Udako azken estutua

Sanmateoetako bi torneoak eta Plazaz Plaza txapelketako eta Masterseko azken txanpak jokatuko dituzte hurrengo hiru asteburuetan

Amaia Aldai aurrelaria, pilota jo nahian, Emakume Master Cupeko Binakako Txapelketaren finalean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Aurreko bi urteetan ez bezala, bete-betea izaten ari da udako sasoia pilotan. Festetako jaialdiak, torneoak, txapelketak... Pilotazaleak sobran izan du eskaintza gogobeteta geratzeko. Baina azken txanpa falta da oraindik. Makina bat partida jokatuko dute hurrengo hiru asteburuetan.

Logroñoko (Espainia) sanmateoetako bi torneoak jokatuko dituzte lehenbizi. Bihar hasiko da Emakume Master Cupena. Piloa mistoarekin eta goxoarekin ariko dira. Bihar, lehen finalerdiak jokatuko dituzte Naiaran (Espainia), 18:00etan. Aldai-Erasun eta Garai-Mendizabal ariko dira mistoarekin, eta Mateo-Iñiguez eta Bylak-Saenz goxoarekin. Beste bi finalerdiak larunbatean jokatuko dituzte, Santo Domingo de la Calzadan (Espainia), 19:00etan. Arrizabalaga-Capellan eta Larrarte-Oses ariko dira mistoarekin, eta Aramendi-Couto eta Yllarra-Zarrabeitia goxoarekin. Irabazleek 24an jokatuko dute finala, Logroñon, 12:00etan.

Igande honetan hasi eta astebetez jokatuko da gizonezkoena. Sei bikote ariko dira bi multzotan banatuta, eta bi multzoetako lehen sailkatuek finala jokatuko dute 25ean, 17:00etan (ETB1). A multzoan, Altuna III.a-Martija, Dario-Zabaleta eta Urrutikoetxea-Imaz ariko dira, eta B multzoan, Laso-Albisu, Ezkurdia-Rezusta eta Jaka-Mariezkurrena II.a. Ikusteko dago Lasok jokatuko duen, min hartu baitzuen joan den astean. Finalaren bezperan, Ardoaren desafioa jokatuko dute. Baieztatuta dago Peña II.a eta Peio Etxeberria lau eta erdian ariko direla, eta Artola eta Irribarria, buruz buru. Binakako partida dago zehazteko.

Sanmateoak amaituta, berriz, Masterseko finalerdiak eta finala jokatuko dituzte Iruñean, Nafarroa Arenan. 30ean izango dira finalerdiak, ostiralez, 22:00etan (ETB1). Altuna-Imaz eta Irribarria-Albisu ariko dira batean, eta Ezkurdia-Mariezkurrena eta Jaka-Zabaleta bestean. Irabazleek finala jokatuko dute bi egun geroago, igandez, 17:00etan (ETB1).

Azken txanpan dago baita Ados klubak antolatutako Plazaz Plaza txapelketa ere. Etzi jokatuko dute lehen finalerdia, Oñatin (Gipuzkoa), 19:00etan. Iantzi-Orbegozo eta Barrocal-Mendiburu ariko dira. Igandean, berriz, Ruiz de Infante-Mujikak eta Aldaregia-Iturriagak jokatuko dute bigarren finalerdia, Dulantzin (Araba), 13:00etan. Irabazleek hilaren 24an jokatuko dute finala, Etxaurin (Nafarroa), 19:00etan.

Horri guztiari bihar Gasteizen aurkeztuko duten emakumezkoen Hiru Hiriburu txapelketa gehitu behar zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.