Aymeric Laporte mutil lasaia da. Hala ere, bere etorkizunari buruzko galderak eginez gero, urduritu egiten da. Ez da eroso sentitzen. Munduko talderik onenen agendan egoteak daukan prezioa da hori. Hazten jarraitzen badu, ez du asko iraungo Athleticen.
Vila-realekin hutsean berdindu ostean, galdu egin al dituzue Txapeldunen Ligarako sailkatzeko aukera guztiak?
Ez. Ez dugu ezer galdu. Ia bigarren itzuli guztia daukagu egoerari buelta emateko. Gaitza da talde on bati hamar puntu kentzea, baina ez dugu amore emango.
Langa goian jarri duzue. Ligan laugarren postua duzue xede, eta Europa liga irabaztearekin egiten duzue amets. Handia da apustua.
Apustu latza egin dugu, bai. Talde indartsua gara, eta anbizioa daukagu. Lehiakorrak gara, eta konfiantza daukagu geure jokoan. Oinarri sendoa daukagu. Beraz, gogor egingo dugu borroka gura duguna lortzeko.
Edozein talderi aurre egiteko kapaz zaretela uste duzue?
Talde guztiei ez dakit… Baina, egun, ondo ari gara jokatzen. Garai gozoan gaude. Kontrario guztien aurka lehiatzen ari gara.
Athleticeko azken belaunaldiek ez dute ezagutu horrenbeste anbizio duen talderik, zuen mezua ausarta baita oso. Kontua da azken hamarkadetan zuhurtzia handia izan dutela klubean erronkak jartzeko orduan. Zer aldatu da?
Denboraldion, titulu bat irabazi dugu goi mailako aurkari baten kontra lehiatuta. Horrek indarra eman digu. Nik uste dut kapaz garela jarritako erronkei aurre egiteko.
Eta kale eginez gero, zer? Beldurrik badiozue porrotari?
Argi daukagu oso gaitza dela ditugun helburuak betetzea. Dena dela, gure esku dagoen guztia eginez gero, ez dut uste inork ezer aurpegiratuko digunik.
Aurkarien maila aintzat hartuta, otsaila izan daiteke Athleticek denboraldi honetan daukan hilabeterik gogorrena. Hil erabakigarria izango dela uste duzu?
Bai. Europa ligan Olympique Marseilla gainditu beharko dugu bizirik jarraitu ahal izateko. Eta ligan ahalik eta puntu gehien irabazten ahaleginduko gara. Ez dago besterik.
Etzi, Real Madrilen kontra jokatuko duzue. Athleticek ez du punturik irabazi Santiago Bernabeura egin dituen azken hamar bisitetan. Zein aukera daukazue zelai horretatik esku-hutsik ez bueltatzeko?
Ez dakit ehunetik zenbateko aukera dugun, baina irabazteko helburuarekin zelairatuko gara gu. Lehiatzeko prest gaude. Real Madrilek ez zuen joko ona egin azken partidan, baina, hala ere, irabazi egin zuen. Gu, berriz, ondo ari gara etxean zein kanpoan. Norgehiagoka oso bizia izango da.
Ez da erraza izango Bernabeun jokatu aurreko astea, ezta? Goi mailako aurkaria, zelai garrantzitsura bisita, aurrekariak txarrak… Gogorra al da astea?
Badakigu zer dagoen. Munduko talderik onentsuenaren kontra lehiatu behar dugula pentsatzen dugu, beste barik. Baina gureari begiratzen diogu. Badakigu zer egiteko kapaz garen, eta ez daukagu amore emateko asmorik.
Real Madrili irabaztea Bartzelona garaitzea baino samurragoa al da egun?
Ez dakit.
Zinedine Zidanek taldearen ardura hartu zuenetik gora egin dutela dirudi. Gutxienez, gusturago daudela ematen du. Pozik. Frantziarrak zaretenontzat zer da Zidane?
Errespetu handia diogu. Munduko Kopa irabazi zuen Frantziako selekzioarekin. Frantziarrontzat eredua da.
Asteon, Real Madrilen kontra neurtuko dituzue indarrak, eta Realaren kontra, berriz, datorren astean. Aukeratu behar izanez gero, zein partida irabaztea gustatuko litzaizuke?
Berdin zait. Bi partidetan hiru puntu egongo dira jokoan. Nik irabazi egin gura dut.
Idolorik izan duzu?
Bai. Bat baino gehiago. Nagusia, Pauleta [Pedro Miguel Carreiro Resendes Pauleta].
Aurrelari ohi portugaldarra?
Bai. Gol pila bat sartu zituen Bordeleko Girondinseko jokalaria zenean. Oso gustuko nuen aurrelaria zen. Pauleta eta Silvayn Wiltord ziren nire idoloak.
Argi dago, beraz, Athleticera etorri aurretik zein taldetakoa zinen.
Bai. Girondinsen jarraitzailea nintzen.
Nola hasi zinen futbolean jokatzen?
Gure aita errugbian jokatzen hasi zen, eta, ondoren, futbolera pasatu zen. Amak, berriz, oso gustuko du futbola. Etxekoengandik datorkit zaletasuna. Lau urte nituenetik baloi bat izan dut inguruan. Kontua da orduan ezin zela talde batean izena eman sei urte bete arte. Bost urte eta erdirekin utzi zidaten jokatzen azkenean.
Eta nola ailegatu zen Athletic zure bizitzara?
