Athleticek oraindik ez du jaso isunik Espainiako Kopako finalean Espainiako ereserkiak jasotako txistualdiarengatik. Josu Urrutiak atzo jakinarazi zuenez, oraindik ez da iritsi Indarkeriaren Aurkako Espainiako Batzordearen inolako «ohar ofizialik». Batzordeak, besteak beste, Bartzelona, Espainiako Futbol Federazioa, ustez txistualdia sustatu zuten plataforma, eta Athletic bera zigortu zituen. Bilboko taldearentzat 18.000 euroko zigorra eskatu zuen txistualdia eragozteko behar adina ez egiteagatik. Batzordeak uztailaren 27an eman zuen isunaren berri, eta taldeek helegitea jartzeko aukera izango zutela aurreratu. Athleticek, baina, oraingoz, ezin izan du defentsa prestatu. Urrutiak, era berean, gaiaren inguruko azken hilabeteetako bere mezua errepikatu zuen: «Athleticeko zaleek zerbait merezitzekotan, zorion mezu bat mereziko lukete, eta nik dakidala halakorik ere ez dugu jaso».
Urrutiak, hilero bezala, taldearen egunerokoa aztertu zuen. Lehen taldea sasoi onean ikusten duela esan zuen, eta ez dago arduratuta liga hasiera gorabeheratsuarekin. Partida karga handiaren eragina nabarmendu zuen. Herenegungo euskal derbiaz mintzatzean, Athletic Reala baino hobea iruditu zitzaion, eta Illarramendik baloia eskuarekin ukitu zuenean penaltia iruditu zitzaiola. Hala ere, ez zen eztabaidan hasi: «Epailea banintz, ez dakit adieraziko nukeen edo ez. Beste batzuetan epaileek gu lagunduko gaituzte».
San Mamesez ere mintzatu zen, etxeko partidetan euria egiten duenean zale asko busti egiten direlako. Hainbat abonatuk plataforma bat osatu dute, eta, euren arabera, 10.000 dira bustitzen diren zaleak. Urrutiak ez zuen kopururik aipatu, baina gaiarekin «arduratuta» dagoela onartu zuen: «Gaia adituen esku dago, eta konponbideak aztertzen ari gara. Estadio honek aurrekoak adina edo gehiago irautea nahi dugu, eta konponbideak behar dira». Esan zuenez, baliteke bazkideen aurtengo batzarrean, urriaren 27an, konponbideren bat aurkeztea.
Alokairu «merkea»
Athleticek San Mames erabiltzeko urtero ordaintzen duen 500.000 euroko alokairua eztabaidagai izan zen atzo Bizkaiko Batzar Nagusietan. Jose Maria Iruarrizaga aldundiko Ogasun diputatuaren ustez, «merkea» da, aldundiak urtean bitan estadioa erabil dezakeelako, baita palkoak eta aparkalekua ere. Athletic estadioaren %23,58ren jabe da, eta 58 milioi euroko aurrekontua du. EH Bilduk «kontrol publikoa» eskatu zuen, eta alokairu apala, eta nabarmendu zuen palkoak eta aparkalekua aldundiari egiten diotela mesede «eta ez herritarrei».
Txistualdiaren berririk gabe
Athleticek oraindik ez du jaso Indarkeriaren Aurkako Batzordearen isunik.San Mamesen bustitzen diren zaleen egoera aztertzen ari dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu