Asiako herrialdeak dira jaun eta jabe badmintonean eta mahai tenisean. Guztietatik Txina da maisu, kultura eta tradizio handia baitago bi kirol horietarako. Gurean ere badago zaletasuna, baina askoz apalagoa. Alderik ez dago. Hala ere, bi euskal taldek tokia dute Espainiako maila nagusian: Leka-Enea Irungo (Gipuzkoa) taldeak urteak daramatza mahai teniseko maila gorenean; Tecnun Donostiako taldea, berriz, badmintoneko maila nagusian ariko da datorren urtean.
Marco Satrustegi (Donostia, 1988) Tecnun taldeko kapitaina da. Talde berria da, baina indartsua: urtebete eskas behar izan du Lehen Mailatik Ohorezko Mailara igotzeko. «Gu ere ez gara edozein; Espainiako Ligan erreferente gara», esan du harro. Hala ere, aitortu du Euskal Herrian oso kirol ezezaguna dela. Txinako egoerarekin egin du alderaketa. «Txinan, Red Bull-en edo Gillette-ren iragarkiak badmintoneko jokalariek egitea da ohikoena; hemen, berriz, pentsaezina da».
Kirol askotan ez bezala, badmintonean gizonezkoak eta emakumezkoak aritzen dira talde berean —Partidak zazpi puntutara jokatzen dira: gizonezkoek eta emakumezkoek hiruna partida jokatzen dituzte. Falta den neurketan, berriz, elkarrekin aritzen dira. Indarra da giltza. Alor horrek egiten du aldea: «11-13 urterekin neskak hobeto moldatzen dira, baina, gerora, mutilek gora egiten dute, indar handiagoa izan ohi dutelako». Egunero entrenatzen dira, fisikoa lantzea eta pistan lan asko egitea funtsezkoak baitira. «Teknika izatea eta, batez ere, mugimenduetan azkarra izatea da gakoa».
Tecnuneko taldekide guztiak donostiarrak dira, baina ez da ohikoena: «Aurkariek atzerriko jokalari onak dituzte, eta ez dago talde ahulik; talde oso orekatuak dira denak». Ez da Donostiako taldeak duen bitxikeria bakarra. 15 urtetik hasi eta 40 urte bitarteko jokalariak ditu. «Etxeko jokalari on bat aurkitzea ia ezinezkoa da», arrazoitu du. Hala ere, zortekoak dira «talde orekatua» osatzen dutelako. Horri esker igo dira maila nagusira, «ezustean». Eta behin igota, badute helbururik datorren sasoiari begira: kanporaketetarako sailkatu eta ligako sei onenen artean amaitu. «Urte ona egiteko ilusioa daukagu, eta ea titulua lortzetik gertu ibiltzen garen».
Horretarako, ordea, diru laguntzen beharra dute, diru premia baitute. «Kirolgiri eta FIATC gure babesleari esker gaude bizirik. Ezinezkoa da Euskal Herrian badmintonetik bizitzea».
Txinatar eta errumaniar bana
Olatz Zuazua (Irun, Gipuzkoa, 1983) ere ez da bizi mahai tenisetik. Leka-Enea taldeko jokalaria da, baina ez da profesionala. Taldean, ordea, bai dituzte bi jokalari profesional: txinatar bat eta errumaniar bat. «Mahai tenisean beharrezkoa da atzerritarrak fitxatzea, bestela ezinezkoa da partidak irabaztea». Txinatar ugari txikitatik zortzi orduz entrenatzen direla nabarmendu du. «Eta hori igarri egiten da gero. Asko eta oso onak dira ia denak; hango txarrenak ona etortzen dira, eta, hemen, onenak dira».
«Kirol zaila» dela aitortu du Zuazuak, kontzentrazio handia eskatzen duelako eta norbere buruarengan konfiantza handia izatea beharrezkoa delako: «Lortuko duzula sinetsi behar duzu». Kirol moduan baino gehiago, «parkeko jolas» moduan da ezagunagoa gurean. «Baina ez da jolasa, kirola baizik; araudi oso zehatza du. Neurri asko ezezagunak dira. Gainera, jendeak ohitura txar asko ditu barneratuak. Adibidez, sakea ez da diagonalean ateratzen, librea da. Mahaia ere ezin da gorputzarekin ukitu. Jendeak probatzen du, baina, gerora, utzi egiten du. Kirol gutxitua delako».
Olatz Zuazuaren entrenatzaile eta taldekide da Jaime Vidal (Ciudad Real, Espainia, 1990). Hark nabarmendu ditu mahai teniseko jokalari ona izateko funtsezkoak diren bi elementu: teknika eta burua. «Ezinbestekoa da partidak kontzentratuta eta motibatuta jokatzea». Fisikoak ere dirudiena baino garrantzi handiagoa dauka. «Hankak asko entrenatzea komeni da mugimenduak ondo eta azkar egiteko. Ahalegin handia eskatzen duen kirola da».
Txina ez, Euskal Herria
Asian tradizio handiko kirolak dira badmintona eta mahai tenisa. Euskal Herrian ere badago zaletasuna; hori bai, askoz apalagoa. Hala ere, Tecnun eta Leka-Enea taldeak maila nagusian daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu