Reala 1-0 Osasuna

Txuri-urdinentzat izan da derbia

Aritz Elustondok 51. minutuan sartutako gol batek erabaki du gipuzkoarren eta nafarren arteko partida. Lehen zatia oso taktikoa izan da, eta bigarrenean apur bat gehiago jo dute bi taldeek erasora.

ainara arratibel gascon
2022ko otsailaren 27a
21:21
Entzun

Partida oso parekatu baten ostean, Realarentzat izan da garaipena, Anoetan, Osasunaren aurkako derbian. Hala, txuri-urdinek azken bi porrotek utzitako aho zapore garratza gozatu ahal izan dute. Gorrotxikoek, berriz, ezin izan diote etekina atera jokatutako partida taktikoari. Aritz Elustondorena izan da partidako gol bakarra 51. minutuan.

Imanol Alguacilek goitik behera aldatu du hamaikakoa, eta Ander Martin, Nais Djouahra eta Jon Pacheco gazteei eman die hasieratik jokatzeko aukera. Gainera, Asier Illarramendik lehen minutuak jokatu ditu Ligan, eta Gorosabel ezker hegalean aritu da; Elustondo, berriz, eskuinean. Jagoba Arrasatek, kontrara, ohiko jokalarien alde egin du. Nafarrek etxeko taldeari utzi diote baloi jabetza, baloi irteeran presioa egin, eta ahalik eta bizkorren min egiteko asmoz. Realak baloia izan bai, baina denboraldi honetan partida askotan gertatu bezala, ezin minik egin. Joko zuzena egin ezinik.

Lehen zati horretan aukera argiena Ander Martinek area kanpoaldetik egindako jaurtiketa izan da. Baina Sergio Herrerak ondo aldendu du. Osasunak, berriz, lehen zatia amaitzear zela izan du aukera bakanetako bat. Chimy Avilak erdiraketa ona egin du, bigarren zutoinean bakarrik zegoen Ruben Garcia. Buruz errematatzeko aukera paregabea zuen, baina nahiago izan du Budimirri utzi baloia. Hark ez du asmatu.

Elustondoren gola

Bigarren zatian joko apur bat erasokorragoa ikusi da. 51. minutuan iritsi da etxekoen gola. Korner batean Silvak baloia utzi dio Gorosabeli. Hark erdiraketa ona egin du, eta hainbat aldaratzeren ostean, Isaskek baloia utzi dio buruz Aritz Elustondori, eta beasaindarrak ederki baliatu du aukera.

Osasunak gora egin behar zuen, eta hala egin du. Hegaletatik ahalegindu da min egiten, eta Nacho Vidalek gertu izan du berdinketa. Baina haren errematea langatik gertu joan da. Reala ere aldea handitzeko moduan izan da, baina ez Isakek, ezta Oiartzabalek ere, ez dute asmatu.

Azken 10 minutuetan Osasunak atzean sartu du Reala, eta alboetako erdiraketen bidez lortu du Remiroren atera gerturatzea. Baina ez du berdinketa lortu. 90. minutuan Matheu Lahoz epaileak balio gabe utzi du Nacho Vidalen gol bat, jokoz kanpoko bat tarteko. Realak seigarren partida irabazi du denboraldi honetan 1-0eko emaitzarekin Anoetan, Etxean jokatutako hamahiru partidetatik hamarrean amaitu du golik jaso gabe, eta asteazkenean atzeratutako ligako neurketa jokatuko du Mallorcan. Osasunak, berriz, larunbatean jokatu du Vila-realen kontra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.