UCIk dauka azken hitza

Emakumeen Bira otsailera aurreratzeari uko eginda, 2017an maiatzaren 17-18an hasi eta 21ean amaitzeko traza dauka. Iurretan hasi eta Errenterian amaituko da.

Megan Guarnier, erdi-erdian, iaz, Emakumeen Birako azken etapan, Portugaleten; estatubatuarrak irabazi zuen etapa eta Emma Johanssonek itzulia. J. FONTANEDA / ARP.
unai zubeldia
2016ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Baieztapena bakarrik falta da. «Baina dena lotuta dago». Erabat baikor dago Agustin Ruiz Emakumeen Birako antolatzailea. «Joan den urtean lasterketa ekainetik apirilera igarota, otsaila proposatu ziguten 2017rako, baina Euskal Herrian ezinezkoa da hori». Egun horietan arrisku handiegia legoke eguraldi txarra dela tarteko etaparen bat edo itzulia bera bertan behera utzi behar izateko. «Eta apiriletik ekainera arteko tartea eskaini genien berriz ere». Qatarreko Munduko Txapelketaren jiran hasi ziren lotzen dena. «Alejandro Martin Espainiako Federazioko idazkariak deitu zidan UCI [Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasuna] dokumentu bat prestatzen ari dela esanez, Tracey Gaudry UCIko ordezkariari aurkeztu beharreko informazio guztiarekin».

Egutegia falta du, ordea, akordioak. «Eta maiatzaren hirugarren edo laugarren astea guretzat ona zela esan nien nik». Berehala etorri zen erantzuna: maiatzeko hirugarren astea laugarrena baino hobea da UCIrentzat. Ondorioz, maiatzaren 18tik 21era jokatuko litzateke 2017ko Emakumeen Bira, ondo bidean, World Tourreko proba litzatekeena. «Aurten bezala, bost eguneko proba antolatu nahi dugu guk berriz ere, baina egun bat kentzeko eskatu digu UCIk. Ikusiko dugu zertan gelditzen den dena». Ruizek, hala ere, prest dauka hurrengo urteko ibilbide guztia. «Bost egunekoa izanez gero, maiatzaren 17an hasiko litzateke, asteazkenean, eta maiatzaren 21ean amaituko litzateke, igandean. Lau egunekoa balitz, berriz, maiatzaren 18tik 21era jokatuko litzateke».

Azken orduko aldaketarik ezean, Iurretan hasi eta amaituko da lehen etapa, erlojupeko motz-motza —3,3 kilometro izan ditu aurtengoak—. Antzuolan hasi eta amaituko da bigarrena; Markina-Xemeinen hasi eta amaituko hirugarrena; eta Errenterian hasi eta amaituko laugarrena, azkena. Bost egunei eutsiz gero, Etxarri-Aranatzen erlojupekoa prest daukate antolatzaileek, «10-12 kilometrokoa». Antzuolako eta Markinako etapen erdian jokatuko litzateke erlojupeko hori, hirugarren etapan, ostiralean.

Akordioa itxiz gero, amaiera berezia izango du Birak, Ane Santestebanen (Ale Cipollini) ukitua izango duelako lasterketako azken etapak. «Anek bizikletan egin du jada ibilbide guztia, eta oso-oso polita dela berretsi dit». Errenteriako Udalaren baiezkoa falta badu ere, Lapurdin sartu-irtena egingo luke Birako azken etapa horrek. «Errenteriatik Hendaiara joango ginateke lehenengo; handik Donibane Lohitzunera; Ibardin atzeko aldetik igo eta Berara jaitsiko ginateke ondoren; eta Irun, Errenteria eta Hondarribia igarota, Jaizkibel igoko genuke azkenik; Lezora jaitsiera azkarra eta Errenterian helmuga». Hirugarren mailako igoera da Ibardin, eta lehen mailakoa Jaizkibel. Etapa gogorregia dela uste dutenentzat erantzun argia dauka Birako antolatzaileak: «Ez da hain gogorra. Kontuan izan Italian Mortiroloren gisako mendateak igotzen dituztela!».

Baikortasun mezua helarazi du Ruizek, baina oso haserre dago UCIren jarrerarekin. «Dena lotuta geneukan iaz, baina World Tourretik kanpo utzi gintuzten azkenean. 2017rako, berriz, World Tourretik kanpo uzteaz gain, egun bakarreko proba berri bat jarri dute apirilean, berez Bira jokatu beharko litzatekeen egunetan». Amstel Gold Race da proba hori. «Adarra jotzen ari direla iruditzen zait, ez delako serioa horrela ibiltzea. Iraina da».

Laboral Kutxa, babeslea

World Tourrean sartu edo ez sartu, eztabaida horrek ez du gehiegi arduratu Ruiz. «Aurten ere ikusi dugulako maila horretako lasterketa ez izanda ere munduko txirrindularirik onenak etorri direla. Tropelak oso gustuko du Bira». Baina bizkaitarrak ez du ukatu World Tourrean sartzeak ate asko irekiko lizkiekeela. «Urrutira joan gabe, gertuagoko harremana izango genuke Eusko Jaurlaritzarekin eta aldundiekin, eta aurrekontua hazi egingo litzateke».

Telebistaren erabateko babesa ere gehitu beharko litzaioke erakundeen babesari. Ruizek zenbakietara pasatu du hausnarketa. «Aurten 15.000 euroko diru sariak izan ditugu, eta World Tourrean sartzea lortuz gero, 25.000 eurora igo ahal izango genituzke. Asko da hori». Lasterketari indar handiagoa emango lioke horrek. «Ez litzateke iritsiko Euskal Herriko Itzuliaren parera, baina pauso handia emango genuke, eta horri esker udal gehiagok egingo lukete eskaera etapak hasteko eta amaitzeko».

Etapen diseinua bakarrik ez, kirol arlotik kanpoko ezaugarriak ere zaindu behar izaten dituzte antolatzaileek, eta, zentzu horretan, urrats polita egin du lasterketak. «Laboral Kutxaren babesa lortu dugu, eta guretzat oso albiste ona da hori. Lasterketa maila onekoa dela ikusten badute, gure ondoan egongo dira hurrengo urteetan ere». Baskoniaren babesle nagusi izateari utzi dio Laboral Kutxak. «Eta beste talde baten babesle izan beharrean, babes txikiagoak ematea erabaki du».

Ikuskizuna prest dauka Agustin Ruizek. «Eta kalean jende askok eskatzen dit ez amore emateko; Birari eusteko». UCIrekin akordioa lortzea bakarrik falta da. «Eta datorren astean albisteren bat egotea espero dut. Taldeek egutegiak prestatzen hasi behar dute, eta ezin dugu itxaron askoz gehiago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.