Txukun Lakuak lortu du hurrengo faserako txartela

Kadete eta nagusien mailako garaipenei esker, Gasteizko elkartea final-laurdenetan izango da.Andoain edo Lemoa izango du aurkari

Uribe Txukun Lakuako kadete mailako aurrelaria, pilota astintzen, Irurtzunen aurkako kanporaketan. ANDONI CANELLADA / ARP.
jon eskudero
Hernani
2015eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Izan zitekeen erarik onenean hasi zuten XII. BERRIA Txapelketa Txukun Lakua Gasteizko taldeak eta Irurtzunek joan den igandean, Hernaniko Udal pilotalekuan. Kalitate eta emozio handiko kanporaketa jokatu zuten; hasi eta buka, tanto bikainez josi zuten lehia eta, kadete zein nagusi mailako garaipenei esker, Txukun Lakuak eskuratu zuen final-laurdenetako txartela. Hala, Arabak ordezkaritza izango du Euskal Herriko zortzi pilota elkarte onenen artean. Bada zerbait.

KADETE MAILA

Uribe-Aiesta (T. Lakua) 22

Aizkorbe-Goikoetxea (Irur.) 19

Hasi, ezin hobeki hasi zen jaialdia. Denetik izan baitzuen kadeteen arteko partidak: gogortasuna, kalitatea eta emozioa. Ordubete luze iraun zuen lehiak, eta amaieran gehiago asmatu zuelako irabazi zuen Txukun Lakuak. Hori bai, latz sufrituta. Izan ere, hasiera hobea izan zuten irurtzundarrek. Goikoetxea sendo aritu zen atzean, eta Aizkorbek ondo jokatu zuen urduritasuna gainditu ondotik. Lehenbizi tantoa landu, eta gero amaitzen asmatu zuen. Hala, bost tantoko aldea ere lortu zuten nafarrek (12-7 eta 14-9).

Ordea, arabarrak ez ziren une batean ere behera etorri, eta lanean jarraitu zuten. Serio demonio. Entrenatzailearen aginduak zuzen betez. Bada, merezitako fruitua jaso zuten. Uribek gehiago arriskatzea erabaki zuen aurrean, eta ez zitzaion damutuko. Tanto ugari amaitu zituen ezker eskuarekin, eta Aiestak ere gutxi galdu zuenez, azkenean euren poltsikora joan zen lehen puntua.

GAZTE MAILA

Lopez Calle-Puyo (T. Lakua) 15

Zudaire-Ustarrotz (Irurtzun) 22

Kadete mailako partidaren antz gutxi izan zuen gazteen artekoak. Hutsegite gehiago egon ziren, eta ez da harritzekoa. Besteak beste, irabaztea ia derrigorrezko baitzuen Irurtzunek. Bada, presioari gaina hartu eta lana ondo eginda, lortu zuen helburua. Partidako lehen tantoak berdintsuak izan baziren ere, nafarrek azkar lortu zuten aldea, eta gerora lasaiago jokatu ahal izan zuten. Lan erdietan lau tanto ziren aurretik (11-7). Lopez Calle eta Puyo Txukun Lakuakoak gogotik saiatu ziren aldea murrizten, baina ezin izan zuten. Atzelari arabarra nekatu egin zen, eta hori bikain baliatu zuen Zudairek errematean. Tanto ugari amaitu zituen. Bera izan zen partidako onena.

NAGUSI MAILA

Mendinueta-Perez (T. Lakua) 22

Ongai-Mariezkurrena (Irur.) 16

Horiek hala, nagusien partidak erabakiko zuen dena. Arabarrak ziren faborito, baina harrokeriarik gabe. Besteak beste, Aspen urte askoz ibilitakoa baita Ongai Irurtzungo aurrelaria. Bada, bera izan zen protagonista. Hasi, hobeto hasi zen Txukun Lakua, 6-0 aurreratua. Mariezkurrena urduri hasi zen. Gero, baina, aginte makila hartu zuen Ongaik, eta gogotik estutu zituen aurkariak. Ordea, Mendinuetak eta Perezek ez zioten utzi jokoan askorik sartzen, eta horregatik irabazi zuten. Mendinuetak min handia egin zuen sakearen bidez. Zortzi tanto lortu zituen.

Txukun Lakuak asteburu honetan jakingo du nor izango duen aurkari final-laurdenetan. Gazteleku Andoaingo elkarteak eta Lemoak igande arratsaldean jokatuko dute, Andoainen (16:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.