Txipa aldatu, eta aurrera

Lesioek asko sufriarazi diote Andoni Aretxabaletari, baina orain aspaldi ez bezala ari da. «Lan gogorra eta prestatzen eginiko aldaketak» jo ditu hobekuntzaren gakotzat. Pena bakarra dauka: horrek ez balio izana aurtengo binakakoan toki finkoa izateko.

Andoni Aretxabaleta, pilota jotzear, eta Oinatz Bengoetxea, pilotakada saihestu nahian, Unai Laso eta Jon Ander Albisuren aurkako partidan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2019ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Baiko Pilotako atzelari batek min hartu, eta Andoni Aretxabaletak hura ordezkatu (Markina-Xemein, Bizkaia, 1992). Binakako Txapelketako lau jardunaldietatik hirutan gertatu da jada hori. Lehen bietan, Jon Mariezkurrenaren tokia hartu zuen Aretxabaletak.Etzi, berriz, Mikel Urrutikoetxearena beteko du.

«Ni prest nago enpresak nire laguntza behar duenerako. Lehen ordezkoa naiz, eta hori seinale ona da». Atzelari markinarrak barneratuta du zein den bere egitekoa. Beste erremediorik ez du. «Noski, gustatuko litzaidakeela finkoa izatea, baina hala egokitu da. Gogor jarraitu behar dut lanean, hurrengoan barruan egoteko. Kanpoan geratu ondoren, txipa aldatu dut. Aurrera egin behar dut», aitortu du etsipen apur batekin.

Etsipen horrek udan egindako lan onarekin du zerikusia. «Asko eta ondo jokatu nuen. Aspaldiko partez, ia ez nuen izan osasun arazorik». Horregatik, ez du ezkutatu «kolpea»izan zela Binakako Txapelketatik kanpo geratzea, baita «ezustekoa» ere. «Banuen itxaropena toki bat izateko, baina enpresak beste atzelari batzuen alde egin zuen. Atzelari asko gara, eta Mikel [Urrutikoetxea] ere ondo moldatzen da atzean. Behin aritu da atzelari gisa binakakoan, eta txapeldun izan zen [2016an, Aimar Olaizolarekin]. Norbaitek geratu behar du kanpoan, eta ni izan naiz horietako bat. Pena da, joka dezakedan txapelketa bakarra delako binakakoa. Baina aurrera egin behar dut. Titular izan ez arren, jokatzen ari naiz, eta ez da gutxi».

Bost urte pasatxo joan dira Aretxabaletak Olaizola II.arekin binakakoan estreinakoz jokatu zuenetik. Iritsi berri eta zerua ukitzear egon zen, txapeldunorde izan baitzen—22-13 galdu zuten Juan Martinez de Irujoren eta Abel Barriolaren aurka—. Geroztik, ordea, «sufritu» egin du «gozatu baino gehiago». Lesioek eragin diote sufrimendu hori: hiru aldiz egin diote ebakuntza —bitan hatzetan eta beste behin sorbaldan—, pneumonia bat pasatu du, eta hainbat tratamendu egin behar izan ditu. Horren ondorioz, azken sei binakakoetatik erdietan besterik ez du izan toki finkorik. 2018tik 2019ra jokatutakoan aritu zen azkenekoz, Urrutikoetxearekin, baina ez du oroitzapen onik. «Mikelekin arituta, finalerdiak jokatzeko aukera genuela uste nuen. Baina oso gaizki aritu ginen. Desastre bat izan zen». Haren kasuan, eskuan izandako arazoek «zeharo» baldintzatu zioten jarduna.

«Minik gabe, ondo aritu naiz»

Aspaldian, ordea, «oso bestelako sentipenak» ditu. «Gustura» ari da entrenatzen eta jokatzen, eta garrantzitsuena dena: ez du inolako minik. «Eta minik izan ez dudanean, eta maiz jokatu dudanean ondo aritu izan naiz». Barru-barrutik atera zaio bere buruaren aldarrikapena. Aurtengo binakakoan jokatutako bi partidak jarri ditu horren adibide gisa: Olaizola II.a-Urrutikoetxearen kontra 22-21 galdu zutena, eta Laso-Albisuri 22-21 irabazi zietena. «Zoriontsuagoa nintzateke bi neurketak irabazi izan bagenitu, baina pozik nago egin dudan lanarekin. Ondo ikusi dut neure burua. Hala ere, pilotan gauzak asko alda daitezke egun batetik bestera. Orain ondo ari naiz, eta aprobetxatu egin behar dut».

«Lana» dago guztiaren atzean. «Gehiago zaintzen naiz, eta aldaketa batzuk egin ditut prestaketan. Eta oraingoz, lan hori fruitua ematen ari da». Eskuin eskuak makina bat buruhauste eragin dizkio. Aurten, ordea, gogor eta seguru ari da jotzen pilota. Nabari da Pablo Berasaluze pilotari ohi eta Baiko Pilotako teknikariarekin egindako lana. «Pablo eta biok egun osoan gaude sartuta frontoian, eta lan hori islatzen ari da partidatan». Jokatzeko era ere aldatu du. «Orain arte, pilota ahal zen atzetik jo ordez, nahiago nuen frontisetik pegatuen sartu. Orain, aldiz, apur bat gehiago arriskatzen dut. Halere, oraindik ez dut aldaketa erabat barneratu, eta, batzuetan, ez naiz ondo jartzen pilota jotzeko. Badut zer hobetua».

Etzi, Iruñean, Olaizola II.arekin ariko da. 2014an jokatutako final hartatik inoiz ez dute jokatu elkarrekin txapelketa batean, eta aitortu du «berezia» izango dela, «orduko oroitzapenak» izango dituelako «buruan». «Ea jokoan ere garai hartako sentipen onak ditugun, eta irabazten dugun».

Jokin Altuna eta Ladis Galarza izango dituzte aurkari. Garaipen bana dute bi bikoteek. Aretxabaletak argi du Altuna III.ak «estu hartuko» dituela, eta berak «lan asko» izango duela. «Ladisek oso gustura jokatzen du Labriten, abiadura handia ematen baitio pilotari. Badakit atzean egotea tokatuko zaidala. Baina saiatuko naiz aurre egiten, eta pilota kentzen, Aimarrek tantoa egin dezan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.