Ju Wenjunek zur eta lur utzi zituen xakezeleak 2004an. 13 urterekin, hirugarren sailkatu zen emakumezkoen Asiako Txapelketan. Handik aurrera, ibilibide oparoa osatu du. 2010etik aurrera, ia beti 2.500 elo punturen gainetik mantendu da. Tartean, bitan gainditu du 2.600en muga: 2017an eta 2019an. 2018an, Munduko Txapelketa irabazi zuen Tan Zhongyin herrikidearen kontra, eta orain arte tituluari eutsi dio.Izan ere, beste bi alditan ere txapeldun izan zen. Gaurkoan, laugarrenez koroa lortzeko bideari ekingo dio. Lei Tingjie herrikidea izango du aurkari. Bihar hasiko da finala, eta, ezusterik ezean, uztailaren 24ra arte iraungo du. Hamabi partidatara jokatuko da. Lehen seiak Shanghain jokatuko dituzte, eta besteak, Chongqingen, Leiren hirian.
Nahiz eta finantzetan eta ekonomian lizentziaduna izan, Junek txikitatik zaletasun handi bat izan zuen: xakea. «Eskolara edo oporretara joateko denbora askorik ez dut sekula izan. Baina ondo dago: xakean jokatzeak zoriontsu egiten nau, beste edozerk baino gehiago», esan zuen 2018an, Munduko Txapelketa irabazi ostean.
Zaletasun eta konpromiso hori berehala erakutsi zuen. Munduko Txapelketa irabazi, eta zuzenean Txinako liga jokatzera joan zen. Hilabete hauetan ere ez dugrina hori galdu, lehiatzen jarraitu baitu, Munduko Txapelketa prestatzen aritu beharrean. Maitzean Sharjaheko Irekia jokatu zuen, emaitza paregabea lortuta. Horren ostean, ekainean, Txinako liga jokatzera joan zen.
Ju jokalari ausarta da, eta ez die zailtasun taktikoei ihes egiten. Hobeto esanda, batzuetan horien bila dabilela ematen du. Borrokalari hutsa da, eta, horri esker, oso egoera zaila gainditu zuen 2020ko titulurako norgehiagokan, Aleksandra Goryachkina errusiarraren kontra. Azken partidan kolpe handia hartu zuen, titulua ia poltsikoan zuenean. Baina berdinketa hausteko partida erdi bizkorretan, txinatarrak tituluari eutsi zion.
Gauzak egiteko beste modu bat dauka Leik, haren aurkariak. Apirilean jokatutako hautagaien finalean nagusitu eta gero, ez du torneorik jokatu. Munduko Txapelketarako prestakuntzan aritu da bete-betean. Leik xakean izan duen garapena ezin da Junek izandakoarekin alderatu. Askoz motelagoa izan da. Kosta egin zitzaion 2.300 elo puntuak gainditzea. 2013an lortu zuen, 16 urterekin. Baina egia da hortik aurrera dedikazioa eta emaitzak hobetu dituela. 2017an, maisu handiaren titulua lortu zuen, 20 urte bete aurretik. Ordutik, 2.500 elo puntuen gainetik egon da, eta orain inoizko elo puntu gehien dauzka: 2.554.
2021ean, Grand Swiss torneo irabazi zuen, eta, horri esker, hautagaien norgehiagoketarako sailkatu zen. Lei ezagun egin zen elkarrizketa batean emandako erantzunagatik. Kazetariak galdetu zion ea 20.000 euroko sariarekin zer egin behar zuen. Argi erantzun zion: «Ez daukat ideiarik, sari hori ez baitzait axola». Titulua lortu nahi du, eta horrela erakutsi zuen hautagaien torneoan. Bertan, Maria Muzychuk, Anna Muzychuk eta Tan Zhongyi aise gainditu zituen, eta finalerako sailkatu.
Xakearen bilakaera Txinan
Lehen aldiz, munduko bi txapeldunak Txinakoak dira: Ding Liren kategoria irekian eta Ju Wenjun emakumezkoen kategorian. Emakumezkoen artean, 1990eko hamarkadatik, Txinako hainbat jokalari izan dira txapeldun: 1991tik 1996ra eta 1999tik 2001era, Xie Jun; 2001etik 2004ra, Zhu Chen; 2006tik 2008ra, Xu Yuhua; 2010etik 2012ra, 2013tik 2015era eta 2016tik 2017ra, Hou Yifan; 2017tik 2018ra, Tan Zhongyi; eta 2018tik, Ju Wenjun. Tartean, ekialdeko Europako xakelari batzuk nagusitu dira: 1996tik 1999ra, Susan Polgar; 2004tik 2006ra, Antoaneta Stefanova; 2008tik 2010era, Alexandra Kosteniuk; 2012tik 2013ra, Anna Ushenina; eta 2015etik 2016ra, Mariya Muzychuk. Baina Txinako jokalarien nagusitasuna agerikoa da.
Dena den, gauzak ez dira beti horrela izan. 1990eko hamarkadara arte kostata aurki zitezkeen Txinako jokalariak onenen artean, edo nazioarteko torneoetan. Sobietar Batasuna zen nagusi.
Txinak bere xake mota propioa dauka: xiangqia. Baina 1970eko hamarkadan, hango gobernuak xake estandarra sustatzea erabaki zuen. Arrazoi nagusia izan zen ikustea xakeak herrialde baten irudirako zein indar izan zezakeen, batez ere Sobietar Batasunak lortutakoa, eta Bobby Fischerren eragina ikusita. 1974an, Txinako Gobernuko ordezkariak FIDE Nazioarteko Xake Federazioko presidentearekin batzartu ziren, eta, 1976an, FIDEk Txinako Federazioa onartu zuen. Orduan, Txinan bultzatzeko proiektua sortu zuten. Informalki Big Dragon Project izena jarri zioten.
Proiektuak helburu argia zeukan: mende bukaerarako lehen mailako jokalariak edukitzea. Hori 2000. urterako lortu zuten, eta emakumeen artean ez hori bakarrik: taldeka, Xake Olinpiadetan nagusitu ziren. Gainera, aipatu bezala, banaka munduko txapelak janztea lortu zuten. Bi hamarkadaren ostean, munduko bi txapeldunak dauzka Txinak, eta datozen urteetarako galdera da herrialde horretako xakea noraino irits daitekeen.
Txinaren boterearen erakusle
Bihar hasiko da emakumezkoen Munduko Xake Txapelketako finala. Ju Wenjun eta Lei Tingje txinatarrak arituko dira nor baino nor gehiago. Hamabi partidatara jokatuko dute finala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu