Udako lanari txapela jartzera

Plazaz Plaza torneoko finala jokatuko dute bihar Etxaurin. Barrocal-Mendiburu eta Aldaregia-Iturriaga ariko dira elkarren aurka

Iera Agirre Iturriaga, pilota jotzear, Adosen binakakoaren finalean. A. C. / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Bi hilabete pasatxoko lehiaren ostean, bihar bukatuko da Ados klubak bigarrenez antolatutako Plazaz Plaza torneoa. Hamasei pilotari aritu dira binaka, eta lau onenek jokatuko dute finala: batetik, Maddi Barrocal eta Ane Mendiburu; eta, bestetik, Andrea Aldaregia eta Iera Iturriaga.

Etxauriko (Nafarroa) plazako pilotalekuan jokatuko da finala, 19:00etan. Frontoia ez dago estalita, ezta harmailak ere. Baliteke euria egitea, eta Adoseko kideak kezkatuta daude. «Iragarpenak oso aldakorrak dira. Azken unean erabakiko dugu. Ezingo balitz jokatu, urriaren 8ra atzeratuko genuke», azaldu du Iturriagak.

Bestelakoan, «oso pozik» daude torneoaren bigarren ekitaldiak emandakoarekin. «Batetik, gonbita egin genien pilotari gazteak oso ondo aritu dira; bestetik, jende asko etorri da partidak ikustera, eta gozatu egin dute lehiarekin. Harritu egin gaitu horrek; ez gaude horretara ohituta».

Jokatzeko era aldatu dute aurten. Ez da egon bikote finkorik. Lehenbizi, ligaxkan, aurrelari bakoitzak haren multzoko atzelari guztiekin jokatu du, eta alderantziz. Bi multzo egon dira, eta bakoitzeko bi aurrelari eta bi atzelari onenak aritu dira finalerdietan: A multzoko lehen aurrelariak eta atzelariak B multzoko bigarren aurrelariaren eta atzelariaren kontra jokatu dute; eta B multzoko aurreneko atzelariak eta aurrelariak A multzoko bigarren aurrelariaren eta atzelariaren aurka. «Gustura aritu gara. Txapelketa guztian bikote bera izanda, zenbait faktorek zeresana izan dezakete: adibidez, bikotekidea nola dagoen. Aurtengo sistemarekin, ordea, guztiok jokatu dugu guztiokin. Gainera, sailkapena oso estu egon da amaiera arte. Gustatu zaigu sistema hau».

Finala jokatuko du berak, Aldaregiarekin. «Pozik» dago, are eta gehiago kontuan hartuta postua aldatu duela. «Aurrean jokatu izan dut, baina txapelketa honetan atzean aritu naiz. Berezia izan da, baita Andrearekin sailkatu izana ere: asko aritzen gara elkarrekin. Aurkariez, berriz, esan du Berrocalek eta Mendiburuk «oso bikote polita eta sendoa» egiten dutela. «Gazteak dira, eta oso ondo moldatzen dira elkarrekin. Partida gogorra izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.