Ordizia 10.000 biztanle pasatxoko udalerria da, Goierrin kokatua, Gipuzkoaren erdian. Bere txikitasunean, Euskal Herriko igerilarientzat erreferente bat da, eta, bi urtetik behin, Gabonetako Nazioarteko Igeriketa Txapelketa antolatuta, erreferentzialtasun hori Europa osora hedatzeko gai da. «Ordizia mapan jartzen du», kontatu du Txesko Gonzalezek (Lazkao, Gipuzkoa, 1980), Ordizia Igeriketa taldeko zuzendari teknikoak. Hark eta Garazi Lorenzo taldeko entrenatzaileak (Ordizia, Gipuzkoa, 1989) duela sei urte hartu zuten txapelketa antolatzeko ardura. Gonzalezek azaldu duenez, «garai batean zuen mailatik urruti» dago lehiaketa, baina Lorenzok uste du bide onean doazela. «Maila igotzen ari da, eta ditugun baliabideekin oztopoei aurre egingo diegu, pixkanaka gerturatzeko garai batean izan zuen mailara». Bihar jokatuko dute aurtengo ekitaldia. Bertze pauso bat, helburu horretan.
10:00etan hasiko da txapelketa, eta 18:30etik aitzinera jokatuko dituzte finalak —ETB4k zuzenean emanen ditu finalak—. 37. ekitaldia izanen du aurten Gabonetako Nazioarteko Txapelketak, eta hirurehun igerilari baino gehiago lehiatuko dira Ordiziako Majori kiroldegian. Jokatuko dituzten probak izanen dira 50 eta 100 metro tximeleta, bizkar, bular eta estilo librean, eta 100 eta 200 metro estiloetan. Sailkapena FINA taularen arabera ezarriko dute —igerilariek lortutako denborak munduko markekin alderatzen dituen formula bat da—.
Parte hartuko duten nazioarteko igerilarien artean, azpimarratzekoa da bai gizonezkoetan bai emakumezkoetan duela bi urteko ekitaldiko irabazleak eta txapeldunordeak itzuliko direla Ordiziara —Caba Siladji serbiarra eta Simone Geni italiarra gizonezkoetan, eta Lidon Muñoz valentziarra eta Jessica Vall katalana emakumezkoetan—.
Faboritoen artean dagoen bertze igerilari bat Evelyn Verraszto hungariarra da; azken lau Olinpiar Jokoetan parte hartu du, eta urrezko bortz domina ditu Europako txapelketetan. «Lehenbiziko aldiz etorriko da, eta, sasoi onean badago, uste dugu txapelketako markak egiteko moduan egongo dela», azaldu du Lorenzok. Antolatzaileek uste dute mailarik altuena edukiko duen proba emakumezkoen 50 metroko bular estiloa izanen dela; baita parte hartzaileek Ordiziako markarik zaharrena gainditzeko adinako maila eman dezaketela ere—2001ekoa da, Beatriz Caslaru errumaniarrak ezarria 200 metroko estiloetan (2.14.37)—.
Euskal herritarrei dagokienez, euskal selekzioak parte hartuko du Ordizian, eta, horrez gain, herrialdeko talde nagusi guztiek bidaliko dute ordezkaritza bat. Igeriketa egokituko atleten artean, berriz, Iñigo Llopis, Richard Oribe eta Nahia Zudaire arituko dira bihar, bertzeak bertze.
Harremanak eta egutegia
Parte hartzaileak lotzeko lan eskerga egin behar izaten dute Lorenzok eta Gonzalezek. Lorenzok kontatu du txapelketa bukatu eta biharamunean hasten direla pentsatzen «zer egin den, zer atera den ondo, eta zer hobetu behar den». «Bete-betean», berriz, irailean hasten dituzte lanak.
Ordiziaren tamaina txikia eta nazioarteko ezagutza falta gainditu beharreko traba bat dira, eta Gonzalezek erran du horretarako behar beharrezkoak dituztela «kontaktuak»; hau da, jende gehiagoren bitartekaritza igerilariak erakartzeko. «Garai batean, Ordiziako igerilariak zeuden Estatu Batuetan, eta horien bidez kontaktuak zituzten han», azaldu du Gonzalezek. «Gu orain gure ezagunen bidez hasten gara lanean, eta lehen parte hartu dutenen artean norbait ez bada berriz etortzen, beti saiatzen da beste norbaiti deitzen. Horrek esan nahi du serio lan egiten dugula».
Igerilarien egutegietan tarte bat egitea da bertze zailtasunetako bat. «Data honen alde ona eta txarra berbera da», azaldu du Ordiziako zuzendari teknikoak. «Jendeak jai du, eta aprobetxa lezake entrenatzeko, edo familiarekin egoteko beti kanpoan daudelako». Aurten bertze berezitasun bat du egutegiak, zazpi hilabete barru Olinpiar Jokoak hasiko baitira Tokion. Lorenzok dio Ordiziako txapelketa jokoak baino lehen egokitzen denean, «pixka bat gehiago» zailtzen duela nazioarteko parte hartzaileen zerrenda osatzea. «Agian igerilariek etorri nahi izaten dute, baina entrenatzaileek ez diete uzten». Izan ere, prestatzaile batzuek hagitz zorrotz finkatuta izaten dute plangintza. Olinpiar Jokoetarako sailkatu berri diren bi igerilari egonen dira bihar Ordizian: Muñoz eta Vall.
Nazioen ligaren parte
Baina, zailtasunak zailtasun, Ordiziako txapelketak baditu erakargarri izateko bermeak. Nazioarteko onespena da bat, LEN Europako Nazioen Ligako egutegiko lehiaketa bat baita. «Beste prestigio bat ematen dio», azaldu du Lorenzok. «Denborak markatuta daude, gutxieneko batzuk ezarrita daude exijentzia maila handiago bat izateko, eta igerilariek badakite txapelketa garrantzitsu bat dela, ez dela babesik ez duen txapelketa bat».
Bertze berme bat, berriz, hain zuzen txiki izateak ematen dio Ordiziari. «Txiki izateak giroa ematen dio txapelketari. Kanpotik etortzen direnek hori izaten dute gustuko», Gonzalezen iritziz. Bat dator Lorenzo: «Espazio txikia da, eta denak oso babestuta sentitzen dira. Horrek igeri egiteko garaian laguntzen du».
Txikitasunetik nazioartera
Bihar jokatuko dute Gabonetako Nazioarteko Igeriketa Txapelketaren 37. ekitaldia, Ordiziako Majori kiroldegian. Bertze urte batez atzerriko goi mailako igerilariak lehiatuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu