Espainiako Lehen Maila ate joka dago. Lehen norgehiagokak datorren asteburuan jokatuko dira, eta denboraldiaurreko azken txanpan murgildu dira taldeak. Tradizioz, Euskal Herria Kopa jokatu ohi dute azken urteetan, eta finala izaten da euskal taldeen azken norgehiagoka nagusia liga hasi aurretik. Aurten, abuztuaren 10ean hasi zen lehiaketa: Realak 3-1 irabazi zion Eibarri, Zarautzen (Gipuzkoa), eta finalerako sailkatu zen. Herenegun jokatu zuten bigarren finalerdia, eta Athleticek lortu zuen finalerako urratsa egitea, Osasunari 3-1 irabazita. Dulantzin (Araba) jokatu zen neurketa. Bihar izango da finala, arratsaldeko lauretan, Tolosako (Gipuzkoa) Berazubi estadioan. Partida telebistan ikusi ahalko da, zuzenean, ETB1 katean.
2011n hasi zen jokatzen Euskal Herria Kopa. Final guztietan, bitan izan ezik, lehiatu dira bai Reala eta bai Athletic. 2021ean, Athleticek eta Alavesek jokatu zuten finala, eta, 2022an, Realak Alaves izan zuen aurkari; beraz, final guzti-guztietan egon da bihar finala jokatuko duten taldeetako bat. Athleticek bederatzi aldiz irabazi du txapelketa. Realak, berriz, lau aldiz; beste inork ez du irabazi. Athletic izan zen txapeldun iaz, eta bihar ikusiko da ea titulua berrituko duen ala ez.
Realeko futbolariak lanpetuta ibili dira udan: Euskal Herria Kopako finalerdiaz gain, lau lagunarteko partida jokatu dituzte. Hirutan garaile izan ziren, eta batean berdindu egin zuten. Naoneden aurka 0-1 irabazi zuten, Alavesen kontra 1-1 berdindu, Osasunaren aurka 5-1 irabazi, eta Sportingen aurka 0-6 irabazi. Aldaketez betetako uda izan dute: iazko denboraldia amaitzean Natalia Arroyori agur esan, eta Jose Luis Sanchez Vera entrenatzailea fitxatu zuten. Jokalari berri ugari egongo dira lehen taldean: Maria Valle eta Lucia Rodriguez atzelariak, eta Lucia Pardo eta Violeta Quiles aurrelariak. Harrobiko bi jokalari egongo dira lehen taldean aurten: Elene Guridi erdilaria eta Nora Sarriegi aurrelaria. Alejandra Bernabe, Iris Arnaiz eta Synne Jensen taldetik joan dira. Taldea eraldatu nahi zuten, eta hala egin dute.
Athletic ez da atzean geratu. Aspaldi izan duten denboraldirik onenetako bat egin ondoren, hasitakoari jarraipena emateko asmoz hasi zuten denboraldiaurrea. Kontratu ugari berritu dituzte: David Aznarrena, Mariasun Quiñonesena, Naia Landaluzerena, Jone Amezagarena, Irene Ogizarena eta Marta Unzuerena. Oraingoz, bi jokalari fitxatu dituzte lehen talderako: Leire Baños eta Maite Valero, biak erdilariak. Itsaso Miranda aurrelaria bigarren taldetik lehen taldera igaro da, eta harrobiko beste bi jokalarik, Amaia Martinezek eta Marina Arterok, utzita jokatuko dute: lehenak Espanyolen eta bigarrenak, berriz, Deportivon. Paula Arana Granadara doa, utzita. Jokalari batzuek agur esan diote taldeari: Amaia Peñak, Yulema Korresek, Garazi Muruak eta Eunate Arraizak.
Uda Eibarren aurkako garaipen batekin hasi zuen Athleticek (1-0), eta hiru lagunarteko txapelketa jokatu ditu: Teresa Herrera torneoa, Amos Frantziako Kopa eta Euskal Herria Kopa. Hiruretan iritsi zen finalera, baina lehen biak galdu egin zituen: lehena 2-1 galdu zuen Deportivoren aurka, eta bigarrena 1-2 galdu zuen Erromaren aurka. Ikusteko dago Euskal Herria Kopan nola moldatuko den.
Biharko norgehiagokak berezitasun bat izango du: amaitutakoan berdinketarik bada, hura hausteko ez da luzapenik jokatuko, eta zuzenean jaurtiko dira penaltiak. Talde bakoitzak sei jokalari ordezkatzeko aukera izango du; horien artean, atezaina. Jokalari onenak Jon Esturo saria jasoko du: Esturo izan zen Euskal Herria Koparen sortzaileetako bat, eta hura omentzeko egitasmoa da saria. Haren semeak, Joanesek, emango dio saria jokalari onenari.
Partida estadioan ikusi nahi duenak 10€ ordaindu beharko du sarrera; hala ere, 16 urte arteko ikusleentzat doakoa izango da. EH Kirolak jada jarri ditu webgunean salgai. Zozketa sorta bat egingo dute sarrera dutenen artean: besteak beste, jokalariek sinatutako Realeko eta Athleticeko kamiseta bana zozketatuko dira.