TXIRRINDULARITZA. Gutxi behar du polita izateko

Alessandro Petacchik irabazi du berriro, bera da orain liderra, eta Denis Mentxovek 24 segundo galdu ditu

Igor Susaeta.
2009ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Hartu atzoko Italiako Giroko etaparen profila. Hirugarrena, mendiko lehen saioaren bezperan, eta 198 kilometro Grado eta Valdobbiadene artean. Laua. Hotzean pentsatuta, aspergarri samarra izateko osagai eta aldagai guztiak zeuzkan. Baina Giroa horregatik da hain berezia: edozein etapatan, edozein egunetan, edozer gerta daitekeelako. Eta etapa bukaera batek gutxi behar du polita izateko; oso gutxi. Atzo, adibidez, eroriko bat gertatu zen helmugara iristeko hamabost bat kilometro falta zirenean, eta lasterketa erotu egin zen. Batetik, antolatzaileak ailegaera bihurriak prestatu zaleak direlako. Bestetik, korritzeko modua erasokorra delako Italian. Bi aldagai horiek bat egin zuten bete-betean, eta azkeneko kilometroak ikusgarriak izan ziren. Halere, esprinta jokatu zuten, eta horretan Alessandro Petacchi (LPR) izan zen azkarrena, bezperan Triesten bezala. Orain italiarra da liderra. Mark Cavendishek (Columbia-High Road) ez zuen volatta jokatu, erorikoaren ondorioz atzean geratu zelako. Denis Mentxovi (Rabobank), lasterketa irabazteko faboritoetako bati, gauza bera gertatu zitzaion, eta 24 segundo galdu zituen helmugan.

Gainontzekoak, aldiz, aurrean sartu ziren. Aurrean sartu ziren, etapa osoan aurrean joan zirelako. Danilo di Lucak (LPR), Levi Leipheimerrek eta Lance Armstrongek (Astana), Ivan Bassok (Liquigas) edo Damiano Cunegok (Lampre) ez dituzte muturrean edo muturretik gertu kilometro mordoxka bat alferrik egiten. Badakite nolakoak diren Italiakoerrepideak, badakite azkeneko kilometroak hegan egiten direla, badakite erorikoak gerta daitezkeela, eta, hortaz, hobe aurrean ibiltzea. Horregatik, erorikoak ez zituen ezustean harrapatu.

Ordurako jada bat eginda zihoan tropela. Izan ere, helmugara heltzeko 30 kilometro falta zirenean irentsi zuen tropelak eguneko ihesaldia. Giuseppe Palumbok (Acqua&Sapone), Juri Krivtsovek (Ag2r), Mauro Faccik (Ag2r), Mikhail Ignatievek (Katusha) eta Bjorn Schroederrek (Milram) osatu zuten; 150 bat kilometro egin zituzten buruan, eta sei bat minutuko abantailarekin ibili ziren uneren batean.

Baina volatta jokatzeko aukera gehiegi ez daude aurtengo Giroan, eta, beraz, esprinterren taldeak lanean hasi ziren. LPR, Barloworld, Lampre... Baita Astana eta Liquigas ere, euren liderrak babesean eramateko. Erorikoaren ondoren, ordea, txikitu egin zen tropela, eta aurrena Thomas Voecklerrek (Bouygues Telecom) eta Davide Malacarnek (Quick Step) egin zuten aurrera. Azkeneko hiru kilometroen barruan, berriz, Marzio Bruseghin (Lampre) italiarren idoloa eta Giovanni Visconti (ISD) ahalegindu ziren. Alferrik. 57 txirrindulariko tropel horretan Petacchik izan behar zuen azkarrena, eta hala izan zen. Corsa Rosa-n lortutako 21. etapa garaipena da, bere ibilbideko 151.a, eta, 2003an bezala, maglia arrosa jantzi du.

Gaur mendiko lehen etapa jokatuko dute. 162 kilometro, Padua eta San Martino di Castrozza artean. Azkeneko mendatea hamahiru kilometro da luze, eta %6ko batez besteko pendiza dauka.



Sailkapenak

HIRUGARREN ETAPA

1. Alessandro Petacchi (LPR) 4.45.27

2. Tyler Farrar (Garmin) d.b.

3. Francesco Gavazzi (Lampre) d.b.

4. Dario Cataldo (Quick Step) d.b.

5. Damiano Cunego (Lampre) d.b.

6. Philippe Gilbert (Silence-Lotto) d.b.

7. Oscar Gatto (ISD) d.b.

8. Michael Rogers (Columbia) d.b.

10. S. Garzelli (Acqua&Sapone) d.b.

62. Denis Mentxov (Rabobank) 24ra

89. Iban Maioz (Xacobeo) 1.25era

102. D. Lopez (Caisse d'Epargne) d.b.

106. Iker Camaño (Fuji-Servetto) d.b.

162. Pedro Horrillo (Rabobank) 5.42ra

NAGUSIA

1. Alessandro Petacchi (LPR) 8.50.06

2. Tyler Farrar (Garmin) 8ra

3. Michael Rogers (Columbia) 18ra

4. Thomas Lovkvist (Columbia) d.b.

5. Lance Armstrong (Astana) 31ra

6. Danilo di Luca (LPR) 40ra

7. Yaroslav Popovitx (Astana) 44ra

8. Levi Leipheimer (Astana) d.b.

9. Andri Grivko (ISD) 45era

10. Francesco Gavazzi (Lampre) 52ra

92. Iban Maioz (Xacobeo) 3.15era

103. I. Camaño (Fuji-Servetto) 3.33ra

107. D. Lopez (Caisse) 3.45era

155. Pedro Horrillo (Rabobank) 7.46ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.