Txirrindularitza. Emakumeen Bira. Agustin Ruiz. Emakumeen Birako koordinatzailea

«UCIk ez gaitu kontuan eduki»

Bizkaitarra penatuta dago Emakumeen Bira World Tourretik kanpo utzi zutelako, baina, gogotik lan eginda, parte hartze bikaina lortu du, beste behin. Errepide bazterrera gerturatzeko dei egin die zaleei.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2016ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
«Lanez lepo» dabil Agustin Ruiz, Emakumeen Birako koordinatzailea (Iurreta, Bizkaia, 1956). Lasterketa ekainetik apirilera aurreratuta, «pilatu» egin zaio lana, baina prest dago ikuskizuna eskaintzeko. Rabobank, Orica eta Lizzie Armitstead munduko txapelduna (Wiggle) faltako badira ere, «lehia estua» espero du.

Tentsioa, urduritasuna, lasaitasuna... Zer sentitzen da Emakumeen Bira hastear denean?

Itolarria! Oso langile gutxi gara hain proiektu handia aurrera ateratzeko, eta azken ukituak ematen ari gara.

Zer-nolako Bira daukagu zain?

Oso azkarra, gogorra eta lehia handikoa. Emakumezkoen lasterketa guztietan lehia izugarria izaten da beti.

World Tourretik kanpo geldituta ere parte hartze bikaina lortu duzue.

Hala da, bai. Puntako talde batzuk faltako zaizkigu, Rabobank eta Orica esaterako, baina talde gehiago sartuta orekatu dugu hutsunea. Iaz hamahiru taldek parte hartu zuten, eta aurten 22 izango dira. Azken unean huts egin digu talde batek, oso berandu hasi direlako prestaketa lanetan.

Nola barneratu zenuten World Tourretik kanpo gelditu izana?

Gaizki, oso gaizki. Gure lantaldeak urte asko daramatza alor honetan lanean, eta munduko talderik onenek estimu handia diote lasterketa honi. Ez zitzaigun bidezkoa iruditu. Auzolana da gure oinarria, lagun talde bat osatzen baitugu, eta ez antolakuntza profesional bat. UCIk ez gaitu kontuan eduki.

Aurreratuta dauzkazue lanak hurrengo urtean Bira World Tourreko egutegian sar dadin?

Ekainetik apirilera igaro da Bira; behin betiko aldaketa da hori. Maiatzean jasoko dugu berriz ere UCIren eskaera orria, eta behar bezala beteko dugu. Baina erabakia ez da gurea. Hala ere, Bira aurten arrakastatsua bada, ez dakit zenbateraino komeni zaigun gure proba World Tourrean sartzea. Parte hartze honi Rabobank edo Orica gehituz gero, zoragarria litzateke. Emakumezkoen World Tourra gizonezkoen txirrindularitza buruan dutela egituratu dute, baina emakumezkoen txirrindularitza ez da gizonezkoenaren berdina. Oihartzun handia ematen dion itxura egiten du UCIk, baina, momentua iristen denean, ia jarraipenik ez du izaten gizonezkoen World Tourreko proba bati lotuta egon ezean; telebistaren kasuan, batez ere. Diru kontuak daude beti atzean.

Zenbateko aurrekontua behar da World Tourreko proba bati aurre egiteko?

World Tourrean egon nahi duen talde batek hortik kanpo dagoenak halako bi baino gehiago ordaindu behar izaten du lehiatu ahal izateko: 2.000 euro UCI mailakoek, eta 4.500 UCI World Tour mailakoek. Antolatzaileek, berriz, eskaera egiteko soilik, 1.000 euro inguru ordaindu behar izaten dugu, nahiz eta une horretan ez dugun jakiten World Tourreko lasterketa izango den edo ez. Lortu ezean, galdu egiten dugu diru hori. Eta sariei dagokienez ere, %70 inguru hazten da kopurua World Tourrean.

3,3 kilometroko aitzin-etaparekin hasiko da Bira.

