Gauza asko gertatu zaizkit denbora gutxian: Elxetik azkar itzuli behar izan nuen Athleticera; gero, jokatzen hasi nintzen; jarraian, aulkian egon nintzen; eta, azkenik, aurten, berriro ari naiz jokatzen. Futbolean aukerak baliatu behar dira. Oso azkar doa dena». Unai Simonen (Murgia, Araba, 1997) kirol bizitzak abiadura handia hartu du azken urtebetean. Dohain oneko etorkizuneko atezaina zen lehen, eta Athleticeko aterako lehen aukera da orain. Klubak eta jokalariak berak uste baino askoz lehenago pasatu da trena. Ametsa egia bihurtzen ari da.
Baina horrenbeste gauza onen artean zailtasunak ere egon dira. Gorengo mailan dagoenetik, egoera ezerosoei aurre egin behar izan die. Bi aldiz galdu du entrenatzaileen konfiantza. Eduardo Berizzo izan zen Lehen Mailan debuta egiteko aukera eman zion entrenatzailea. Baita pisu handiko argudio barik Iago Herrerinen mesedetan aulkira bidali zuena ere. Taldearen kirol egoera gaitza aipatu zen entrenatzaile argentinarraren erabakia argudiatzeko. Bigarren kolpea 21 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin hartu zuen. Europako Txapelketa hasierako hamaikakoan hasi zuen, baina bigarren partidarako aulkira bidali zuten. Atezain gazte baten oraina zein etorkizuna baldintza dezaketen erabakiak dira.
Simonek Gianluigi Buffon du ispilu eta eredu. Bada, nahitaez gainditu beharko ditu oztopoak, atezain italiarrak Juventusen utzitako arrastoa Athleticen laga nahi badu. Arabarrak nahiago izango zuen bidean kolpe gutxiago jasotzea, baina ez diote bere jokoari kalte egin. Akaso, buruz gogorragoa izaten lagundu dio. Itzalean egindako lanak saria izan du, eta aurreko sasoian galdutako lekua berreskuratu du. Aprobetxatzen ari da eman dioten bigarren aukera. Athletic defentsan sendo ari da, eta, berari agertzea egokitu zaionean, oso ondo erantzun du. Bi gol baino ez ditu jaso jokatu dituen sei partidatan —aulkian izan zen Leganesen aurka—. «Zelaian sentipen onak ditut.Gol gutxi jasotzeak laguntzendu, noski. Sasoi hasiera ona izan da».
Atezain batek jokoaren arlo guztiak menperatu behar ditu. Taldearen erasoko lehen jokalaria da, eta defentsako azkena. Baina, batez ere, atea ondo zaintzeko eskatzen zaio. Bada, lan hori zuzen egiteko gai dela ari da erakusten. Handia da, eta, ondorioz, besoak zabaltzen dituenean txikiagotu egiten du atea. Aurkariek ez dute zulorik topatzen. Kokapen ona dauka, eta, horri esker, erraz egiten du gaitza dena. Jaurtiketa zitalak gelditzeko kapaz da, Valentziaren zein Bartzelonaren kontra erakutsi zuen moduan. Bestalde, goiko jokoan ere ondo moldatzen da. Bere altuera baliatzen du irteera egokiak egin eta taldeari segurtasuna emateko. Finean, iaioa da atepean.
Zalantzak uxatu nahian
Dohain onak ditu, eta denbora gutxian taldeari puntuak eman diezazkioke. Baina zer hobetua ere badauka. Egunerako lanak eta eskarmentuak arlo guztietan hazteko aukera emango diote, baina arreta berezia jarri beharko dio oinetako jokoari.
Egun, oso garrantzitsua da. Entrenatzaile guztiek eskatzen dute lehen pasea zuzen eta egoki emateko gai den atezain bat. Baloia gelditzeko eskuak jartzeko teknika, atepean azkar mugitzeko gaitasuna eta goiko jokoa lantzeko ariketen pareko garrantzia dauka lan saioetan baloia ondo ateratzeak. Atezainaren pase on batek gauza asko errazten dizkio taldeari. Arlo horretan gabeziak izateak zailtasunak eragin ditzake. Bada, baloia oinetan duenean ez dabil fin Simon. Konfiantza barik ikusten zaio, eta akats dezente egin ditu. Aspaldi daki berak alor horretan baduela zer hobetu. Baina ez du erotu gura. Ez du nahi San Mames etengabe oineko jokoari begira egotea eta asmatzen ez duenean zurrumurrua hastea. Hortaz, oinetako lana egiteaz gain, jokoaren beste arlo batzuetan dituen gabeziak zuzentzeko ere lanean ari da. «Oineko jokoan hobetu egin behar dut. Joko zuzena egiten dugu, eta pase zehatzak eman behar dira. Beste arlo batzuetan bezala, oineko jokoan ere hobetu dezaket».
Oineko jokoa hobetzen ari da, baina oinak lurrean dituela. Arlo profesionalean goiz lortu du arrakasta. Ondorioz, lehen baino ezagunagoa da. Gainerakoan, bere bizitzan ez da ezer aldatu. «Nire bizitza lehengo bera da: lagun berberak ditut, inguru bera... antzeko bizitza egiten dut».
Txikiagoa egin du atea
Unai Simon atezain osoa dela ari da erakusten. Athleticen lehen taldearen atea bere egin nahi du, hori egiteko eman dioten bigarren aukeran. Oineko jokoa da haren gabezia nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu