TXUS BIDORRETA BILBO BASKETEKO ENTRENATZAILEA . «Jokalari hobeak ditut; taldea ere hobea dela erakustea da orain xedea»

Imanol Magro Eizmendi.
BILBO
2005eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Iritsi berri diren jokalarietako bati gauez ezin dela irten azaltzen ari zaio Txus Bidorreta (Bilbo, 1966), berriako kazetaria Casillako aldageletan jaso duenean. Indautxuko entrenatzaileak bigarren denboraldia du ACB Ligan, eta aldaketek ilusioz bete dute. Jokalari berriek maila hobea eman dezaketela uste du, eta elastiko beltza, berria, oso gustuko duela onartzen du.

Bilbo Basketek larunbatean ekingo dio ACB ligari. Nolako sentsazioekin bukatu duzu denboraldi-aurrea?

Ezer baino lehen, sentsazioak baino ez direla esan nahi nuke. Oro har, onak dira. Hasieran arazo batzuk eduki genituen, baina barneko jokalariak egokitzen joan diren heinean, taldeak nabarmen egin du gora. Weissen, Banicen eta Majstorovicen hutsuneekin, asko kosta zaigu lan egokia egitea. Beste urte batzuetan baino geldoago egin dugu lana, baina lan ona izan da.

Nahi zenuen mailara iritsi al zarete?

Liga hasi arte ezin da hori ziurtatu. Iaz denboraldi-aurre ona egin genuelakoan geunden, eta lehen partidan Baskoniak egurtu egin gintuen. Hiru egun geroago Badalonan irabazi genuen. Ez geunden nahi genuen bezain ongi, baina ezta ere uste zitekeen bezain gaizki. Horregatik diot ez dakidala ziur nola gauden. Galdera horri hilabete barru erantzun ahal izango diot.

Denboraldi-aurrea erdipurdi hasi zenuten. Azken hiru partidetan, ordea, talde handiak hartu dituzue mendean. Bilakaera lanaren fruitu izan da?

Hasiera ez zen hain txarra izan. Forumen aurka galdu genuenean, Banic zen gure pibot bakarra, eta taldeak emandako mailarekin oso gustura gelditu nintzen. Gero, Maoren aurkako lehian oso gaizki aritu ginela onartu beharra dago. Azken hiru partidetan intentsitate egokia lortu dugu, intentsitate hori ezinbestekoa baita guretzat irabazteko. Talentu izugarriko talde gaztea dugu, baina baita esperientzia gutxikoa ere. Esperientzia falta oldarkortasun puntu batekin ordezkatu ezean, gorriak ikusiko ditugu irabazteko, eta hori lortu izanak pozten nau.

Azken denboralditik hastear dagoenera, asko aldatu da taldea: hiru lagunetik bi berriak dira. Nolakoa izan da horien egokitze prozesua?

Geldoa. Askok, Majstorovicek, adibidez, oso denbora gutxi daramate taldean. Ondo goaz, baina apur bat falta zaigu. Milaneklan-erdiak egin ditu oraindik (Majstorovic), Ivan taktikoki zailtzeke dagoen jokalaria da (Koljevic). ACB Ligan esperientzia dutenak, aldiz,Montañez, Panko edo Cabeza, esaterako, askoz hobeto egokitu dira.

Jokalari gazte asko dituzu taldean, grina soberan eta esperientzia faltan. Arrisku handiko egoera al da hori?

Inola ere ez, nik izugarri gustuko ditut tankera honetako taldeak! LEBen eta LEB2an geundenean, diru gutxi genuen, eta jokalari gazteen aldeko apustua egin genuen. Salgado, Splitter eta antzekoekin, 20 urtera iristen ez ziren jokalariekin, alegia, bi maila igo genituen.

Fitxaketetan balkaniarren alde egin duzue. Ikuskatze lanak harantz bideratu zenituzten?

Egia da, ikuskatze lanak garrantzi izugarria izan du. Balkanetan kalitate handiko jokalari gazte asko dago; egun, niretzat, Lituanian salbu, baltikoko errepubliketan Sobietar Batasuna zeneko herrialdeetan baino harrobi hobea dago. Gainera, Jugoslavia ohian mediterraneo aldeko saskibaloiaren lehiakortasuna ezagutzen dute, eta kontinente mailako txapelketan aritu izanak jokalariak zailtzen ditu.

