogorra izango da.

Dudarik ez. Halere, aitzakiarik ez dago. Iragan denboraldian, Txapeldunen Liga eta Espainiako Kopa zirela medio, partida mordoa jokatu genuen, eta gustura, gainera. Azken finean, zelaian sentitzen da jokalaria gusturen. Horregatik, lau egunean bi partida jokatzea ez da txarra izango. Atletico Madrilen zelaian punturen bat urratzea zaila izango da; Malagan irabazi eta hara konfiantzaz heltzen saiatu behar dugu. Jada badakigu zer den Anoetatik urrun irabaztea, eta ezin gara itzuli lehengo dinamika hartara.

Zer gertatzen zitzaion Realari etxetik kanpo?

Ezinezkoa da azaltzea. Denboraldi honetan ligan izan ditugu aukerak hiru puntuak lortzeko, baina Getafera joan arte geure buruarekin borrokan aritu ginen. Irabaz genezakeela sinesten ez genuelako edo zortea etsai genuelako, nahi eta ezin aritu ginen. Azkenean, Getafen lortu genuen dinamika txarra haustea, eta sekulako lasaitua hartu genuen. Orain bestelako konfiantza batekin gaude, eta bide berari eutsi behar diogu.

Orain hilabete nork esango Reala Europako postuen lehian ibiliko zela.

Inork ere ez, normala den bezala. Tira, argi esan behar da oraindik ere beheko postuei begiratzen diegula jokalariok, ez baikaude suziriak botatzeko moduan. Europa begiz jota daukagu, baina helburua mailari eustea dela ahaztu gabe. Taldeak gora egin du nabarmen azken hilabetean, eta gustatuko litzaiguke hala jarraitzea. Realak hainbeste merezi du.

Hori bai, sasoiaren balorazioa eskasa da oraindik ere, ezta?

Bai, bai. Azken urteok onak izan dira Realarentzat: Txapeldunen Liga, Europako Liga, Kopan finalerdietara... Gauza asko lortu ditugu, baina sasoi honetan eskas gabiltza. Oso eskas. Egia da azken urteotakoa erabat normala ere ez zela, baina gauden tokian baino gorago egon beharko genuke. Zaleek asko eskatzen digute, batez ere Realak aspaldian eman duena ona izan delako, eta haiei erantzuten ahaleginduko gara.

Sasoi honetako arazoa non egon da, udako planifikazioan?

Ez zait iruditzen. Egia da Realak jokalari garrantzitsuak galdu dituela, eta talde handiek hainbeste diru ordaindu badute zerbaitegatik dela. Halere, jokalari gehienok lehengo berak gara, eta ez genuke izugarri igarri behar falta direnen hutsunea. Udako planifikazioan baino gehiago, nik uste arazoa Krasnodarren aurkako Europako Ligako kanporaketan egon zela. Galtzeak jota utzi gintuen, eta ez genuen lortu burua altxatzerik. Gerora partida onak jokatu genituen, Bartzelonaren aurka besteak beste, baina une bakanak izan ziren. Han galdu genuen konfiantza ez genuen berreskuratu.

Ondorioz, Arrasate entrenatzaile kargutik kentzea etorri zen. Zer iruditu zitzaizun?

Ez zen egun bateko kontua izan, eta bagenekien lehenago edo geroago hel zitekeela. Pena handia hartu genuen jokalariok. Ez dut esango errua geuk genuenik, baina erantzukizun handia, bai, eta ni neu gaizki sentitu nintzen. Ez bera laguna nuelako, baizik eta entrenatzaile eta pertsona ona delako. Dena eman zuen Realarengatik. Hori bai, badakigu halakoetan nortzuk ateratzen diren galtzen.

David Moyesek lau hilabete daramatza Donostian. Zer moduz ikusten duzu?

Badirudi pixkanaka neurria hartzen ari zaiola taldeari. Hasieran dena berria zen harentzat: liga, futbola, kultura... Egoera zailean hartu zuen Reala, eta zulotik ateratzen ari da. Jokalariok gero eta hobeto ulertzen dugu berak eskatzen duena, eta emaitzak begi bistakoak dira. Denok nahiko genuke joko distiratsua egin eta gol askoren aldearekin irabazi, baina hori ezinezkoa da. Orain dela lau hilabetetik bilakaera bat ikusten zaio jokoari, eta hori da garrantzitsua.

Lehen egunean hori eskatu zuen ezta? Defentsako sendotasuna.

Bai, jokalarioi ere hala adierazi zigun. Berak, ezeren gainetik, emaitza onak nahi ditu, eta, horretarako, ezinbestekoa da golik ez hartzea. Hori lortzen ari gara, eta, emaitza onen bidez, joko ona etorriko da. Irabazlea da, eta badaki Reala ez dagoela historiako unerik onenean. Horregatik, nola edo hala partidak irabazi egin nahi ditu, eta emaitza onen bidez joko on batera eraman taldea. Realaren etorkizuneko entrenatzailea dela uste dut.

Bistan da zu ere gustuko zaituela. Pozik al zaude egiten ari zaren lanarekin?

Pozez txoratzen nago. Bigarren gaztaroa bizitzen ari naizela esango nuke. Azken denboraldiotan gutxi samar jokatu dut, eta sasoi honen hasieran ere sarri geratzen nintzen aulkian. Izan ere, Elustondok eta Iñigok jokatzen zuten. Ordea, eguneroko lana fruituak ematen ari zait. Nigan konfiantza du entrenatzaileak, eta eskertzekoa da. Hamar urte daramatzat Donostian, denetik probatu dut, eta momentua gozatzen saiatuko naiz.

Halere, etorkizuna buruan izango duzu, ezta?

Nola ez. Bi hilabete besterik ez da falta sasoia eta nire kontratua bukatzeko. Oraingoz, ez dugu ezer hitz egin, eta nolabaiteko ezinegona badaukat. Nik garbi daukat: dena emango dut Realean segitzeko.

Badirudi taldeak dezenteko aldaketa izango duela udan.

Beti egoten dira sartu-irtenak, ez Moyesekin bakarrik. Nik gauza bat eskatuko dut: garrantzia Zubietari ematea. Fitxaketak egon arren, harrobiak eman izan dio fruitu gehien Realari. Ezin dugu galdu esentzia hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.