Igor Gonzalez de Galdeano. Euskaltel-Euskadiko managerra

«UCIren eredua gauza bat da, eta zaleena beste bat»

Euskal Herriko Itzuliaren balorazio txarra egin du Igor Gonzalez de Galdeanok, eta are kritikoago hitz egin du Aleksandr Serebriakoven positiboaren inguruan.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Donostia
2013ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Ez dira garairik onenak ez Igor Gonzalez de Galdeanorentzat (Gasteiz, 1973) eta ez Euskaltel-Euskadiren proiektu berriarentzat ere. Helburuak bete gabe amaitu dute Itzulia, eta taldeko managerrak nabari du zaleen artean ezinegona sortzen hasi dela. Autokritika zorrotza eginda, pazientzia eskatu die zaleei.

Euskal Herriko Itzulia amaitu berritan, zer-nolako balorazioa egingo zenuke?

Etapa bat irabaztea eta lehen hamarren artean sartzea zen helburua. Biak lortzeko moduan egon gara, baina, azkenean, ez bata ez bestea ez dugu lortu, eta txarra da balorazioa. Samuel Sanchezek Italiako Giroa dauka buruan, eta guretzat oso zaila da beste txirrindulari batek haren lekua hartzea. Arazo hori nabaritu dugu Euskal Herriko Itzuli honetan.

Samuel Sanchezekin batera, Igor Antoni eta Izagirre anaiei begira zeuden zale gehienak. Zer falta izan zaio taldeari?

Batzuek aipatzen dute ez irabazteaz gain, taldeak bere baloreak ez dituela erakutsi. Baina Samuel Sanchez iazko garailea geneukan taldean; hasieratik ardura hartzea eskatzen du horrek. Euskalteleko inor ihesaldietan ez sartzen ahalegindu dira gainerako taldeak, atzean, bestela, besteren batek lan egin beharko zuelako. Normala da beste taldeek ardura guri pasatzea, guk ere gauza berbera egiten genuelako; Saxo, Movistar edo Skyko inor ihesaldietan sar ez zedin saiatu gara, gainerakoan guk egin beharko genuelako lan guztia. Guretzat geroz eta zailagoa da ihesaldietan sartzea eta gure ereduari eustea. Anton eta Izagirre anaiak saiatu dira Itzuli guztian, baina ez dira iritsi bete-betean; Samuelen kasuan, berriz, hasieratik esan genuen ez zetorrela irabaztera.

World Tourrean talde bakarra dago garaipenik gabe: Euskaltel-Euskadi. Nabari duzue presioa areagotzen ari dela pixkanaka?

Bai, bai. Presio handia daukagu, eta, alde horretatik, erantzukizuna ere badaukagu. Euskal Herriko txirrindulariei asko kostatzen zaie World Tourrean irabaztea; hori da errealitatea. Baina gai izan behar dugu eredu hori aldatzeko eta hemengo txirrindulariek garaipen gehiago lortzeko. Balio handia ematen diogu, adibidez, Omar Frailek egin duenari, baina oraindik ez du irabazi. Nahiz eta Euskal Herriko Itzuli polita egin duen, UCIren eredu berriak garaipenak nahi ditu; garaipenak behar ditugu World Tourrean jarraitzeko. Hori da errealitatea, nahiz eta Euskal Herrian balio handia ematen diogun ihesaldietan sartze hutsari edo ondo ibiltzeari.

Anton bigarren izan zen Lizarran; Samuel Sanchez Beasainen eta Urtasun Zornotzan ere bai (Rui Costa nagusitu zen herenegun)... Oso aste garrantzitsua zen Euskaltelentzat.

Oso pozik nago taldea egiten ari den lanarekin. Zuzendarien esanei kasu egin diete denek, eta gogotik ahalegindu dira. Igor Antonek Lizarran, Samuel Sanchezek Beasainen edo Pablo Urtasunek Zornotzan irabazi izan balute, ez dakit egoera bestelakoa izango zen, baina, hiru garaipenekin, ezberdina izango zen balorazioa.

Zuek ere nabarituko zenuten, noski, giro arraroa sortzen ari dela Euskaltel-Euskadiren, Caja Ruralen eta Galdeanoren inguruan...

Bai... Giro arraroa sortzen ari da, aldaketa handia izan dugulako. Atzerritarrak fitxatu ditugu, baina beti esan izan dut etxekoak direla gure txirrindularirik garrantzitsuenak. Itzulian Euskal Herriko txirrindulariak bakarrik zeuden [barruan sartu du Samuel Sanchez], eta datu hori hor dago. Baina UCIren eredua gauza bat da, eta zaleena beste bat. Babesleek World Tourrean egon nahi dute; gainerakoan, askok ez zuten dirurik jarriko. Taldeak lehengo ereduarekin edo filosofiarekin jarraitzea nahi dute, berriz, besteek. Baina gauza bat ezin da bestearekin lotu, eta, balantza batean jarrita, World Tourrerako pauso hori ematea erabaki dugu, oraingoz, babesleek eta guk geuk.

Klasikoak datoz orain, eta Giroa gero. Zer eskatu diezu txirrindulariei?

Klasikoetan arazoak dauzkagu, baina bete-betean iritsiko garela uste dut. Igor Antonek, esaterako, nahiz eta ez den ibili hain indartsu, Fleche Wallone klasikoa dauka buruan, eta aurrean ibiliko dela uste dut. Liejan, berriz, Samuel Sanchez izango da taldeburua. Ez da bere helburuetako bat, baina lan ona egingo du. Romandian Nieve, Anton eta Lobatorekin garaipenak iristea espero dugu, eta Girora oso lasai joango garaSamuelekin, helburu garrantzitsuenetan ondo ibiltzen delako beti.

Klasikoetan Serebriakov zen zuen apustu garrantzitsuetako bat. Zer gertatu da errusiarrarekin? Zer daukazu esateko?

Zer esango dut, ba... Normalean ez dugu fitxatzen txirrindulari bat fitxatze hutsagatik. Iaz, agian, azkar egin genituen gauzak, baina Serebriakovi buruzko informazio ona neukan. Klasikoetarako txirrindulari petoa zela ikusi genuen, eta kilo askoko txirrindulariak, normalean, ondo ibiltzen dira pisua galdutakoan. Txirrindulari ona izateko aukera zeukan, baina gauza bakarra esan dezaket: horrelako txirrindulariek ez daukate lekurik ez gure taldean, ez txirrindularitzan.

Nola bideratu daiteke egoera? Hitz egingo zenuen txirrindulariekin...

Gauza asko aldatu genituen hasieratik; ez filosofia bakarrik. Lanerako modua bera, esaterako. Beste elkarte batek hartu zuen taldearen ardura; autobusak azken unean iritsi ziren... Niretzat ere oso zaila izan zen aldaketa, eta nahiko berandu hasi ginen lanean. Jende berria etorri da taldera, Iñigo Mujika prestatzailea, esaterako. Punta-puntakoa da fisiologiari eta entrenamenduari dagokionez, eta pixkanaka ari da gauzak aldatzen. Baina aldaketak ez dira gauzatzen bi hilabetean. Orain arteko lanarekin jarraitzea da nire asmoa; jarraitzea eta indartzea. Hortik aurrera, ziur nago garaipenak iritsiko direla.

Zaleei pazientzia eta baikortasun pixka bat eskatuko zenieke, orduan?

Oso baikor nago. Badakigu zer daukagun, zein diren gure arlorik ahulenak, eta indartsuenak zein diren ere bai. Hemeretzi urteko esperientzia daugu, eta argi daukat helburuak lortuko ditugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.