Iaz erasoko jokoan talde lana zen bertute nagusia, aurten, ordea, Koljevic, Banic edo Panko, adibidez, euren taldeetan protagonista izatera ohituta dauden jokalariak iritsi dira. Ondo egokitu al dira minutu eta jaurtiketa banaketara?

Taldeko filosofia ez da aldatuko, talde lana beti izan da gure arma nagusia, eta aurten ere hala izango da. Taldeak partidak irabazten baditu, jokalariak ondo egokitzen dira minutu banaketara. Bolada txarrean sartuz gero, ordea, norberak bere burua goratzeko nahia azaleratzen da, eta horretarako gaude entrenatzaileok, jokalari bakoitza bere lekuan jartzeko.

Denboraldi-aurrearen hasieran, aurten iaz baino talde hobea zenuela esan zenuen. Bi hilabete geroago uste berekoa zara?

Bai, zalantzarik gabe berresten dut, baina zer zehaztu badago. Iaz baino jokalari hobeak ditut, talentu gehiagokoak, indartsuagoak, garaiagoakÉ orain, talde modura ere iazkoa baino hobea izan dadila lortu behar dut. Jokalari hobeak dira, eta orain talde hobea garela erakutsi behar dugu.

Iritsi berrien bertuteak ikusita, badirudi aurten ere erasoko jokoa izango dela defentsarik onena.

Erasoko jokoan ondo moldatzen diren jokalariak fitxatu ditugu, gero entrenatzailea dagoelako defentsa sistema egokia eratzeko. Alde horretatik ere iazkoa baino maila hobea eman dezakegula uste dut.

Jokalariei buruzko iritzia eman ezazu. Weiss; iaz baino hobeto dago.

Bai, oso ondo dago. Berak dioenez, Limogesen Ivanovicen aginduetara zegoela Liga, Kopa eta Korac Kopa irabazi zituenetik ez da egun bezain ondo egon. Iaz berarekin egin genuen lanak, fisikoki eta batez ere mentalki, bere fruitua eman du. Fred pozik dago, berriz ere bere burua garrantzitsu ikusten baitu.

Banic eta Koljevic; taldearen aurrerapausoa beren esku dago.

Ez dago beren esku bakarrik. Jokalari onak dira, eta itxaropena sorrarazi dute zaleengan, baina asko dute ikasteko oraindik.

Panko eta Montañez; duela bi urte sekulako maila eman ostean, iaz erdipurdi aritu ziren.

Argi dago duela bi urteko maila eman izan balute iaz, aurten ez liratekeela Bilbon egongo. Ondo dakite hemen bere momentuan maila handia eman zuten jokalariei konfiantza ematen diegula, eta iaz Gabriel eta Sanmartinekin gertatu bezala, euren ibilbidea berpizteko aukera ezin hobea dutela.

Liga hasieran sailkapenaren erdi aldean ibiliko diren hiru talderen aurka jokatuko duzue (Kanaria Handia, Granada eta C. S. Fernando). Lehen asteetan taldearen helburuan zein den ikusiko al da?

Ez, ez dut uste hiru partidetan gauza asko antzeman ahal izango dugunik. ACB Liga oso orekatua da, eta xehetasun txikiek partidak erabaki ditzakete. Lehen hiru partidetan ezin da deus ere aurreratu. Lehen balantzea egiteko, hilabete itxaron beharko da, lehen zazpi partidak.

Casilla ez al da txikiegia?

Tira, iaz partida askotan saldu genituen txartel guztiak, eta seinale ona da. Hortik aurrerakoak ez daude gure esku.

Azkeneko galdera, zer deritzozu elastiko beltz berriari? Non gelditu dira gorriak?

Oso gustuko dut. Lehen elastikoa aldatzea berritasuna da; talde gaztea gara eta halako aldaketak egin ditzakegu. Atheticek antzekoa egingo balu, hauts gehiago harrotuko luke, baita guk 100 urte bagenitu ere. Bost urte ditugu, aldaketak egin ditzakegu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.