TXIRRINDULARITZA. Okerragoa izan zitekeen

Denis Mentxovek irabazi du erlojupeko luzea, hasieratik bukaerara onena izanda, eta, gainera, bera da lider berria

Igor Susaeta.
2009ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Aspaldi ez zela Italiako Giroan 60 kilometrotik gorako erlojupeko bat jokatzen. Azkenekoz 1996an, Milanera heltzeko lau egun falta zirela: Vicenza eta Marostica artean, 62 kilometro. Eugeni Berzin errusiarra izan zen onena, ordubete, 13 minutu eta 59 segundoko denbora eginez. Segundo bakarra atera zion Abraham Olano anoetarrari. Halere, aldeak handiak izan ziren, oso handiak. 10.enak, Enrico Zainak, ia lau minutu galdu zituen -hiru minutu eta 47 segundo-, eta Beat Zberg 20. sailkatuak, berriz, bost minututik gora. Atzo 60,5 kilometroko erlojupekoa jokatu zen, Sestri Levante eta Riomaggiore artean, eta faboritoak, aurretik aipatutakoak kontuan hartuta, izututa zeuden. Gainera, ibilbidea 1996ko erlojupekoa baino gogorragoa zen. Halere, ordu eta erdi pasatxoko esfortzuaren ondoren, faborito bakar bat ere ez da nagusiaren lehiatik kanpo gelditu. Bai, batzuek espero zuten baino denbora gehiago galdu zuten, eta beste batzuek gutxiago, baina den-denak konforme samar zeuden, izan zitekeena kontuan hartuta; okerragoa izan zitekeela, alegia. Eta faboritoen artean Denis Mentxov (Rabobank) izan zen onena; hasieratik bukaerara, gainera, eta garaipena Pedro Horrillo taldekideari eskaini zion. 2005eko Espainiako Vueltan ere 47 kilometroko erlojupeko bat irabazi zuen Lloret de Marren. Erakustaldia eman zuen atzo Nafarroan bizi den txirrindulariak. Hartara, errusiarra da lider berria. Hortaz, 1996koan bezalaxe, errusiar bat garaile.

Eta orain hamahiru urteko erlojupekoaren ondoren Pavel Tonkov zen liderra. Beste errusiar bat. Patuaren kontuak. Hurrengo egunean galdu zuen maglia, ordea: Marmoladako tornante tenteetan, Pordoi ederrean. Olanok kendu zion liderraren elastikoa, egun bakar batez izan bazen ere.

Mentxovenak, aldiz, ez dirudi egun bakarreko kontua izango denik. Errusiarrak Tourra dauka buruan, baina mutur-muturrean dabil Corsa Rosa-n, iaz bezala; egia esan, pasa den urtean baino hobeto. Dolomitetan nagusitu eta gero -Alpe di Siusin-, atzo erakustaldia eman zuen ibilbide tekniko eta ezin gogorragoan.

Aldapa gora, Passo del Braccora bidean hasi zuten erlojupekoa, eta mendate horretan, 18. kilometroan, berea zen denbora onena. Levantora bidean aldapa behera egin beharreko 16 kilometroak arriskutsuak ziren, bihurgunez jositakoak, baina errusiarra ondo moldatu zen. Eta berriro 10 bat kilometro gorantz, Passo delTermine harrapatzeko. Hor 34 segundo atera zizkion Levi Leipheimerri (Astana), etapako bigarrenari. Helmugan, berriz, 20 izan ziren.

Astanako estatubatuarra espezialista da erlojupekoetan, eta, gainera, ia beti gorantz egiten du kilometroak egin ahala. Atzo ere bai. Ziztu bizian egin zuen azkeneko jaitsiera bukatu eta helmugara arteko bidea. Bizikletan posizio ahalik eta aerodinamikoena hartuta. Dena dela, faboritoen artean Carlos Sastre (Cervelo) izan zen atzo erlojupekoetarako propio prestaturiko bizikleta erabili zuen bakarra. Gainontzekoek eguneroko bizikletaren alde egin zuten, triatloiko heldulekua jarrita, noski.

Danilo di Luca aurreko liderrak (LPR), esaterako. «Pozik nago. Bigarren igoeran nekea nabaritu dut, eta erlojupekoa amaiezina egin zait. Gaurkoaren [atzokoaren] ondoren Giroa irekita dago oraindik ere», esan zuen killer-ak etapa bukatuta eta gero. Ez zaio arrazoirik falta. Berak, behintzat, espero zuena edo espero zuen baino denbora gutxiago galdu zuen. Bi minutura ere ez zen iritsi lider berriak atera zion aldea. Gainera, Ivan Basso (Liquigas) eta Sastre igotzaileak atzeratu zituen, esaterako.

Basso, pattal antzean

Agian, Basso izan zen pattal antzean, espero baino makalago, ibili zirenetako bat. Bere alde esan behar da denbora asko zeramala erlojupeko luzerik jokatu gabe. «Emaitza ez da bikaina izan, ez. Halere, irekita dago Giroa, eta nekea nabaritzen hasiko da», esan zuen 2006ko Giroaren garaileak. Franco Pellizotti taldekidea aurretik du orain. Iazko Plan de Coroneseko kronoigoerako garaileak lan bikaina egin zuen, eta nagusian jada minutu bat kentzen dio hasiera batean taldeburu izan behar zuenari. Ikusteke dago Liquigasek aurrerantzean nola jokatuko duen.

Bassok bezalaxe, Michael Rogers espezialistak (Columbia) ez zuen bere mailarik onena eman eta ia hiru minutu galdu zituen. Lance Armstrong (Astana), aldiz, itxuran aritu zen, eguna «amaiezina» egin zitzaion arren. Eta zer esan Stefano Garzelliz... Bikain, hirugarren Acqua&Saponeko beteranoa. Beste askok begiak itxita sinatuko luketena egin zuen Varesekoak.



Sailkapenak

HAMABIGARREN ETAPA

1. Denis Mentxov (Rabobank) 1.34.29

2. Levi Leipheimer (Astana) 20ra

3. S. Garzelli (Acqua&Sapone) 1.03ra

4. Janez Brajkovic (Astana) 1.14ra

5. Franco Pellizotti (Liquigas) 1.27ra

6. Danilo di Luca (LPR) 1.54ra

7. Bradley Wiggins (Garmin) 1.59ra

8. Gabriele Bosisio (LPR) 2.04ra

9. Jose Serpa (Diquigiovanni) 2.13ra

10. Marzio Bruseghin (Lampre) 2.17ra

62. Iker Camaño (Fuji-Servetto) 7.58ra

100. Iban Maioz (Xacobeo) 9.57ra

168. David Lopez (Caisse) 13.26ra

NAGUSIA

1. Denis Mentxov (Rabobank)50.27.17

2. Danilo di Luca (LPR) 34ra

3. Levi Leipheimer (Astana) 40ra

4. Franco Pellizotti (Liquigas) 2.00ra

5. Carlos Sastre (Cervelo) 2.52ra

6. Michael Rogers (Columbia) 2.59ra

7. Ivan Basso (Liquigas) 3.00ra

8. G. Simoni (Diquigiovanni) 4.38ra

9. Marzio Bruseghin (Lampre) 5.26ra

10. Thomas Lokvkist (Columbia) 5.53ra

50. Iker Camaño (Fuji) 36.11ra

64. Iban Maioz (Xacobeo) 48.10era

96. David Lopez (Caisse) 1.19.33ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.