TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Eta, gainera, euria!

Iban Maioz.
2010eko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Zortziak izateko hamabost minutu falta dira, eta oraintxe iritsi gara hotelera. 230 kilometroko etapa amaitu ondoren, ordu eta erdiko bidaia autobusean. Dutxatu gabe gaude oraindik, masajerik ere ez digute eman, eta bihar 07:00etan esnatu beharko dugu. 10:15ean hasiko da etapa, eta ordubeteko bidaia daukagu aurretik. Eta gero, zer? 262 kilometro! Eguraldi txarra dago emanda, gainera. 11. etapa da jada, hiru mendate gogor daudela uste dut, gainera, eta bromak egiteko gogo gutxi izango da tropelean.

Milan-San Remo klasikoa izan da orain arte egin dudan lasterketarik luzeena; ia 300 kilometro dauzka proba horrek. Baina egun bakarreko lasterketa da hori, eta atseden hartuta joaten gara. Iaz ere Giroan eduki genituen 250 kilometro inguruko bi etapa gogor, baina aurtengoa beldurtzeko modukoa da. Agian ez da ezer gertatuko, baina txakalaldiren bat daukanak lanak izango ditu helmugara iristeko. Goizean ahalik eta gehien gosaldu beharko dugu: zumoren bat, pasta edo arroza, zerealak esnearekin, tostadaren bat... Eta garrantzitsua izango da lasterketan zehar ere ahalik eta gehien jatea. Horrelakoetan berriz ohera sartzeko gorputzaldi hobea izaten da, baina, tira, horrelakoa da Giroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.