Aurtengo Giroak iazkoak baino mendi gutxiago zeharkatuko du, baina horrek ez du esan nahi gogorra izango ez denik. Giroaren ezaugarri nagusia mendiaren nagusitasuna da, eta aurten ere antolatzaileak ez dira motz geratu. Denera 32 mendate igo beharko dituzte txirrindulariek Sestriere bi aldiz igoko dute, eta 20 etapetatik hiru gain batean bukatuko dira. Maiatzaren 7an hasi, eta 29an bukatuko da.
Lehen astea nahiko lasaia izango dela aurreratu daiteke, etapa luze eta lauak antolatu baitituzte antolatzaileek. Alessandro Petacchi caporregime-ak eta bere taldeak erabakiko dute, beste behin, nork alde egiten duen tropeletik, eta zenbat kilometrorako.Bigarren astean gorriak ikusiko dituzte txirrindulariek, batez ere 11. etapatik aurrera. Lehen aldiz gain batean bukatuko da, Zoldo alton, Dolomitetan. Mendiarekin lehen harremana izateko helmugakoaz aparte, beste hiru mendate ere jarri dituzte. Baina benetako proba 13 eta 14. etapetan izango dute denek. Kranpoiak, pioletak, sokak eta sherpak beharko dituzte txirrindulariek bi egun horietan igo beharrekoa igotzeko. 13. etapak 217 kilometro izango ditu, eta San Pietro, Costalunga, Pordoi, Campolongo, Erbe eta Ortisei-San Ulrich igo beharko dituzte. Hurrengo egunean beste 210 kilometro izango dituzte, eta Avelengo, Stelvio aurtengo Coppi gaina eta Foscagno igo beharko dituzte.
Azken astea, are gogorragoa
Horrekin nahiko ez, eta azken astea ere gogorra izango dute aurten. Azkenaurreko etapan Sestriere, bi aldiz, eta Finesterre igo beharko dituzte. Lurrezko pista bat dago Finisterren gora, eta lasterketa igaro ahal izateko zoru berezia jarriko diote. Hiru asteren ondoren indarrik badago, etapa honek emango du aurtengo Giroaren epaia.
Erlojupekoei dagokienez, iaz baino kilometro gehiago izango dituzte, baina ez dira guztiz lauak izango. Aitzin etapak 1,150 kilometro baino ez ditu izango, eta gauez jokatuko da. 9. etapan Florentziako paraje ederretan 41 kilometroko beste bat izango dute, eta Sestriereko etapa bezperan azkena. Honek 31 kilometro izango ditu, eta Chieritik Turinera jokatuko da.
TXIRRINDULARITZA. Kranpoiak, pioletak eta sherpak
Atzo aurkeztu zuten Milanen aurtengo Giroa; mendate gogorrak izango dituzte, eta iaz baino erlojupeko gehiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu