Txina ez da soilik mahai tenisa

Li Na txinatarrak irabazi du Roland Garros, eta lehen Grand Slam torneoa eskuratu du Asiarentzat

Julen Etxeberria.
Donostia
2011ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Mahai tenisa erlijioa da Txinan, 100 milioi fededun baino gehiago dituen erlijioa. Bada esaera bat dioena Txinak hiru botere dituela: Alderdi Komunista, armada eta mahai teniseko selekzioa. Ia ezinezkoa da aurkitzea ping-pongeko mahairik gabeko eskolarik. Ez da harritzekoa, beraz, jokalari txinatarrek kontrariorik ez izatea nazioartean. Onenak dira, alde handiarekin.

Li Nak ere mahai tenisean jokatzen zuen gaztetan, baita badmintonean ere —Txinako beste kirol kutunetako bat—. Ondo moldatzen zen bietan, baina entrenatzaile batek tenisarekin probatzeko gomendatu zion 9 urte zituela. Kasu egin zion, eta zortzi urtez gazte mailako hamaika torneotan lehiatu ondoren, profesional egin zen. Hor hasi zuen kirol ibilbidea, eta, zoritxarrez, gurutzebidea. Izan ere, lesioek txikitu egin dute Na urte askotan. Sasoi gutxitan jokatu du minik gabe.

2008an, baina, burua altxatzen hasi zen, non eta etxean, Pekingo Olinpiar Jokoetan. Finalerdietara iritsi zen. Beste horrenbeste egin zuen Dohan. Gold Coasteko torneoan (Australia), berriz, garaipena lortu zuen; haren lorpen nagusia ordu arte. Baina berriz ere lesioek eten egin zuten haren kirol ibilbidea. Konturatu orduko 2009a joan zitzaion, baita 2010eko lehen erdia ere.

Ekainaren erdian Birminghamen (Ingalaterra) irabazitako torneoa mugarri izan zen. Maria Xarapova errusiarrari nagusitu zitzaion finalean, eta, horri esker, jauzi handia egin zuen WTAko zerrendan, lehen hamarren artean sartzeraino. Inoiz ez zuen horrelakorik lortu Txinako tenislari batek.

Mugarriz mugarri

Ez zen hor amaitu Naren gorako bidea. Aitzitik, ordutik ez du etenik izan, eta mugarriz mugarri dabil. Urte hasieran ezarri zuen beste mugarri bat Asiako tenisarentzat, Australiako Irekian, denboraldiko lehen Grand Slam torneoan finalera iritsita. Ordu arte inoiz ez zen hain urruti iritsi jokalari asiar bat torneo handi batean. Nak eskura izan zuen beste mugarri bat ezartzea, Grand Slam bat irabazten zuen lehen asiarra izatea, baina Kim Clijsters flandriarrak irabazi egin zion finalean. Roland Garrosen izango zuen beste aukera bat.

Eta horrela iritsi zen Parisera, konfiantzaz lepo, baina bere aukeren jakitun. Ez zen gutxiagorako, ez zuen emaitza aipagarririk lur harrotuan. Eskerrak, ikusgarri aritu baita. Final-zortzirenetan eman zuen lehen abisua, Petra Kvitova txekiarrari irabazita. Garaipen horrekin, gainera, beste mugarri bat ezarri zuen, lehen aldia baitzen Txinako jokalari bat Roland Garroseko final-laurdenetara iristen zela. Baina Na ez zegoen horrekin konforme. Behin atarian egonda, barruraino sartu nahi zuen. Asiarentzat aurreneko Grand Slam torneoa irabazi nahi zuen etahistoria egin. Esan eta egin. Atzo lortu zuen, Francesca Schiavone italiarrari finalean irabazita (6-4 eta 7-6).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.