Udako lehen txapelak

Berria pilota txapelketako hirugarren ekitaldiaren finala jokatuko dute gaur Andoainen (12:30). Leire Garai eta Uxue Oses Miren Larrarteren eta Itxaso Erasunen aurka ariko dira

Miren Larrarte, pilota jotzear, Itxaso Erasun begira duela, Berria Txapelketako finalerdietan. GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Sanjoanekin hasi da uda giroa, eta harekin festa eta pilota giroa. Azkar emango dituzte lehen txapelak: Berria Txapelketakoak. Gaur, Andoaingo (Gipuzkoa) Arrate pilotalekuan, 12:30ean, finala jokatuko dute Leire Garaik (Zaramaga) eta Uxue Osesek (Aloña Mendi) Miren Larrarteren eta Itxaso Erasunen aurka (Behar Zana).

Finalerdietan, nagusi izan ziren Garai-Oses eta Larrarte-Erasun bikoteak: aurrenekoek 22-16 irabazi zieten Miriam Arrillagari eta Nora Mendizabali; bigarrenek, berriz, 22-12 hartu zituzten mendean Natale Aranburu eta Andrea Capellan. Gertatzen dena gertatzen dela, hirugarren aldiak txapeldun berriak izango ditu, lau pilotarietako bakar batek ez baitu irabazi txapela. Garaik gertu izan zuen iaz, finala jokatu baitzuen Enara Gaminderekin, baina galdu egin zuten Olatz Arrizabalagaren eta Mendizabalen aurka. Bigarren ahaleginean irabazi nahi du.

Larrarte ere bigarren aldiz jarraian ari da. «Pozik» dago, iazkoaren aldean «aurrerapausoa» eman baitu: iaz, finalerdietan galdu zuen, Capellanekin, Arrizabalagaren eta Mendizabalen kontra. «Banuen finala jokatzeko gogoa. Iaz, penaz geratu nintzen, dezenteko aldeaz galdu baikenuen [22-12]. Aurten, ordea, ondo atera da. Mesede egin dit Itxasorekin aritzeak: klub berekoak gara, eta harekin jokatu dut inorekin baino gehiago; beraz, oso ondo ezagutzen dugu elkar, eta oso ondo moldatzen gara elkarrekin».

Agerian utzi zuten finalerdietan, baina, Bidania-Goiatzeko (Gipuzkoa) aurrelariaren arabera, emaitza argia izan arren, «partida gogorra» izan zen. «Ondo hasi ginen, baina, beroaren ondorioz, sufritu egin nuen. Zorionez, Itxasok ondo heldu zion partidari».

Uste du «final polita» izango dela. «Gogotsu» dago. «Ilusio handia egiten dit. Oso laguna dut Leire; askotan jokatu dugu elkarren aurka: oso ondo mugitzen du pilota aurrean. Aldiz, gutxiagotan aritu naiz Uxueren aurka, baina, egun ona badu, oso atzelari segurua da. Gurearen antzeko bikotea da: sendoa. Garrantzitsua izango da nerbioei eustea. Ni saiatuko naiz, tantoa egin edo ez, aurkariak nekarazten; erabakigarria izan daiteke amaieran. Seguru nago Itxaso sendo ariko dela».

Erasunek Oses izango du aurkari atzean. Oñatiko (Gipuzkoa) atzelaria lehen aldian sailkatu da finalerako. «Oso gustura ari naiz. Leirekin ari naiz, eta, niretzat, plazera da hori: ondo moldatzen gara elkarrekin, eta bikote sendoa egiten dugu. Hori aski ez, eta finalean gaude, finalerdi gogorra jokatu ostean. Poztekoa da lehen aldiz parte hartu eta finala jokatzea».

Berehala nabarmendu du finalerdi gogorra jokatu zutela. «Tanto guztiak oso luzeak eta lehia handikoak izan ziren; ordubete baino gehiago iraun zuen partidak. Zorionez, irabazi egin genuen».

«Final gogorra» espero dute

Ados dago Larrartek esandakoarekin. «Final gogorra izango da; haiek ondo ari dira: Mirenek ondo bukatzen du, eta Itxasok eutsi egiten dio tantoari. Baina, Leirek eta biok sendo jokatzen badugu, irabaz dezakegu. Bi bikoteek gure lana egiten badugu, xehetasunetan egongo da aldea».

Sasoiko dago Oses, Emakume Master Cupen San Fermin torneorako sailkatu berri baita, Arrizabalagarekin. Asko entrenatu gabe sailkatu da bi finaletarako. «Ikasketetan izan dut arreta osoa, eta uste dut horrek mesede egin didala». Irabazi edo galdu, bere buruarekin «gustura» amaitu nahi du, eta ikusleek «gozatzea» nahi du. «Finalerdia azkenera arte izan zen lehia handikoa. Polita litzateke horrelakoa izatea finala».

Ikasketak direla eta, Osesek eta Larrartek ezohiko uda izango dute. «Ikasturte gogorra izan da: selektibitatea gainditu behar nuen. Zorionez, nahi dudana ikasiko dut: Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua. Jokatuko dut udan, baina aurrekoetan baino gutxiago; gozatu egin nahi dut udaz», azaldu du Osesek.

Gutxiago jokatuko du Larrartek, abuztuan Txilera joango baita. «Fisioterapia ikasten ari naiz, eta urte erdi egingo dut Txilen. Jokatzen segituko dudan? Bai. Munduko Txapelketan hango jendearekin egin nuen harremana, eta haiekin jokatzeko esan didate».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.