Txuri-Urdinek 2022. urtean eskuratu zuten liga lehenengoz, eta 2024an heldu da bigarrena. Finalean, donostiarrek nagusitasunez irabazi diote Majadahonda talde madrildarrari. Donostian jokatu ziren lehen bi partidak irabazi zituzten, eta atzo errematatu zuten balentria, hirugarren partidan 0-2 gailenduta. Ez dute laugarren eta bosgarren neurketen beharrik izan.
Atzokoa lehia parekatua izan zen, baina Maria Sernak eta Naroa Ruizek sartutako golek erabaki zuten garaipena.
Irene Senac prestatzaileak azken astean egindako adierazpenen arabera, Txuri-Urdineko kideentzat ezustekoa izan da liga irabaztea. Joan den urtean ez zituzten emaitza onak lortu, eta aurtengoa ere trantsizio urte bat izango zelakoan zeuden. Oker zebiltzan, zorionez.