Iaz ere egin genuen aitzin-etapa, Durango-Durango lasterketan arituta taldeak bertan geneuzkalako. World Tourrean sartuz gero, ordea, aitzin-etapa hori bertan behera geldituko da, kostuak nabarmen gora egiten duelako. Kasu horretan, taldeen aurkezpen ekitaldia egingo genuke asteazkenean. Aurten, sailkapenean lehen aldetxoak sortzeko balioko du aitzin-etapak. Hortik aurrerakoa iazkoaren antzekoa da, ibilbide motz eta samurragoarekin.

Biharko lehen etapak min pixka bat egin dezake, ezta?

Bai... Arlaban igo beharko dute, alderik samurrenetik, eta Leintz Gatzagara jaitsi gero. Goian alde txiki bat lortuz gero, baten batek min egin dezake beherakoan, Eskoriatza gain-gainean dagoelako. 10-12 txirrindulari elkarrekin iritsiko dira helmugara.

Etzi erabakigarria izango da Urkiolako igoera...

Bai, baina alderik samurrenetik igoko dute, Otxandiotik. Klasiko itxurakoa da etapa. Araban ez dago mendate gogorrik, baina bai aldapa tenteak eta haizearen eragina. Ubidea eta Urkiola artean, Zubizabaleko igoera motza edukiko dugu, bi kilometro eskasekoa. Urkiolan, berriz, %11ko batez bestekoa dauka tarte batek, eta gogorra da azken bihurgunearen ondorengo zatia ere. Mendatean amaitzen den etapa bat nahi izaten dute txirrindulari batzuek, eta Urkiolan izango dute aurten.

Etaparik gogorrena, hala ere, larunbatekoa dela argitu zenuen aurkezpenean, Berriatuan hasi eta amaituko dena.

Zalantzarik gabe. Oso gorabeheratsua da etapa, oso gogorra. Ez dago mendate luzerik, baina tentsio handia izango da tropel buruan. Bihurgune asko, aldapak, Lekeitiotik Ondarroara arteko zati gogorra... Metro batzuk galtzea nahikoa izango da minutu galera handia pilatzeko.

Igandean, berriz, errematea, Santurtzin hasi eta amaituko den etaparekin.

Motza da azken etapa, eta urduria izango da. Ilsoganak min egingo du lau etaparen ondoren, eta oso gorabeheratsua eta gogorra izango da amaiera.

Zein dira faboritoak?

Ezin dugu baztertu inor. Ibilbideak Ashleigh Moolman edo Elisa Longo Borghiniren gisako igotzaile petoei baino mesede handiagoa egingo die klasikozaleei. Eta Emma Johansson ere adi ibiliko da, motibazioz gainezka, azkenekoz ariko delako Biran.

Gainsariak ere sartu dituzue aurten. Oso kontuan edukitzekoa izango da hori ere.

Bai, bai. Faboritoen artean aldeak sortzeko aproposa izango da gainsarien kontua, nahiz eta lasterketa hauetan oso zaila izaten den talde jakin batek proba kontrolpean edukitzea. Gizonezkoetan bederatzi txirrindularik parte hartzen dute talde bakoitzean, baina gure kasuan sei txirrindularikoak dira egiturak. Gizonezkoen txirrindularitzari, agian, horixe falta zaio probak interesgarriagoak izan daitezen: kopurua seira jaistea. Ikuskizun hutsa da emakumezkoen txirrindularitza, kontrola ezin daitezkeen egoerei aurre egin behar izaten dietelako.

Euskal Herriko Itzuliaren ondorengo astean jokatuko da Bira. Eraginik izan dezake horrek?

Onerako eragin dezake. ETBk, behingoz, apustu serioa egin du, eta zaleak ere errepide bazterrera gertura daitezen espero dugu.

Zein mezu bidaliko zenieke euskal zaleei?

Valverde, Contador, Landa eta Nieve ez dituztela izango parean, baina, ziurrenik, askoz txirrindularitza lehiakorragoa ikusiko dutela, eta gozatzeko!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.