Montpellierko (Frantzia) GGL estadioan modu sentikorrean abestu zen herenegun Mikel Laboaren Txoriak txori. Ohiko kanta da Baiona errugbi taldearen ospakizunetan. Zelaian jokalari eta klubeko ordezkariak kantuan, estadioko Murrayfield harmailan zeuden 2.000 baionarren laguntzarekin. Hala lehortu zituzten duela urtebete Miarritzeko Aguilera estadioan isuritako negar malkoak. Izan ere, Miarritzek modurik krudelenean, derbi batean, kanporatu zuen iaz Baiona Top14ko habiatik, eta haren tokia hartu zuen gainera. Txori xuri-urdinak, ordea, azkar aurkitu du kolpe hartatik osatu eta bere habiara itzultzeko modua. «Garrantzitsua zen ahalik eta lasterren bueltatzea. Gainera, txapeldun izanda itzuliko da Baiona. Polita da igoera modu horretara lortzea». Aretz Iginiz Baionako jokalari eta kapitain ohiaren (Hendaia, Lapurdi, 1983) hitzak dira. Bi aukera zituen Baionak Top14ra itzultzeko, baina batekin aski izan du.
Misterio gutxi izan zuen ProD2ko finalak, Baionak aise menderatu baitzuen Mont-de-Marsan: 49-20. Hasi eta buka nagusi izan zen euskal taldea. 17-3 aurreratu zen lehen ordu erdira iritsi aurretik, eta hamar puntuko aldearekin joan zen atsedenaldira.Lehen zatian erabaki zuen finala Baionak. «Markagailuan alde handia hartuz gero, aurkariak arriskatu egin behar du, ireki egiten da, eta zuk hori aprobetxatu behar duzu. Final batean 49 puntu sartzea asko da. Mont-de-Marsan oso trebea da hankako jokoan, baina Baionak bikain erantzun zuen arlo horretan ere. Uztartzeetan eta alboko sakeetan ere oso ondo aritu ziren». Okzitaniako taldearen aurka ligako bi partidak galdu eta gero, hirugarrenean bai, Baionak irabazi zuen. Garairik onenean irabazi ere. «Finalak partida bereziak dira, eta edozer gauza gerta daiteke. Esperientzia oso garrantzitsua da, eta Baiona, alde horretatik, Mont-de-Marsanen aurretik zegoen».
Maila galduagatik ere, klubak egitasmoari jarraipena ematea erabaki zuen Yannick Bru entrenatzailea eta jokalari gehienak mantenduz. Erabaki zuzena izan da. Iritzi hori du Iginizek: «Azken hamar urteetan egonkortasuna falta izan da. Hori izan da arazorik handiena. Yannick Bruk eta bere lantaldeak lau urte egin ditu Baiona zuzentzen, eta, iaz jaitsi arren, taldeak ez zuen denboraldi txarra egin. Beraz, zegoenari eutsita errazagoa izan da igotzea». Entrenatzailearen lana «sekulakoa» izan bada ere, jokalari ohiak ez ditu ahaztu nahi izan arrakastaren parte izan diren beste pertsona asko: «Bruren teknikari taldean pertsona asko daude, eta horiena ere bada igoera. Eta, noski, jokalariena. Herriaren laguntza ere funtsezkoa izan da. Finean, guztiena da igoera hau».
Behin igoera lortuta, zailena falta da orain. Alegia, datorren urtean mailari eutsi eta Top14an segida izatea. «Errugbia antolatuta dagoen moduan, azken unera arte ezin da jakin zer mailatan ariko den talde bakoitza hurrengo denboraldian, eta horrek plangintzari asko eragiten dio. Dena azken momentuan egin behar da, eta ez da erraza. Horregatik da hain zaila igo berri diren taldeentzat Top14an jarraitzea». Iaz Miarritze eta Perpinya igo ziren Top14ra, eta biek ala biek oso denboraldi zaila izan dute. Hain zaila, Lapurdiko taldea zuzenean jaitsi baita ProD2 ligara. Kataluniakoak, berriz, ez jaisteko kanporaketa jokatu beharko du Mont-de-Marsanen aurka.
Horren harira, azken bederatzi denboraldietan ez da euskal derbirik izan Frantziako maila nagusian. «Ez da erraza, baina lor daiteke berriz ere bi taldeak gorengo mailan ikustea». Iaz egin bezala, baina elkarren aurka jokatu gabe, mailak trukatuko dituzte Baionak eta Miarritzek.
Aldaketa sakona
Frantziako lehen mailan segida izateko, denboraldi berriari begira aldaketa ugari egingo ditu Lapurdiko taldeak. Hasteko, Bruk ez du karguan jarraituko, Baionan lau denboraldi egin eta gero. Gregory Patat Perpinya eta Arroxelako entrenatzaile ohiak ordezkatuko du: haren estreinako aldia izango da entrenatzaile nagusi edo manager postuan.
Taldeari dagokionez, zenbait jokalariri kontratua amaituko zaienez, dozena bat jokalari berri beharko dira. «Teknikari taldearen erdia aldatuko da, eta hamar edo hamabi jokalari berri ere fitxatuko dira. Horrek zailtasunak ekarriko ditu, baina denboraldi bakoitza ezberdina da. Etapa berri bat abiatuko du Baionak». Txoria bere habiara itzuli da, baina, habia azken aldietan baino hobeto indartu ezean, bertatik kanporatua izateko arriskua handia da.
Baiona errugbi taldea
Txoria bere habiara itzuli da
Baiona Top14 ligara bueltatu da, duela urtebete Miarritzeren aurka maila galdu eta gero. Denboraldi berrirako aldaketa sakona espero da taldean, Yannick Bru entrenatzaile nagusiak eta jokalarien laurdenek ez baitute jarraituko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu