TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Kontuz Xavi Tondorekin

Iban Maioz.
2010eko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Esan nizuen etapa arriskutsua zela, eta ederra gertatu da! 56 txirrindulari sartu gara eguneko ihesaldian, eta berehala ohartu gara sailkapenean aurrean zeuden guztiak atzean geratu direla. Sky, Caisse d'Epargne, Cervelo, Saxo Bank... denak bete-betean tiraka hasi dira aurrean, eta ia hemezortzi minutuko aldea ere eduki dugu. Azkenerako Giroa lehertu egin dela esan daiteke, eta kontuz sailkapenean goialdean ageri direnekin.

Ni nahiko ondo ibili naizela esan daiteke. Ihesaldian sartu naiz, eta 250 kilometro egin ditut besteen gurpilean jarrita, babesean. Lehenengo hamar kilometroek-edo goranzko joera zeukaten, eta hortxe sortu da ihesaldia. Gora iristeko kilometro bat falta zenean sartu naiz ni aurrean. Jaisten hasi garenean begiratu dut atzera, eta orduan konturatu naiz tropela erabat moztuta zegoela. Talde guztiak ere azkar ohartu dira horretaz, eta bete-betean egin ditugu geratzen ziren 250 kilometroak.

Egia esan, etapa hasieran ez geneukan aparteko asmorik ihesaldian sartzeko, eta zuzendariak ere horixe esan digu, hasieran lasai ibiltzeko, kilometro asko zirela eta oso zaila izango zela amaieraraino iristea. Ihesaldi normala sortuko zela uste genuen, baina horrela suertatu da, eta tira... Batere lanik egin gabe joan gara aurrera, eta gaitz erdi. 25. postuan nago sailkapen nagusian, eta ez da txarra izango hortxe mantentzea. Ederra litzateke lehen 20-25en artean sartzea. Egunean egunekoa egingo dugu, hala ere, Giro honetan ezin baita jakin zer gertatuko den.

Eta apustuak egiten hasita, Xavi Tondoren alde egingo nuke nik. Oso indartsu dago, eta kontuz berarekin. Tondo, Arroyo, Sastre... Garailea horien artetik irtengo dela esango nuke. Ez dut uste Portek mendian aurrekoekin iraungo duenik, baina alde handia dauka, eta ez da urruti ibiliko. Vinokurov, Evans, Basso... horiei kostako zaie Arroyo eta Tondori zortzi-bederatzi minutu kentzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.