Akitaniako selekzioarekin Bizkaiaren kontra jokatu nuen lagunarteko batean ikusi ninduten lehen aldiz. Torneo batean Athleticekin jokatzeko gonbidapena jaso nuen. Txukun aritu nintzen, eta fitxatu egin ninduten.
Beste talde batzuen eskaintzak jaso al zenituen?
Olympique Marseillan eta Tolosan sarrera probak egiten aritu nintzen. Maila ona nuela esan zidaten batean eta bestean, baina taldeak beteak zituztela. Aitzakia asko jarri zizkidaten, eta ez ninduten fitxatu. Bestalde, zenbait partida jokatu nuen Girondinsen elastikoarekin. Hain justu, Athleticen eskaintza jaso nuenean eman zuen pauso bat aurrera Bordeleko klubak, eta eurekin eraman gura izan ninduten. Baina, ordurako, talde zuri-gorriaren aldeko apustua egina nuen.
Gorengo mailako futbolari askok postu batean hasi zuten kirol ibilbidea, eta beste batean arituta egin dira ezagun. Zuk beti jokatu duzu erdiko atzelari gisa?
Ez! Aurrelari postuan jokatzen nuen nik hasieran. Gero, euskarri lanetan jarri ninduten, eta, azkenik, zentral gisa. Apurka-apurka atzerantz bidali ninduten.
Gol asko sartzen zenituen?
Bada, bai. Jokatzen nituen ia txapelketa guztietan golegile nagusia izaten nintzen. Orduko garaikur pila bat dut etxean. Hala ere, ezin naiz kexatu izan dudan bilakaerarekin.
Anbizio handiko futbolaria zara. Zein helburu dituzu futbolean?
Ahal dudan guztia egitea: txapelketak irabaztea, markak ontzea, luzaroan onenekin lehiatzea… Finean, edozein kirolarik dituen xede berberak ditut nik ere.
Jokalari azkarra zara, ezker oin fina daukazu, goiko jokoan ondo moldatzen zara… Dohain ikaragarriak dituzu, baina, aditu askorentzat, arrisku handiak hartzen dituzu defentsan.
Nire jokoak hori dauka. Nire nortasunarekin bat datoz hartzen ditudan arrisku guztiak. Taldearentzat onenak diren erabakiak hartzen saiatzen naiz, eta sekula ez naiz ahalegintzen jokaldia loratzen. Ez dugu izaten pentsatzeko denbora handirik.
Argi daukazu zein taldetan jokatuko duzun hurrengo sasoian?
Nekatuta nago galdera hori erantzuten. Elkarrizketa guztietan galdera berbera egiten didazue. Egun, Athleticen nago, eta buru-belarri ari naiz pentsatzen ditugun helburuetan. Denboraldia ondo amaitzea da daukadan buruko min bakarra.
Bistan da ez zarela eroso sentitzen zure etorkizunari buruzko galderekin. Hala ere, ikaragarria izan behar du norberaren izena Manchester City, Bartzelona, Bayern Munich edo Real Madrili lotuta agertzeak, ezta? Nola ari zara bizitzen egoera?
Pozgarria da. Gauzak ondo egiten ari naizela erakusten du. Lehen esan didazu batzuek ez dituztela gustuko hartzen ditudan arriskuak, baina, akaso, beste askori ez zaie horren txarto irudituko. Notizia onak dira, baina nire egunerokoan ez dute eraginik. Ni gustura nago, eta berdin jarraitu behar dut.
Komunikabideok horren harira egiten dizkizugun galderak, alor hori al da munduko talderik indartsuenen arreta pizteak duen gauzarik txarrena?
Bai; duda barik. Hori da txarrena. Horregatik, zuekin egiten ari naizen elkarrizketa izango da denboraldia amaitu bitartean egingo dudan azkenetako bat. Azkena ez bada. Azken egunotan egin ditudan bi elkarrizketetan nik esan ez ditudan gauzak aipatu dituzte. Gezurretan aritu dira. Horren ondorioz gauzak argitu beharrean egon naiz. Ez da erosoa.
Selekzioaren kontua ere zeresana ematen ari da. Frantziako 21 urtez azpiko selekzioan jokatzen ari zara egun. Badaukazu itxaropenik Kurt Zouma Chelseako jokalariaren lesio larriak aterik zabalduko ote dizun zuen herrialdean jokatuko den Eurokoparako?
Ez dakit zer gertatuko den, baina ni ez naiz pozten inoren lesioarekin. Joanez gero, merezi dudalako izan beharko luke, eta ez beste futbolari baten lesioagatik.
Zein da zuretzat munduan dagoen erdiko atzelaririk onena?
Sergio Ramos.
Eta jokalaririk onena?
Leo Messi.
Eta zein entrenatzaile aukeratuko zenuke zure talderako?
Gurea ez da txarra! Onenen artean dago.
Zer eman dizu Ernesto Valverdek azken urte hauetan?
Jarraitutasuna, konfiantza, lasaitasuna eta askatasuna. Bestalde, arlo taktikoan asko aurreratu dut. Era berean, pertsona ona da. Gauza guztiak hitz egiten ditu jokalariarekin. Oso entrenatzaile ona da.
Aymeric Laporte. Athleticeko jokalaria
«Txikitako golegile onenaren sari asko dauzkat etxean»
Aurrelari gisa hasi zen jokatzen, eta guztiek gura duten atzelaria da egun. BERRIArena sasoiko azken elkarrizketa izan daitekeela argitu du. «Gezur asko jarri dituzte nire ahotan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu